mikel elorza
ARKUPEAN

Fosil bat gara

2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Zer gara gu, nor gara gu? Euzkotarrak gara gu. Bai horixe! Duela 2.000 urte Nafarroako —Nafarroako, bai, artean izen horrekin existitzen ez bazen ere, esentzia hor zegoen— gure arbaso batzuk oraingo argotean euskararen prekuela deituko geniokeen hizkuntza batean etxe atariak apaintzen zebiltzan. Bostekoa eskainiz, zorioneko. Jantzank hori!! Duela 2.000 urte, baskoiak.

Eta hori oraindik barneratzen ari garela, jakin dugu zenbait urte lehenago Zestoako kobazulo batean topatutako hezurño bat, duela 17.000 urtekoa, zakur batena dela. Ez otso ez antzekorik, zakurra baizik. Europan oraingoz aurkitu den zakur hezur zaharrena. Paleolitoko baskonikoaren arrastorik izan gabe, batere harritu ez Txistu izena edukitzea besahezur horren jabeak.

(Kolonen askazia topatzeko espainolak darabilten grina obsesibo horretan —oraintxe Galiziako jauntxo batzuen hezurretako DNA ari dira aztertzen— azkenean konkistadorea, ez dakit hau humanistetakoa zen, Bozate inguruko agota izatea besterik ez zaigu falta).

Euskaldun guztiek filologo bat daramagula barruan maiz esan izan dugu (eta aste honetan berretsi zenbaitek zehazki paleofilologoa daukala), baina nik uste horrekin batera arkeologo bat ere badaramagula. Guztiok daukagu sen hori lurrak harrotu eta leizezuloetako hormak miatzekoa gure misterioa Erdi Aroko gaztelu batekin hasi eta denboraren handitasunean liluragarriagotzen joango den esperantzan.Aztarnategiak bizi gaitu. Gure sortzaile hunkigarristak ez dira oraindik konturatu, baina funtsean fosil bat gara!

Karikaturak alde batera—karikatura arte handia da gero, ez pentsa txantxan nabilenik—, albiste pozgarria da Irulegikoa. Karga sinbolikoa du non topatu den, edukiak ere, eta objektuaren aurkikuntza aurkikuntza handia da. Harro egon dadila nahi duena, futitu nahi duena, eta egin ditzagun idunekoak, tixertak eta zernahi, meme adar-jotzaile eta ikonoklastak barne. Gauza serioetarako hor daukagu Mundiala.

Eta eman dezagula iritzia, dakitenek erabakitzen duten bitartean. Dakitenek erabaki dezatela, ados —ofizialista naiz oro har—, baina jakintzaren monopolizaziorik gabe, arren. Badakigu sasi asko hazten dela halako belazeetan, eta oso temosoak batzuk, baina bakarren batek masustarik eskain dezake.

Aste honetan, beraz, Irulegiko aldaba jo behar dugu. Baina ahaztu barik antzinara begiratzeak ez gaituela aitzinera begiratzetik kendu behar. Orain hogei mendekoa euskara zen edo ez eztabaidatzeaz bat, lan egin dezagun bi mende barruko eztabaidak ere euskaraz izan daitezen, eta euskara egon dadin presente Irulegin, eta Ahetzen eta Legorretan eta Muskizen. Eta ez ateetako zintzilikarioetan, edo zapatak garbitzeko ate aurreko ongietorrietan. Azken neurketa datuen arabera norabide hori hartu baitugu, altxor handia edukitzekoa. Ez erabiltzekoa.

Bi mende barru jarri dut, eta ez hogei mende barru, zeren eta planetak hartua duen abiadarekin, ordurako aztarnategiak eta hezur zaharrak bakarrik geldituko direla dirudi, nork aztertu edukiko ez dutenak. Klimaren inguruko goi bilera amaitu berri etsigarria da emaitza. Kaltetuenei lagunduko dietela kaltetzaileenek, hori erabaki da, baina ez kaltetzeari galga jartzea. Tamalez, honetan (ere) ez diete dakitenei kasu egiten.

Duela ez dakit zenbat urteko kontuekin ibili naiz gaur, denbora joan badoala lirikoki esanez bezala. Zakurraren biolinak. Denbora ez doa —esan dezatela nahi dutena astrofisikari eta filosofoek—, denbora hor dago. Gu gara goazenak. Fosilak gu izaten gara. Aste honetan izen gogoangarri bi, Ameriketakoak, joandakoak: Hebe de Bonafini, errepresioaren aurkako bizi-arkeologoa; eta Pablo Milanes, gure bizitzako soinu-bandako trobadoreetarik bat. Lurpean barik, biziengan aztarnarik utzi badute, ez gabiltza hain oker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.