elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Egurasten

2022ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Etxetik irten egin behar da kanpora. Kanpoan ibiltzeak argitasun berezi bat ematen du». Pello Lizarralde idazlearen hitzak, Beñat Sarasolarekin Literaktum-en baitan izan zuen elkarrizketan (2022-11-14). Ordurako kontatua zeukan gaztetxotan aita kamiolariarekin egindako bidaiaren bat. Etxetik irtetea uler daiteke munduan zeharreko ibilaldi gisa, edo uler daiteke, baita ere, norberaren habiatik irten eta hurbilean egindako eguraste modura. Badaude, ordea, bidaia mota gehiago ere.

Ernest Lluch kultur-etxeko sarreran Sastrak izeneko erakusketa kolektibo multidiziplinarra zeukaten jarrita Lizarraldek berak, Jose Ignacio Agorreta pintoreak, Imanol Ubeda musikariak eta Imanol Rayo zinegileak: «Erakusketa ezinezko bidaia bat da». Ezinezko bidaia izango da, baina ez zapuztua, Agorretaren irudiek iradokitzen dituzten bazter ezinezko horietan zehar. Sastraka disko-liburu formatuan ere atera dute.

Aurreko bi urteetako agorreriaren ondoren, etxetik irteteko ohiturari heldu berriro, eta topo egiten duzu zinearekin, musikarekin, pinturarekin, hitzaldiekin... eta ezustekoekin. Topatzen duzuna ez da beti loriatsua izango. Zineman, adibidez, pare bat tostoi —eta ez Bergarakoak— suertatu zitzaizkidan; haietako bat Claire Denis zuzendari frantziarraren Fuego (Avec amour et acharnement) filma, Juliette Binoche eta Vincent Lindonekin. Frantziarrak apartak dira amodiokontuak infinituraino kiribiltzen, eta oraingoan Claire Denisek jo eta pasa egin du, Juliette Binocheren pertsonaia txotxongilo bihurtzeraino.

Artean, pinturan zehazki, Carlos Sanz deskubritu dut Kursaaleko Kuboan dagoen erakusketan. Carlos Sanz (Donostia, 1943-1987) kaletik ezagutzen genuen 70-80ko hamarkadetan. Bizardun bat, gabardina luzea soinean, portafolioa eskuan… eta oinak arrastaka beti. Pintorea zela bagenekien, abokatua zela ere bai, eta gaixotasunen batek jota zegoela: erakusketan jakin dut hemofilia zuela. Eta erakusketan txundituta utzi nau bere lanak. Figurazioa abstrakzio bihurtzen du eta abstrakzioa figurazio. Muga horretan mugituz, bere erraiak, errai fisikoki eta psikikoki minduak, erakusten ditu, barruko samina isuriz. Erakusketan badaude orain arte jendaurrera sekula ateragabeko lan batzuk, marrazkiak zehazki: Francori buruzko serie bat. Carlos Sanz ezkertiarra zen, komunista.

Urteurrenetakoa ari da gertatzen 2022a: 70garrena Donostiako Zinemaldiak, 50 urte Elkar taldeak, 40 urte Euskal Irrati Telebistak… Imanol Larzabalek 75 urte beteko zituen aitzakian, disko-liburu bat argitaratu du Elkarrek, Anjel Valdesen eskutik: Imanol, kantatzen du kantuz. Antologia. On Time ekoiztetxeak, berriz, Azken kontzertua dokumentala estreinatu du. Dena osatzeko, kantariaren omenezko kontzertua egin zen Antiguako Lugaritz kultur-etxean, hilaren 12an. Joxan Goikoetxea, Txema Garces, Amaia Zubiria… eta hurrengo belaunaldiko kantariak, emakumezkoak denak: Maria Amolategi, Iosune Marin, Olatz Prat eta Olatz Salvador. Horiez gain, Telmo Trenor soinu-muntaketa berezi batekin eta Beñat Mujika bertsotan. Eskertzen da gazteek Imanolen figura kontuan hartzea.

Literatura, zinema, pintura, musika… kale egiteren bat gorabehera, osotara, gozamena. Etxetik irten eta bestelakorik ere aurkitu dut, ordea. Renferen geltokiko leihatilara hurbildu eta hitz-erdi esaterako, «¡en castellano!» agindu dit bertan dagoen neskak. Paparrean neraman ahobizi txapak salatu nau, nonbait. Suminduta itzuli naiz etxera. Hori bai, harrezkero ez zait ahazten etxetik irteterako txapa jartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.