garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Maniaz harago

2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun

Hemen inguruan nahiz atzerrian, noranahi noala ere, iritsi bezain laster egin nahi izaten dudan gauza, kafesne bat hartzea izaten da. Berdintsu zait gosaltzeko, bazkaltzeko, afaltzeko edo mozkortzeko tenorea den; berdin zait zertara heldu naizen edo norekin heldu naizen; ostatu, kafetegi edo okindegi eraldatu horietariko bat begiz jo eta hango barran izango nauzue tente, zerbitzariaren urratsei jarraika, nire mania ekidinezin horrek ez baitu ordutegi zehatzik, ez komenigarritasunaren gaineko debekurik ere. Batzuk futbol klubak eta joko-zelaien izenak zerrendatzeko gauza diren bezala, kafesneen mapa egin nezake nik buruz. Badakit non egon litekeen zer. Badakit nongoak diren bikainak, onak eta pasa modukoak, eta nongoak, ahora berriz eramango ez nituzkeenak, ezta hurrik emanda ere. Know-how osoaren jabe naiz. Halaxe deitzen omen zaio orain.

 

Hain zuzen, Bilboko enpresa handi bateko kafe makinaren aurrean otu zaizkit burutapenok. Plastikozko ontziaren ordez kartoizkoa botako didan esperantzan, eta 50eko txanpona hatzetan, denboran izoztuta bezalatsu nago, dena lardasten duten itzulpen literalegien artean zein hautatu eta sakatu ez dakidala. Bat, cortado / ebakia. Bi, cafe con leche / kafea esnearekin. Hiru, leche manchada —ai ama!—, esne orbaindua. Espainiako Berdintasun Ministerioak sexu indarkeriaren aurka egin berri duen kanpaina etorri zait akordura, «beldurrarekin amaitu behar da». Alajaina. Beste hark ere «gosearekin amaitu» nahi izan zuen, Unescok antolatutako kanpainako bazkarian.

«Hemen kafeari baque» esaten zaiola dio tramankulu honen hornitzaileak uhinetako iragarkietan, baina nireak ez du inoiz egoera edo aldarte horren antzik izan. Nirea, ortografia gorabeherak gorabehera, bakearen antitesia da. Hasteko eta behin, ernatzeko aldarria egiten dit, ez patxadan jartzekoa. Supizgarri zait, gasolina autoari bezala, eta utziz gero, tentaldiari aurre egiteko ahulegi banabil, nire mania honen sorburura eramaten nau, gerra eta ezulertua besterik ez zegoen eszenatokira. Gozokirik emango ez badiot ere, makilatxoa edalontzian sartu, aparra narrastu eta edalontziaren barruan sortzen den zirimolari erreparatzearekin bat dator denbora-bidaia.

Zazpi-zortzi urte nituela dastatu nituen nire lehen kafesneak. Zehazkiago esanda, kafesne zopak izaten ziren, eta amonak jartzen zizkidan, goizez nahiz arratsez, bere etxean gaua igarotzen nuenean. Amonarekin batera mahaian kafe-lagun izan nituenak, garai hartan bi osaba, urte gutxiren buruan hil ziren, bat tiroka, guardia zibilen esku, eta bigarrena jarraian, bere buruaz beste eginda. Amonak, berriz, kafesnea hartzen jarraitu behar izan zuen luzaz, justuki 93 urte nekagarri osorik bete zituen arte, bere bihotzak hura eta gero planto egin nahi izan bazuen ere. Eskaera bat xuxurlatu zidan hil hurre zela: «Sar nazazue edozein zulotan, ez nazazue haiekin lurpera». Baina nori axola zaizkio jada kontu horiek. Nori axola zaizkio hildakoak, politikoki zuzenak ez direnean.

Garai hartako kafea ez zen, beraz, bakea. Izatekotan bake erdi, eltzean jarritako kafe eta txikoria proportzioa kontuan hartuta. Eta esnea ere ez zen gaur esne deitzen dugun hori. Ez zen hain zuria, homogeneoa, uperizatua, pasteurizatua, tetrabrikatua, botilatua, erdi-gaingabetua, bitaminatua, laktosarik gabea edo kaltzioduna, eta are gutxiago «jasangarria» edo «produkzio arduratsuko esnea» —berriz ere literalegi—, aldameneko baserrikoa baizik.

Harritzen naute hitzek. Nardatzen nau hegemonikoa bezain literala izan beharrak. Garenarena baino, ez garenaren froga da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.