Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Filosofia

2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Hezkuntza lege berrian filosofiaren presentzia berez dena baino are txikiagoa izango omen da. Hori salatuz irakurri ditugu zenbait filosofia irakasleren zutabeak. Eta normalena bakoitza bere gaiarekin sentsibilizatuta egotea bada ere, esango nuke filosofiak, bere leku propioa izateaz gain, beste irakasgaietan ere behar lukeela egun daukana baino espazio handiagoa.

Imajinatzen duzue matematikako klase bat non ordu osoa zenbakien existentziaren inguruko debate bat den? Batzuek erotu naizela pentsatuko duzue. Matematika klase batean eztabaida? Zer eta zenbakien existentziari buruz? Nola ez dira existituko bada, zenbakiak? Hori zalantzan jarriz gero nola lortu gero ikasleek haien inguruko gauzak ikastea? Eta batez ere, merezi al du ordu bat galtzeak daukagun curriculum estuko eduki denak azaltzeko nahikoa lan badaukagunean?

Ziur aski ikasle gehienek baiezkoa erantzungo lukete hasieran. Gerta liteke inor ez egotea postura aldatzeko prest. Baina hori ere bada filosofiaren ederra. A priori inork defendatuko ez lukeena defendatzen saiatzea. Eta beharbada animatuko da ikasleren bat esatera ezetz. Azken batean, nork ikusi du zenbaki bat? Tira, ikusten ez diren gauza asko existitzen direla esango dio besteren batek. Ados, erantzungo du beste batek, baina ez da ikusi soilik, ezin dira ez ikusi, ez usaindu, ez entzun, ez ukitu ere... Zenbakiak ez dira mundu fisikoan existitzen!

Badaukagu zenbakien inguruan ikuspuntu platonikoa plazaratu duen lehen ikasle taldea. Alegia, zenbakiak existitzen direla, bai, baina objektu erabat abstraktu gisa, ideien munduan soilik. Orduan, beharbada baten bati bururatuko zaio esatea baietz, zenbakiak bere horretan ezin direla ikusi, baina zenbaki hori gorpuzten duten gauzak baietz. Adibidez, ikusten ditugula 25 pertsona gelan, arbel bat eta bost betaurreko pare. Objektuek gorpuzten dituztela zenbakiak. Eta beraz, ez direla ideia abstraktu huts, mundu fisikoa deskribatzeko erabiltzen ditugun gauzak baizik.

Ikasle horrek konbentzitutakoen taldea nominalismo esaten zaion korrontetik gertu legoke. Demagun isilune bat gertatzen dela. Badirudi argumentu horrek konbentzitu dituela denak. Baina orduan baten batek esan lezake, ados, kontatzeko erabiltzen ditugunak baietz, baina ea non dagoen mundu fisikoan erro minus bat. Ez al dira konplexuak zenbaki? Existitzeko modu desberdina al dute zenbaki arruntek eta konplexuek? Orain platonikoak gustura daude, beraientzako ez du arazorik suposatzen galdera horrek...

Erro minus batarenak pi zenbakira eramango du besteren bat akaso. Pi badator mundu fisikotik, nolabait. Lotura estua du geometriarekin, zirkunferentziak azalera eta perimetro bat du eta hor dago pi, bai, baina ezin da kalkulatu! Ezin bada kalkulatu, existitzen al da? Tira, kalkulatu kalkulatu daitekeela esango dio besteren batek. Gertatzen dena dela ez daukagula denbora nahikorik behar beste kalkulu egiteko. Konstruktibismoaren lehen zantzuak azalduko dira orduan. Beharbada irakasleak azalduko du zer den zenbaki bat kalkulagarri izatea Turing makinen zentzuan, eta nola zenbaki erreal gehienak ez diren halakoak.

Klaseko pasota isilik egon da orain arte, baina hitz hartzea bururatu zaio halako batean esateko ezetz, zenbakiak ez direla existitzen. Ez mundu abstraktuan ez inon. Oso erabilgarriak zaizkigula, bai, baina gezurretakoak direla, faltsuak. Erabilgarritasunak ez duela existentzia bermatzen. Astakeria iruditu zaie askori, baina fikzionalismo izeneko korronte filosofikoak defendatzen duena da...

Bukatu da ordua, joan da irakaslea gelatik, ikasleek eztabaidan segitu dute.

Niri ez zait iruditzen 3.600 karaktere galdu ditudanik. Eta zuei?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.