Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Lana

2021eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Fenomeno, ideia edo objektu berri bat azaltzen denean izen bat eman behar izaten zaio. Aukera bat izan daiteke izen edo hitz berri bat asmatzea. Baina akaso intuizioari lagunduko diola sinetsita, beharbada hitz berri gehiegi asmatu beharra ekiditeko, edo batek daki zergatik, sarritan existitzen diren gauzen izenak hartzen dituzte fenomeno edo objektu berriek. Aldi berean ulermena erraztu eta nahasmena sor dezake horrek. Ukaezina dena da gertatu egiten dela.

Fisikari batentzako, lana Joule-tan neurtzen da. Ez lanalditan, ez lanordutan, ez soldatatan eta ez baldintzatan, Joule-tan: kilogramo bider metro karratu zati segundo karratutan. Bistan da gure egunerokotasunean lanaz ari garenean ez garela horretaz ari, baina norbaitek kontzeptu horri lan izena eman bazion, eta inguruak onartu bazuen, zeozerengatik izango da.

Lana, fisikan, objektu baten desplazamenduak eta desplazamendu hori eragin duen indarrak definitzen dute. Hain zuzen ere, desplazamendua eman den norabidean egindako indarra bider desplazatutako distantzia da lana.

Zer esan nahi du horrek? Alde batetik, posible da sekulako indarra aplikatzea objektu baten gainean eta objektua ez desplazatzea. Bultza ezazue horma bat zuen indar guztiekin eta ikusiko duzue nola den posible. Horrek esan nahi du kasu horretan ez dela lanik egin. Indar bat egon da, bai, baina desplazamendurik ezean ez da lan kontsideratzen.

Badu gure egungo lan ikuskeraren antzekotasun bat honek. Produktibitateak definitzen du lana, hein batean. Zerbait mugitu bada, lan bat egon da, bestela ez. Egin den indarra ez bada ezer mugitzeko aski izan, ez da lantzat hartzen. Alegia, edo zure indar horren emaitzak ikusgarriak dira, edo ez duzu lanik egin. Beharbada honek garamatza askotan gehiegizko erakutsi nahi batera. Batzuetan salagarritasunaren mugan erortzeraino. Asko egin duela erakutsi nahian dabilenak erakutsi baino ezkutatzeko gehiago ez ote duen...

Desplazamendurik ezak lanik eza adierazten duela esan dugun gisan, indarra zero bada ere ez da lanik egongo. Hori ere estrapolagarria da egungo lanaren ikuskerara. Esfortzu bat atzean ez daukana ez da lana. Lana ez da hutsetik sortzen, norbaiten izerdia dago atzean (izerdiaren esanahi sinbolikoenean).

Beste ezaugarria indarraren norabide eta norantzarena da. Objektu bat norantza batean mugituko bada, mugimendu horri norantza horretan egindakoindarrak baino ez dio eragingo. Indarra ez bagara norantza horretan aplikatzen ari, alferrikakoa da indarraren parte bat. Adibidez, lurrean kaxa bat desplazatu nahi badugu, efizienteagoak izango gara indarra horizontalki aplikatuta 45 graduko angeluaz aplikatuta baino. Efizientzia, horrek ere badu lotura egungo merkatu laboralarekin. Bi orduan egin badezakezu lau orduan egin beharrean, hobe. Indarrak ondo norabidetzea da gakoa, alferrikako esfortzurik ez egiteko.

Magnitude horri izena jarri zionak ez zion kasualitatez jarriko, beraz. Lanarekin estuki lotzen ditugun kontzeptuak daude atzean: produktibitatea, esfortzua, ikusgarritasuna, emaitza, efizientzia... Garai bateko lanaren ikuskeran inspiratutakoa da magnitude honen izenaren jatorria, baina ez zaio gaurkotasunik falta.

Gure aldarri eta exigentzia asko ere halakoak dira egun, garai bateko lanaren ikuskeran oinarrituak. Tamalez, gaurkotasun osoa daukate, eta horregatik da oraindik beharrezko biharkoa bezalako egun bat. Baina horrez gain, lanarekin lotzen ditugun kontzeptuen berrikuspen bat ere ez litzaiguke gaizki etorriko. Horrek berak lana beste era batera balioztatu eta neurtzea ahalbidetuko ligukeelako akaso. Eta susmoa dut horrek ere lan baldintzak hobetzen lagunduko ligukeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.