garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Ofiziotan

2022ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Princesse delako zakur eme baten lagun egin da gurea. Zakur zaharra da hura, ez gurea, eta zakur zaharra zentzurik zabalenean dela esan behar, motel eta gogogabe ibiltzeaz gainera, asko dakienaren begirada mesfidatiaz zulatzen bainau, gure alabek dioten gisan, eye-contact egiten dugun bakoitzean. Nahikoa lan izaten du gaixoak, tiroidearen gaitzak sortzen dizkion kalteak eramaten; hala nola gorputzeko ilearen galera, larruaren gorritzea, hazkura, batek daki zenbat botika hartu beharra eta gainerakoak. Eta nahikoa lan, bestalde, gure zakur gaztearen diosal beroegiari eusten, bizi-bizi joaten baitzaio, zaldi eroa balitz bezala, baina poza ematen du adinaz futitzen den adiskidantzak, abereen artekoa bada ere. Zakurrak ez omen dira humanizatu behar. Ba ote liteke, gizakiarena ez den bizimolderik ulertzen eta errespetatzen ez dugunean?

Haur txikien guraso prestu izatea atzean utzita geneukalakoan nengoen, baina horra zer den ironia, eskola ondoko parkean gertatzen zitzaigun bezalatsu, alboan egokitu den helduarekin sozializatzera behartuta gaude berriz ere, lau hankatan dabiltzan gure umeokin atera, beste umeren bat aurkitu eta jolasean ari diren bitartean. Zaintzaren baitako arduretan sartu beharrekoa hori ere. Princesseren aita, mende erdia ondo pasea duen tipo katxarroa, serio eta kopetilun agertu izan zaigu goizero, harik eta, halako batean, elkarren alboan sarri egokitzearen poderioz, aurpegiko giharrak laxatu eta hizketarako konfiantza hartu duen arte. Orain berriketalditxoa egin behar izaten dugu beti; gehienetan eguraldiaz, gure zakurren apetez edo zaintzaz eta beste hainbat azalkeriaz. Kontu pertsonalagorik nekez, elkarren ezagun izan garen urte eta erdian.

Atzo aurpegiko giharrak tenkatu zizkidan berriro. Gure zakurrek estreinakoz topo egin zutenean bezala, tente eta kopetilun gelditu zen nigandik metro gutxira. 60ra iritsi gabea eta erretretan zegoela esan zidanean, nik ere gustura hartuko nukeela esan niolako, antza. Diruagatik ote zen bururatu zitzaidan lehendabizi: hileko ordainsaria nahi baino miserableagoa gelditu ote zaion, eta horren arabera, nik inbidia aipatzean, harpa jotzen ari nintzaiola sentitu ote zuen. Besterik ere etorri zitzaidan gogora. Esaterako, gaitz sendaezinen batek jota utzi behar izan ote zuen lana, nahiz eta gaixo itxurarik ez izan, eta hor ere, inbidiak tokiz kanpo. Batere ezkutatu ez nuen harridurak zer pentsa emango zion inondik ere, pare bat minutu ezerosoren ostean, keinua apurtxo bat bigundu, zintzurra eztulaz garbitu eta azalpena eman baitzidan.

Ez. Berak ez omen zuen erretreta hartu nahi. Gogotsu aritu omen zen beti, inoiz bajarik hartu gabe, ezinik ezertan erakutsi gabe, ezta «misioan» luzaz kanpora bidaltzen zutenean ere. Asko omen zeukan eskaintzeko oraindik, sasoi bete-betean dagoelako, ez bederen, bere lanaren ibilbideari amaiera emateko. Baina 55 urte bete orduko, to. Etxeko bidea hartzera behartu. Haren pena entzunda, burura etorri zitzaizkidan topiko gehienak bota nizkion herrestan, orain gogoak emandako guztia egin ahal izango duzu, eta iratzargailua utikan bota, eta zakurrarekin noiznahi mendira edo oporretara joan eta hau eta hura; bereziki bere ahots tonua dardaratu eta ni naizen emakume dramatikoak depresio zantzuak sumatu zizkiola pentsatuz geroztik. «Baina ez da gauza bera» erantzuten zidan behin eta berriz.

Topikoak amaitu aurreko azken isilunean, bere bizitza osoko ofizioa izandakoaren berri eman zidan. Sekula ez nukeen pentsatuko Frantziar armadako militar, jendarme eta kolono batek halako errukia eragingo zidanik, lan egitea eragotzi izanagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.