Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Matxinoak

2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Bihar 43 urte beteko dira. Martxoaren 3ak 15.704 egun daramatza egia, justizia eta erreparazioaren zain. Luzeegi doan itxaronaldi mingarriegia. Martxoak 2 ditu gaur. Hona bote-lasterreko galdera bi: zergatik gertatu zen hura? Gaur egun, horrelakorik imajinaezina al da?

Egun Gasteizko edonori galdetuta hauxe aitortuko dizu: Martxoak 3 orbaindu gabe dagoen zauria da. Zaramagako San Frantzisko parrokian izandako sarraskiak inpaktu emozional izugarria izan zuen. Gazte askoren iratzarria izan zen. Orduko irudiak eta grabazioak berrikustean eta berrentzutean ileak lazten zaizkigu. Esaterako, San Frantzisko eliza hustu eta gero, kaleak odoletan zeudela, polizia harro hark bere goikoari irratiz egindako aitortzak erraiak inarrosten dizkigu oraindik: «Esaiozu Salinasi gaur historiako jipoirik handienari ekarpena egin diogula».

Zergatia. 1976ko martxoaren 3a greba orokor eguna zen Gasteizen. Bi hilabeteren bueltan hirugarrena zen. Urtarrilaren 9an piztu zen lan gatazka, Forjas Alavesas burdinolan. Ordutik aurrera gatazka beste enpresa handietara zabaldu zen: Mercedes Benz, Aranzabal, Areitio... Egunez egun, behe-behetik, mamitzen eta osatzen joan zen langileen elkartasuna. Mugimendu horizontal eta zabala izan zen. Gatazkak enpresa honetako edo horretako esparrua gainditu zuen. Gutxieneko eskakizunen taula osatu zen enpresa guztietan. Hauxe eskatzen zen, besteak beste: negoziazioetan langileek hautatutako batzordeen onarpen ofiziala mintzakide bezala (eta ez frankismoko sindikatu bertikala), biltzeko eta manifestatzeko eskubidea, 5.000 pezetako igoera lineala enpresa guztietan, zortzi orduko lan-jarduna eta erretreta 60 urterekin. Kontuan hartu behar da frankismoaren egiturak oraindik ere bizirik zeudela eta egun ditugun sindikatuen egitura oso ahula zela oraindik. Langileen boterea asanbladan zegoen. Eta botere hori astez aste handitzen eta zabaltzen joan zen Gasteiz osoan zehar. Langileek biltzeko eragozpen handiak zituzten. Langile-auzoetako parrokietan biltzen ziren apaiz obreroen konplizitatearekin. San Frantziskoko asanblada egin baino lehen beste 240 eginak ziren. Martxoaren 3koa 241.a izan zen. Enpresariak eta agintari frankistak urduri zeuden oso gatazka hura eskuetatik ihes egiten ari zitzaielako eta euren boterea kuestionatuta sentitzen zutelako. Horregatik errotik moztea erabaki zuten, errepresio bortitzena erabiliz, armagabetua zegoen herri xehe eta langilearen kontra suzko armak baliatuz. Inpunitate osoz aritu ziren. Ondorioak, ezagunak: bost langile hil, ehundik gora zauritu eta hamarnaka atxilotu.

Lortutakoa. Martxoaren 3an aurrez aurre bi printzipio, bi filosofia jarri ziren: balak alde batean, langileen eskubideak bestean. Sarraskiaren danbatekoak hainbati oraindik ere barren barrenean dardara sortzen digu. Langileek euren plataforman azaltzen ziren eskakizun guztiak lortu zituzten (erretiroarena izan ezik). Atxilotuak eta kartzelatuak aske geratu ziren. Batzuk urte bereko maiatzean eta beste batzuk abuztuan.

Gaur egun errepikaezina? Bitxia da egiaztatzea orduko agintariek zer leporatzen zieten espetxeratu zituzten langileen buruzagiei: matxinada eta sedizioa. Ezaguna egiten zaizue akaso? Eskari fiskala itzela izan zen: 30 urteko kartzela zigorra. Azkenean ez zen epaiketarik egon 1977ko amnistiak kargu horiek ezabatu baitzizkien.

Espainiako Auzitegi Gorenean asteotan epaitzen ari diren buruzagi independentista katalanei ere kargu berberak leporatzen zaizkie: matxinada eta sedizioa, besteak beste. Paradoxen mundua krudela da. Duela 43 urte bezala, gaur egun ere, menderatuen eskubide demokratikoak birrintzeko armak eta borrak erabili zituzten/dituzten berberak zapalduen borroka baketsu eta eredugarria kriminalizatzen ari dira. Harrokeria bera, berniz zaharra. Desobedientzia zibila ez litzateke delitu izan behar. Izatekotan eskubide edo, agian, betebeharra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.