Albistea entzun

ARKUPEAN

Zerotik hastea

Ana Malagon -

2021eko abenduak 31

Historiaren dibulgazio lanetan ibiltzen den Mikel Herrán putomikel ezizeneko youtuberrari irakurri nion erromatarrek, beleek ez bezala, ez zutela zeroaren kontzeptua ulertzen. Beleena pasada bat da, bai, baina ni erromatarren ezin ulertuarekin gelditu nintzen. Ordura arte ez nintzen ohartu mundu klasikoan zeroa existitzen ez zenik. «Noski ez dela existitzen, ez dago zerorik erromatarren zenbaki sisteman, badakizu hori» esango didazu, eta noski badakidala, baina agerikoa jakitea gauza bat da eta agerikoaz ohartzea, beste bat.

Garai batean, ezer eza ez zen ezer izan gizakiontzat. Zeroarena leku desberdinetan modu gutxi gorabehera independentean garatutako ideia bat izan omen zen (Mesopotamian, Amerikan, Indian...), V. mendera arte zabaldu ez zena. XII. mendean heldu zen Europara. Zeroaren ideia honetara heltzeko, mendeetan zehar beste edozein zenbakik eskatzen ez zuen abstrakzio maila garatu behar izan genuen, begiak itxi eta fuerte-fuerte pentsatuz. Abstrakziorako gaitasun honek bestelako animaliengandik desberdintzen gintuela uste nuen, baina oker nenbilen, antza denez animaliak abstraktuki pentsatzeko gai dira, eta beleek zeroa zer den ulertzen dute, baina erromatarrek ez. Ez dut bele erromatarren daturik.

Beraz, ezer eza ez da, Jean-Paul Sartrek zioen bezala, giza existentziari zor zaion zerbait. Mende batzuk igaro dira, eta ez dakit gizakiok zeroaren ideia erabat barneratu ote dugun inoiz. Bakarrik gaudenean ere beti gaudelako gu. Zerbait falta zaigunean, beti dago gurea ere baden beste hori guztia. Zerbaitek alde egiten digunean, gu gelditzen gara. Gure bizitzan sentitzen ditugun bakardadeak nahiko jendetsuak izan ohi dira. Gure basamortuak, leku anitzen postalak. Eta gure hutsuneak, hutsaren hurrengoak. Memoria dugu, gure akatsak behin eta berriz errepikatzen baditugu ere. Animalia zaurituen traumak, nahiago ez genukeen konpainia egiten. Zaila da oroitzapenak etxetik botatzea, gonbidatuak izan gabe agertzen direnean batez ere. Inoiz ez gara zero. Inoiz ez gara zerotik hasten, are gutxiago zerotik hasi nahiko genukeela esaten dugunean. Zerotik hasi nahi dugunean pisatzen digu motxilak gehien.

Ez dut benetan eta ezertan zerotik hasi den inoren meritokrazia ezagutzen. Zero azpitik izan denik egongo da, zeroaren gainetik izan zenaren isla, hotzak akabatzen. Baina zeroan, inor ez. Zeroa abstraktuegia da, eta gu erromatarregiak akaso. Dena erre ostean errautsez zikinak ditugu eskuak. (Ia) edozein gauza barkatu dezakegu, baina aurreiritzia hor geldituko da betiko. Gure lan berriko kafe makinan gaudela hamaika aldiz entzun dugun iruzkin iraingarri hori berriz entzutean (broma bat da, broma bat da beti), estreinatu dugun etxean ere goiko bizilagunak telebistaren bolumena kontrolik gabe igotzen duenean, hiriz aldatu eta inoiz zeharkatutako kale batean déjà vu bat dugunean edo gure bikote berriak gure aurreko bikote bakoitzak erabiltzen zituen hitz solte berberak erabiliz esaldiak osatzen dituela konturatzen garenean.

Ezagutzen dugunaren deserosotasunetik egiten ditugu aukerak. Eta gure maletan jarri dugun etiketaren arabera jasotzen gaituzte gu ere aireportuan. Askotan esan nahi eta esan behar izan dugu «jadanik ez naiz hori», «jadanik ez dut hori egiten», ez dugulako hori izaten eta hori egiten jarraitu nahi. Gure berrasmatzeak, ustezko zeroak, guretzat dira bakarrik. Besteen aurrean ez gara hainbeste (batere?) aldatzen. Erromatar continuum bat dira bizitza gehienak, nahiko koherenteak beraien barne logika zentzugabean.

Pandemia honek ez du sentipen hau areagotu besterik egin. 2021eko urte berria ez zitzaigun batere berria suertatu, eta 2022ak puntu eta aparte itxura izan dezake, bainan perpaus subordinatu amaigabe bat izango delakoan nago. Palermoko gattopardismotik gertuago, beleen zeroak irudikatzeko gaitasunetik baino. 2022an dena aldatuko dela ematen du, guztiak berdin jarrai dezan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...