Amaia Nausia Pimoulier.
ARKUPEAN

Ardura

2018ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
1546. urtean, Mariana Elizegi alargunaren anaiek Martin de Azpilicueta Nafarroako Gorte Nagusiaren aurrean beraien arreba bortxatu izanagatik salatu zutenean, Gorteko epaiek kasuaren inguruan fiskalak jasotako testigantza guztiak irakurri zituzten. Lizarraldeko idazkaria, Ignacio de Amescoa, urte horretako udaberrian iritsi zen Munian de la Solanara eta, iritsi bezain pronto, fiskalak prestatutako galdetegia egin zien herri txiki hartako bizilagunei. Fiskalak jakin nahi zuen norekin bizi zen alarguna, zein ospe zuen herrian, norekin harremantzen zen, alargun geratu zenetik gizonekin ikusten ote zuten kalean, kristau ona ote zen, mezetara igandero joateko ohitura zeukan eta, funtsean, emakume on bat zen edo ez. Mariana eta bere bortxatzailearen arteko izen onaren lehiaketa bilakatu zen epaiketa, izan ere, bortxaketa noiz, non eta nola ikertzeaz gain, ia garrantzitsuagoa zen garai hartako epaileentzat biktimaren ohorea neurtzea. Bortxaketa alarguna Morentinetik, ondoko herritik, senide batzuk bisitatzetik itzultzen zenean gertatu zen. Ehun folioko transkripzioa duen kasu honetan, hamar bat folio idatzi ziren Morentin eta Munianen arteko bide erditik pertsona batek oihukatuko balu Munianeraino hotsa ailegatuko zen edo ez erabakitzeko. Kilometro bat baino ez dago bi herrien artean, «a dos tiros de ballesta», fiskalaren arabera.

Epaiketa honetan, eta Nafarroako Artxibo Orokorrean XVI. mendean jasotako «estupro» auzi guztietan bezala, bortxaketaren ardura norena zen eztabaidatu zen. Eta abiapuntua beti zen emakumea bere bortxaketa propioan hein batean behintzat bazela errudun, emakumea izateak dagoeneko errudun bihurtzen zuelako. Garai hartako pentsamoldearen arabera, izaki pasionalak ziren emakumeak, sortzez adimen gutxikoak eta ondorioz beraien burua eta sexualitatea kontrolatzeko gai ez. Horrek egiten zuen emakumeak tentagarriak izatea eta euren sexualitatea arriskutsua bake sozialarentzat. Beraz, gizonak tentazio honen biktima baino ez ziren, emakume gaiztoen sareetan eroritako gixajoak baino ez. Emakumearen sexualitatea gizartearentzat arrisku bat zen momentutik, bere jokaera kontrolatzea beharrezkoa zen errepresioaren bidez, baita adoktrinamenduaren bidez ere. Garai hartako moralistek emakume kristauaren ideala eraiki zuten eta eredua guztientzat Ama Birjina zen; etxean, otoi egiten eta bere umeak zaintzen apaltasunez ziharduen emakumea. Hori zen, beraz, epaiketetan erabiltzen zuten neurria. Ama Birjinak erakusten zien bezalako jokabidea jarraitzen zuen emakume horrek? Orduan, bortxaketaren ardura agian ez zen guztiz berea eta gizonak zigorra merezi zuen. Baina, kaletik bakarrik ibiltzeko ohitura zuen? Beste gizonekin hitz egiten ohi zuen? Hiztuna zen? Harroa? Ederregia agian? Beraz, gertatutakoa merezitako zigorra baino ez zen.

Aste honetan indarkeria sexistaren kontrako eguna ospatuko dugun honetan, emakumeok gaur egun horren agerikoak ez diren indarkeria horiek etortzen zaizkit burura. Eta bortxaketak berez indarkeriaren parametroetan koka ditzakegula inork zalantzan jartzen ez duen bitartean, oraindik gure artean arduraren inguruko diskurtsoak eta eztabaidak entzuten ditugu. Irlandan bortxatutako neska batek enkajezko tanga eramateagatik bortxatzailea libre uzteak sortzen didan botagura alde batera utziz, arduraren diskurtsoak oraindik sotilagoak izan daitezke.

Esate baterako, lagunen artean neskatilak gineneko lehenengo esperientzia sexualei buruz hitz egin dugunean zenbat ez gara errudun sentitu geunden mutilari ez ginelako ezetz esateko gai izan? Geure burua ez genuelako errespetarazi? Marianaren kasuan bezala, ardura gure gainean kokatzen dugu, gu sortzez eta emakume izateagatik errudun bagina bezala. Ba, bada garaia, zuek, gizonek, arduraren zati bat zeuenganatzeko. Ikasi beharko duzue gorputz guztiak errespetagarriak direla eta ez ditugula guk errespetarazi behar. Zenbatetan izan zarete konplize edo protagonista? Zenbatetan ezetz baten aurrean insistitu duzue? Zenbatetan beste alde batera begiratu duzue? Aztertu ezazue zuen burua eta koka dezagun ardura dagokion lekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.