Albistea entzun

ARKUPEAN

Euskaraz baino ezin da

Xabier Paya Ruiz -

2020ko irailak 22

Milaka kilometroko bidaia egin eta hizkuntza txiki berbera mintzatzen jarraitu; Athletic eta Errealaren ereserkiak, Marijaiaren etorreraren abestia edo San Sebastian martxa kantatu; Aitormena, Lau Teilatu, Xalbadorren heriotzean, Maravillas, Izarren hautsa eta beste hainbat kantu eder gozatu; Aitorren Hizkuntz zaharra, Behin betiko, Euskal Herrian euskaraz, Aberriaren mugak eta Araban bagare bozgora taldean kantatu eta euskalduntasuna areagotzen sentitu; Guero, Kresala, Leturiaren egunkari ezkutua, Harri eta herri, Milla euskal olerki eder, Haur Besoetakoa, Etorkizuna, edo Xabinaitor irakurri; U. Elorriaga, L. Mintegi, I. Elorrieta eta beste hainbat euskal idazle handiren jatorrizko lanak irakurri; Gilkitxaro, Artedrama, Metrokoadroka eta beste euskarazko antzerki konpainien lanak ikusi.

BERRIA irakurri; Ekaia, Tantak, Gogoa, Uztaro eta Jakin-en artikuluak argitaratu eta gauza berriak ikasi; ETB1, ETB3, Hamaika Telebista eta beste zenbait tokiko telebista ikusi; Euskadi, Euskalerria, Naiz, Bizkaia, Arrate, Euskal Irratiak eta euskal irratiak entzun; Argia, Gaztezulo, Hitza eta Ttap arakatu eta irakurri; eibar.org-en, Goiena-n edo Zuzeu-n bloga izan; Guaixe, Aikor, Karkara edo Hiruka bezalako tokiko prentsaren bidez informatu; Egunean behin-en aritu; #gaurkohitza deskubritu eta ikasi; lansarean baliatu lana euskaraz eskaini eta bilatzeko; enpresarean-en ekimenetan parte hartu; Xerezaderen artxiboa eta Gaizkileak podcastak entzun; UEUko eskolak jaso eta eman; euskaltegian izena eman, ikasi eta lan egin; administrazioko lanpostu jakin batzuk eskuratu.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldi, kontakizun eta abestiekin hunkitu; Gure Zirkuaz gozatu; Wazemank, Txiskola edo Barre Librea-rekin algara egin; bertso-eskolara joan; Egaña, Lujanbio, Arzallus, Iturriaga eta beste hainbat bertsolariren ateraldiekin harritu; bertso-afari batean barrez hesteak bota; Korrikako lekukoaren barruan doan mezua idatzi eta bukaeran irakurri; maskarada, tobera eta pastoraletan parte hartu eta gertatzen dena ulertu; euskarazko irakurzaleen talde bateko kide izan; berbalaguna izan.

Toka zein noka hitz egin, hau da, mezuaren hartzailearen generoa eta gertutasuna adierazi; genero-markarik gabe solastatu publikoari, emakumeak eta gizonak bereizi edo etengabe aipatu beharrik gabe; Iberiar penintsulako toponimo asko ulertu; Europa mendebaldean ergatiboa erabili; txotx egin; ahizpak, arrebak, nebak eta anaiak bereizi; aritu, jardun, zertu; aspaldiko, etzidamu edo zirimiri esan hitza mailegatzeko beharrik gabe; kulturgintza, euskalgintza edo herrigintza bezalakoak berba bakarrean esan; dd, dz, tt, tx, tz eta ts soinuak ahoskatu; Europako hizkuntza zaharrenetako bat mintzatu; Euskaltzaindiaren arauak bete, erakundearen aldeko zein aurkako iritzia izanda ere; euskalki batean edo gehiagotan jardun; popabisteru edo titi-freno bezalako euskalkietako berbekin zur eta lur geratu; «Dindanduna denda ondo(a)n d(ag)o», «Meridzendie dzanda dzun da Dzon» edo «Gustaten gastan gazta gasta in gasta» bezalako aliterazioak egin; euskaldun izan.

Etxe euskaldunetan, bizi; epe laburreko elebakartasuna izango duten haurrak sortu; bikotekidearekin haserretzen zarenean, erdarara jo; euskaraz ari direnekin hizketan naturaltasunez jarraitu; ustez euskaraz ez dakitenei buruz lasai ederrean euren muturren aurrean mintzatu; norbere burua erdalduntzat jota, gertu dauden ezezagunen elkarrizketak entzun; erdalduntzat jotako norbaitekin euskaraz aritzeko ezusteko aukerarengatik poztu; jendaurrean jarduteko ahalegina egin hizkuntza menderatu gabe eta txalotua izan; administrazio-mugak zeharkatu hizkuntza aldatzeko beharrizanik gabe; euskaldunak eta euskal herritarrak bereizi.

XXI. mendean Euskal Herrian % 100 bizi;

Euskal Herrian % 100 bizi;

% 100 bizi.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arrosarioa
 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.