garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Emakume ezpalak

2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Zakurra zaharrez hil zitzaionetik topatu ez dudan emakume batek, dei diezaiogun Marta, harrituta utzi ninduen orain ez aspaldi. Gizarte-gaitzen harira ari ginen kalakan, erdizka serio, erdizka umore merkean, eta emakumeak alaba hartu zuen hizpide, haren gorabeherak aletzeko. Esan zidan alaba bezalakorik ez dagoela munduan, on puska dela, eskuzabala eta bihotz onekoa salbuespenak salbuespen, ez ote dira alaba guztiak parerik gabeak amaren begietara?; aldiz, hiru urtez bikotekide izan duena, besteren lepotik bizi ohi den gizasemea, egozentriko hutsa dela, planta onekoa baina kolpe zorrik jotzen ez duen horietarikoa, eta diru eskean etorri zitzaiola lotsagabe hori, eta «alaba gaixoa», astapistola horren erruz ikasteari utzi eta lan miserable batean ari delako alokairua ordaintzeko, eta «mesedez ez iezaiozu inori konta», eta «ene, entzungo balit, akabatuko ninduke». Zenbat topiko eta zenbat karikatura zortzi minutu eskasean, neure artean.

Gero aipatu zidan gigoloaren gisan deskribatutako tipo petral gibel-handia ez zela bere kezka nagusienen iturria, ezta bikotearen harreman desorekatua erehonezkero ez ote den amaitzen ari, alabaren janzkera baizik. Esan zidan hemen denok garela libre gogoak ematen digun bezala joateko, eta zein ote den bera inor soinean daramanagatik epaitzeko, eta 21garren mendeko emakumea dela, jakina, horrek esan nahi duena zernahi dela ere, «baina, aizu», jada kopeta belztuta eta ahots doinua gogortuta, «gure alabak ez du askea ematen. Gure alabak puta ematen du, puta ematen duenez, gona motz horiekin, eta beldur naiz ez ote duten egunen batean ezustean harrapatuko eta bortxatuko».

Eztabaida politikoetan baino gehiago, halako berriketa hutsal nasaietan antzematen zaio jendeari zer egurreko ezpala den, eta gutxitan izan dut zalantzarik, intelektualki bederen, egoera nahiz pertsona etiketatzeko emakume sasi-feminista, umorez estali nahi den matxismo kamuflatuan, kasu honetan eta neure burua horren gainetik jartzeko; nire harroan, feministago, jatorrago eta estereotipoez harago sentitzen bainaiz baiki beti.

Herenegun alaba zaharrenak hots egin zuen Parisetik, hango unibertsitate batera joana da ikastera. Sarri deitzen du, dena esate alde. Kontu asko izaten ditu, ikasten ari denaz, bizimodu berriaz eta bestez, baina herenegun aitortutakoa ez da erraz ahanztekoa. Paseoan ateratzeko asmorik ez omen du inoiz izaten, bere auzoan ezin omen delako bakarrik ibili edo bankuren batean eserita besterik gabe egonean egon, are gutxiago arratsaldeko seietatik aurrera. Ilundu duelarik, unibertsitatetik etxerako metro-linea zuzena hartzen duen aldiko ere beldurtuta amaitzen omen du. Azaldu zigun, bezperan, hiru tipoz osaturiko multzo batek izterretara begiratzen ziola, lotsagabeki seinalatuz eta keinu eginez, eta geltoki batzuk lehenago, berriz, gizon lizun batek gerritik heldu zuela jende mordoa aprobetxatuz. Albait azkarren jaitsi eta hurrengo metroa hartu beste erremediorik ez omen zuen izan.

Zer egurreko ezpala naizen orduantxe deskubritu nuen neronek ere. Ez dakit zer esan ote nion nik atzera. Beharbada, halako zokor-mazoei aurre egin behar zaiela, eta berriz gerritik helduz gero ukondoko bat emateko edo tipoari koskorrak harrapatzeko eta estutzeko, egoera bizi izan duenarentzat batere graziarik ez duen tonuan. Baina badakit une horretan zer bururatu zitzaidan lehendabizikoz («gona motza jantzita ote zihoan?») eta zer erregutu nuen nire kolkorako: «Utikan Paris, zatoz etxera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.