Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Eredu matematikoak

2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Orain aste batzuk Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan izan nintzen kongresu batean. Kasualitatez zientzia kritikoaren astea antolatu zen, eta Matemàtiques (ir)responsables izeneko hitzaldi batera joateko aukera izan nuen. Etikak badu lekua zientzia alor gehienetan; eta hizlariak zioen matematikariok horretatik salbuetsita bizi ez ote garen, «gure marfilezko dorrean», errealitatetik abstraituta.

Ziur aski esajerazioa irudituko zaio askori, baina matematikak badu zerbait, non «zehatza» izateaz gain «objektiboa» izatea egozten zaion, eta horrek ardura oro ezabatuko baligu bezala jokatzen dugu askotan. Eta ez zaigu gustatzen jendeak «matematika zertarako?» galde diezagun, «matematikak guztiaren atzean daude» batekin erantzun ohi dugulako, gainera; baina aldi berean ez ditugu oinak lokatzetan sentitu nahi. Eta orduan ez gara hain deseroso sentitzen abstrakzio eta «ez-erabilgarritasun» horretan.

Kontua da, denean bezala, askotan erabilgarria ez zena erabilgarri bihurtzen dela handik urte askotara. Hardy matematikariak, adibidez, Einstein eta bonba atomikoaren garaian, harro asko aipatzen omen zuen bere matematikak ez zirela inoiz kalterako erabiliko. Berak zenbakien propietateak baino ez zituelako ikertzen. Ez zekiena zen, gerora, bigarren mundu gerran, kriptografiarako erabiliko zirela bere zenbait emaitza.

Batzuetan ez dakigu guk garatutako jakintza zertarako erabiliko den. Beste batzuetan, susmatzera irits gintezke. Eta beste batzuetan badakigu, garbi jakin ere. Eredu matematikoen kasua da horren adibide bat. Eredu matematiko bat, hitzak dioen bezala, errealitateko fenomeno bat deskribatzeko erreminta bat da. Errealitatearen sinplifikazio bat, betiere. Eredu matematiko bat egiten duenak badaki errealitate hori deskribatzeko zer hartu duen kontuan, eta zer sinplifikatu duen. Besterik da gero eredua erabiliko duenari informazio hori transmititzen dion ala ez; eta erabiliko duenari inporta zaion ala ez.

Gero eta gehiago erabiltzen dira halako ereduak alor ezberdinetan. Eta kasu askotan, erabakiak hartzeko erabiltzen dira. Nori hipoteka bat eman, nori ez. Nori zein iragarki agerrarazi bilatzailean. Noren currikuluma irakurri, norena ez... Lana errazten digute (edo diete erabiltzen dituztenei). Baina aldi berean injustiziak gertatzen dira. Eta matematikaren zehaztasun eta objektibotasunari esker, oinak lokatzetan injustizia pairatzen dutenak baino ez ditu uzten. Eredua diseinatu duenak «matematikak baino» ez dituelako egin, eta aplikatu duenak, matematikek esan diotena aplikatu besterik ez duelako egin. Oinak eta kontzientzia garbi.

Ez diot ereduak ez direnik erabili behar, eta ez direnik onuragarriak kasurik eta gehienetan. Ez daukat nik ere irizpiderik «justu/injustu» edo «on/txar» garbi bereizteko. Baina uste dut garatzen dugun jakintzaren erabilera posibleez kontziente izan behar dugula. Batzuetan kontziente izate hutsak ekidin ditzakeelako zenbait jarrera.

Matematika ikasketak modan jarri diren honetan, eta susmoa dudalako ez dituela ikasle gehienak topologiaren ederrak erakarri, uste dut badaukagula zer gogoetatua. Bartzelonako hitzaldi hartan gomendatutako liburu bat ari naiz irakurtzen: Cathy O'neil-en Weapons of Math Destruction.

Aipatzen ditu AEBetako unibertsitateen rankingak, polizia gehiegikeria, krisi finantzarioa, publizitate masiboa, sistema penitentziarioa... Irakurketa ezin gomendagarriagoa da eredu matematikook pairatzen eta pairatuko ditugunontzat (alegia, denontzat). Baina batez ere etorkizun batean eredu horiek diseinatuko dituztenentzat. Ereduak egiteaz gain, eredugarri izaten lagunduko digulakoan nago.

Irailera arte, uda on.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.