Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Zarataren erdian

2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Mario Benedetti handiaren ipuin bateko eszena da. Aita-ama ohean daude lotan, eta ia-ia ez diote erreparatzen urrutitik heltzen den Montevideoko kaletako liskarren ohiko soinu-bandari, tiro hotsei eta leherketa txiki ia etengabeei. Zarata errepikakorraren erdian, baina, leherketa bat entzun da etxetik hurbil, eta ia batera, alaba txikiaren garrasia. Korrika doaz eta ohean eserita, ikaratuta eta dar-dar eginez, aurkitu dute. «Zaude lasai», esan diote, «bonba bat besterik ez da izan». Txikiak hasperen egin du, zera esanez: «Eskerrak, ekaitza zela uste nuen».

Horra paradoxa: ikaragarrira ohitu egiten garenean, normala beharko lukeena da ikara sortzen diguna.

Hamar eguneko epean jazo denaren segidak zorabioa eragin dezake. Labur beharrez, horrelaxe eman liteke. Kataluniako auzian bitartekariarena egingo zuen «ez-bitartekari» bat iragarri eta baztertu zuten aurrena. Gero eskuinak eta eskuin muturrak Madril lehertuko zuen jende-uholdea deitu zuten, eta plaza soil bat betetzea lortu bazuten ere, aparteko arrakasta izan zutela esan zuten. Handik ordu batzuetara, jardunbide politikoa gauzatu zuten hamabi buruzagi politiko Auzitegi Gorenaren aurrean eserita ikusi genituen, baina Espainiako Atzerri Ministroa munduan barrena zebilen horrek guztiak inongo jite politikorik ez duela aldarrikatzen, matrailak gorritu gabe. Bien bitartean, aurrekontu-proiektua atzera bota zioten PSOEri gobernu-aukerak eskuratu zizkioten alderdietako batzuek, eta zentsura-mozioa aurkeztua duela bederatzi hilabete aulkia estreinatu zuenak hauteskundeak aurreratzea iragarri zuen.

Zarata gehiegi dago geure inguruan eta ia ezinezkoa egiten da egiazki gertatzen ari dena bereiztea adierazpen handios bezain hutsek ezkutatuta. Une egokia litzateke hau Pitagorasen Isiltasunaren Disziplina deiturikoa ezartzeko: bost urtez erabat isilik egotera behartzen zituen jakintsuak acoustici esaten zien bere ikasleak, eta estualdi horretatik onik ateratzen zirenak, mathematici bihurtuta, baino ez zituen egokitzat jartzen jardun komunitariorako. Pitagoras bezain bizkorra izan beharrik ez dago ohartzeko mingaina mendean hartzerik ez duenak nekez lortuko duela burua bakean izatea, eta azken bolada honetako birao-txapelketak nabarmen erakutsi digunez.

Zaratak efektu terapeutikoa duela gauza jakina da. Ezagutu ditut lantegietako soinu sarkorraz inguratuta lo lasai egiten dutenak, gauerdiko sirenekin asaldatzen ez direnak. Berdin gertatzen da politikagintza zatarrenak ekarri digun zarraparrarekin: apurka-apurka inokulatu egiten zaigu, eta denbora sobera igaro gabe, geure burua inmunizatu egin dugu. Normalizatu egiten dugu batere normala ez dena.

Ohitu egin gara ezohikoa beharko lukeen ingurumarira, eta ontzat ematen dugu, jan egiten dugu, berez sortu beharko lukeen okadarik eragin gabe, gainera.

Katalunian eta Euskal Herrian joan den asteburuan egin ziren manifestazio jendetsuek itsasoko hondoan beste korronte batzuk bizi-bizi daudela erakusten digute, baina. Azkenean esnatu egingo gaituen ekaitza izango al da?

Maiatzaren 27ra bitartean, bi aldiz joko dugu Hego Euskal Herriko biztanleok bozkalekuetara, lau esparru desberdinetako geure hautuak egitera. Zaila izango da hautu hori deialdi bakoitzaren berezko esparrura mugatzea, eta are zailago, ia ezinezkoa nik uste, denbora honetan guztian den-dena isilaraziko duen burrunbadari ihes egitea. Geure esku dago, baina, tresna horren bidezzer nahiago dugun adieraztea: ikara sortzen duen atzeraldi demokratikoa edo normala beharko lukeen demokrazia. Eta aukeratu egin behar dugu, kontrajarrita baitaude bata eta bestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.