Etxekoak ernegatu egiten dira ordenagailua azken-azken bertsioekin eguneratuta izateko dudan ohiturarekin. Gutxiagorekin berdin-berdin funtzionatuko duela eta denbora alferrik galarazten didan mania bat dela esaten didate, eta ez dabiltza urruti. Azken eguneratzeak hiru ordutik gora behar izan zuen, eta denbora guztian begira egon nintzen, zuzenean edo zeharka, edozein unetan eten egin eta berriro hasieratik ekin beharko nion beldurrez. Aktualizazioren bat zain dudala jakite hutsak urduri jartzen nau: nire lan guztien jagole den aparatuan zerbaitek huts egin dezakeen seinaletzat hartzen dut lantzean behin (gero eta sarriago) agertzen den abisu hori. Eta larria balitz? Eta denboratxo hori ez eskaintzeagatik den-dena galduko banu? Nola jakin zer den badaezpadako eta zer ezinbesteko, eta nola bereizi, hamaika seinaleren artean, azken seinalea?
Beste horrenbeste gertatzen zait niri klima-aldaketaren inguruko akordio, sasi-akordio edo akordio-proposamenekin, ez dakidala, alegia, abisu gehiago izango ote dugun.
Bi aste inguru iraungo du COP26 gailurrak, eta denbora horretan orain arte beste diziplinek lortu ez duten akordioa diplomaziak lortuko duen itxaropenik ez dut nik. Kasurik onenean, adostasun-agiria plazaratuko dute irmotasunez eta hitz ederrez josia, Glasgowera iritsi aurretik Erromako Trevi Iturriari bizkar emanda txanpona airera bota duten G20ko agintariek egin duten moduan, baina sistemak huts egiten jarraituko du giltzadurei eusten dien mekanismoaren auskalo zein piezatan. Atzera hitzartutakoa herrietako mandatarien eskura itzuliko denean, adibidez, edo handik multinazional handien erabaki-geletan paper horrekin zer egin deliberatuko dutenean, edota multinazional horiek munduan barrena dituzten askotariko ekoizpen-zentroetara iristean —papera ordurako horituta edo apurtuta—.
Bigarren Mundu Gerraz geroztik munduko gaitzak bideratzeko sistema bera ere zaharkituta geratu zaigu: kasurik onenean, daukaguna kudeatzeko balio dute egitura hauek, baina ez dira gauza gaur egun nahitaezkoak zaizkigun goitik beherako eraldaketei aurre egiteko. Kasurik onenean, luzeegia da borondateak egin beharko lukeen bidea, oztopo eta zangotrabez beterikoa. Bide laburragorik ez dago, ordea. Ezintasuna globalizatu dugu, arazoak geroratzeko mekanismoen bidez.
Etxeko lanak egin gabe iritsi dira Glasgowera munduko potentziak, COP26 topaketan munduaren sistema eragilearen ajeak konpondu-edo egiteko. Zerbait oso gaizki doan seinaleak ugariak dira nonahi, baina adierazpen entzutetsuetatik haratago, lehengo toki berean gaudela ematen du. Iturri desberdinetatik jasotako datuen arabera, orain arte gehien kutsatu duten herrietan nabari da hori gehien. Pandemia eta hark eragindako ekonomiaren moteltzea ez dira aski izan herri industrializatuetan joera-aldaketa gauzatzeko eta, adibidez, G20koen taldea osatzen duten herrietan zeobi isurketek %4 egin dute gora aurten, eta klimaren aldeko konpromisoen giltzarri den adierazlea pandemiaren aurreko mailetaraino eraman dute; Argentina, India Txina edo Indonesian handik gora ibili dira.
Garaiz ote gaude sistema eragile zaharra iraunaraziko duten konponketekin konformatzeko, edo berria abiarazi behar dugu, zer gerta ere? Oraindik, itxuraz, aukeratzeko moduan geundeke, baina ez dakigu zenbat denbora falta zaigu bigarren hautu horrek hautu izateari utziko dion bitartean. Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak ohartarazi zuenez, gauerdirako segundo batzuk baino ez dira geratzen. Eta erloju horretan ez dago neguko ordutegiarengatik ordubete atzera egiteko aukerarik.

ARKUPEAN
Sistema eragilea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu