garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Big Bang baterako planean

2023ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Errutinazko ingurutik irten naizen bakoitzean, nire mundua ere nirekin etorri da. Aldean daramat beti, bisitatuko dudan tokia zeinahi izanda ere, zakurraren ipurdiraino joango banaiz ere. Nire mundua kontzeptu zabala da. Ez naiz bizitokiaz eta hurbileneko lagunez besterik ari. Familia zuzenaz eta adiskideez harago, nire zentzumenen bat adi jarri duen jendea ere barne hartzen du; entzun, erreparatu, ukitu, usaindu edo noizbait nolabait sentitu ditudan pertsona guztiak, beraz. Lehengoak eta oraingoak. Nire garai guztietakoak.

Horietarik gehienak, demagun aspaldiko ezagunak, kasualitate hutsaren ordainak edo lehentasunen zerrendaz kanpokoak, ikusezin bihurtzen ditu eguneroko martxak. Joanak direla ematen du, galbaheak ezin izan diela eutsi. Haatik, hortxe jarraitzen dute, ezkutuan egoten dira, burmuineko tolesen batean makurtuta, edo beharbada, paisaian ondo kamuflatuta. Konparazioa egitearren, zenbat aldiz pasatzen ote garen teilatupe batetik, gure burua baino bizpahiru metro gorago balkoi zoragarri bat, armarri historiko bat edota inskripzio esanguratsu bat ere badela ohartu gabe. Bada, halaxe, nire mundua osatzen joan diren pertsonak ere hor ditut, hor nonbait, eta era berean inon ez, pindarren batek beren memoriari argia ematen dien arte.

Gehienetan ezlekutan argitzen dira, gehienetan kanpoan nabilelarik, hiri ezezagun bat eta aurpegi berriak deskubritzeko planean ospa egiten dudanean. Duela aste batzuk, Pariserako joan-etorria egin nuenean, esate baterako, Txillardegi ikusi uste izan nuen, metroko zuloan sartu eta berehala. Jende-saldoaren artetik nagusitu zen, ezagutu nueneko urteetan zerabilkien plantan, pare bat liburu besapean eta hiruzpalau jarraitzaile inguruan zituela. Epaile temoso baten ebazpena gogoan, boteretsuek euskararen aurkako gurutzadan tai gabe jarraitzen dutela esango niokeen; langile baten eskubide urraketaren aitzakian, gure munduaren ukapen sistematikoa inposatu zuela legearen mailuaz, lehenagotik beste epaile askok egin moduan; eta ikaragarri sumatzen dudala bere falta, egunero etortzen zaidala akordura, eskas ditugula bere gisako erreferenteak. Horiek denak esango nizkiokeen Parisko metroan zebilen Txillardegi presatu hari. Baina ezin izan nuen. Ohartzerako, baldosa zuriz forraturiko pasilloen labirintoan galdu nion arrastoa.

La Defense-ra eraman ninduten gero, gure gainetik daudenen estetika futurista mirets nezan-edo. Han, Starbucks kafetegira joan nahi ez eta tiraka sarrarazi zuten ume batek, gure haurtzaroko paisaiaren parte izandako emakume samur eta apal bat ekarrarazi zidan gogora. Ardandegi batean egiten zuen lan, gure bizilekutik hurre. Ehunka zahato, botila eta garrafoi beteko zituen merke-zurrean produzituriko ardoaz, eta batek dakit zenbat baso-erdi aterako, goiz-goizetik hasita, barra bihurturiko erakusmahaian tente geratzen ziren gizasemeei. Ardandegi paretik igarotzean ikusiz gero, maitekiro agurtzen gintuen, beti eta salbuespenik gabe, harik eta egun buruzuri batean bere buruaz beste egitea erabaki zuen arte.

Parisetik itzuli berritan, telebistari begira jarri eta, hara non, La Defense-ko eszena bat bihurtu zen albiste. Alturetatik harturiko irudietan ihesian ageri zen jendea, batera eta bestera korrika, izuak jota, bakarren batek bere burua bota zuelako hantxe, gure gainetik daudenen estetika futuristaren ikur bihurtutako plazan. Bonba bat lehertu zela uste izan omen zuen jendeak, suizidatuak lurra jotakoan atera zuen zarataren erruz.

Ez dakit nire mundua ez ote den Big Bang baterako plan betean ari.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.