Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Zenbat arte?

2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Zenbat arte behar du herrialde batek? Zenbat artista behar ditu? Noiz bihurtzen da pertsona artista? Nork bihurtzen du? Arte Ederren Fakultatetik irteten diren oin-biko guztiak artistak dira? Bertsolariak artistak dira? Tatuatzaileak? Musika ikasketek interpreteak sortzea izan badute helburu, zergatik ikasketak amaitzen dituzten x-jotzaile gehienak irakasleak dira kasurik onenean? Lehiaketarik eta eskolarik ez duten arteetan, noiz bihurtzen da dabilena aritu,aritua artista, eta artista aditu? Zergatik ateratzen da artisten gehiengoa arazo ekonomikorik ez duten familietatik? Eta artista batek zein mailatatik aurrera du artista gisa bizitzeko eskubidea? Eskubidea bada, Estatuak ordaindu behar du hori? Eta eskubidea ez bada, merkatuak erabaki behar du nor den artista, saltzen dituen artefaktuen edo performantzeen etekinen arabera? Mateo efektua (laburki, artista ospetsuek gero eta ospe handiagoa izateko joera, beraz, gero eta jarraitzaile-erosle gehiago izateko erraztasuna) errespetatu behar da diruz laguntzerakoan artisten sustengua, ala guztiak berdinki lagundu behar dira? Guztiak? Behin artista izatera heltzen den pertsona, betiko da artista? Diru publikoz lagunduta sortutako arte-lanen jabetza eskubideen onura artistak eta haren ondorengoek baino ez dute jaso behar 70 urtean? Eta Estatuak bereziki babestu behar duen gremioa bada artistena, artista guztiak babestu behar ditu, edo... zenbat artista behar ditu herrialde batek? Eta herritar guztiak artistak balira?

Munduko artisten kopurua parekidea izan behar da? Gutxiengoen kupoak errespetatu behar ditu? Zenbat idazle behar ditu hizkuntza batek? Zenbat itzultzaile? Zein generotakoak? Zenbat liburu berri behar ditu hizkuntza batek urtean-urtean? Liburu bat idazten duen oro idazlea da? Zenbat liburu saldu behar ditu? Zenbat edizio? Itzulia izan behar da? Zenbat goi mailako antzerki eskola behar ditu hizkuntza batek? Zenbat zinematografia-eskola? Zenbat gidoigile behar ditu hizkuntza batek? Inportatu ditzake? Zenbat urte onartu behar zaio artista bati herrialde bateko diru laguntzak jasotzea herrialde horretako hizkuntza hitz egin gabe?

Zenbat dantzari behar ditu herrialde batek? Zenbat koreografo? Zein generotakoak? Dantzarako egokitutako zenbat areto behar ditu herrialde batek? Zenbat dantza-ekitaldi eskaini behar dituzte urtean? Zenbat ikusle erakarri behar dituzte gutxienez ekitaldi bakoitzean? Zenbat orkestra behar ditu herrialde batek? Zenbat kontserbatorio? Zenbat opera ekoitzi behar ditu? Zenbat musika jaialdi behar ditu? Noiz utzi behar zaio instrumentu bat jotzeari? Eta musika-genero jakin bat? Eta musika jaialdi bat antolatzeari? Zenbat artisau, argazkilari, antzezle, bideo-joko egile, musikari, margolari, eskultore edo arkitekto behar ditu herrialde batek? Eta irizpide klasikoetan sartzen ez diren artistak edo artista multidiziplinarrak, nola zenbatzen dira? Eta zenbat behar ditu herrialde batek?

Zenbat museo behar ditu herrialde batek? Zenbat erakusketa-areto? Zenbat bilduma? Zenbat arte-lan erosi behar ditu museo batek urtean? Zenbat diru aurreikusi behar du arte-lan horiek zaintzeko? Eta arte-lanak filmak badira? Eta webguneak badira? Eta itsasontziak badira? Noiz suntsitu daiteke arte-lan bat? Zenbat bisitari izan behar ditu museo batek urtean zabalik jarraitzeko? Eta herrialde batek behar baino artista gutxiago baditu, zer egin behar du? Eta behar baino artista gehiago baditu? Arteak jasangarria izan behar du? Norena da artisten bizimoduaren jasangarritasunaren ardura?

Munduak mundu bete arte behar du, baina… zenbat arte behar du herrialde batek?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.