Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Ada Lovelace

2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Gaurko egunez duela 206 urte jaio zen Ada Lovelace. Batzuen hitzetan munduko lehen programatzailea. Beste batzuei asko esatea iruditzen zaie. Emakume bati zerbait aitortzerakoan polemika beti tartean, badakizue. Edozein kasutan, bere bizitzaren historiak baditu ertz interesgarri asko.

Poeta ezaguna zuen aita, Lord Byron. Heziketa zientifiko sendoa jasotakoa ama, Anabella Milbanke. Ada jaio eta bost hilabetera alde egin zuen aitak betiko, adarrak jartzen zizkiola jakin eta Anabellak dibortzioa lortu ondoren.

Aitaren bizizaletasun eta gaiztakeria poesiak eragina izan zitekeelakoan, Adari heziketa erabat zientifikoa ematea erabaki zuen amak. Ez dakit horri buruzko daturik badagoen edo gerora egindako interpretazioa den. Esanguratsua, edozein kasutan. Deigarria da emakume batek heziketa zientifikoa jasotzeko atzean halako motibo bat egon beharra. Edo, ez bazegoen, gerora hala ikusi nahi izana. Deigarria den bezala gaiztakeria, arduragabekeria, poesiarekin lotzea eta arrazoiarekin eta logikarekin ez. Eta are gutxiago generoarekin, jakina.

Kontua da, arrazoiak arrazoi, heziketa matematiko eta zientifiko sendoa jaso zuela Adak. Garai hartan batere ohikoa ez zena emakumeen artean. Horrek ez zion imajinazioa kamustu, hala ere. Gazte zela gaixotu eta ohean pasatu zituen hiru urte. Bitarte hartan, hegan egiteko modu bat asmatzearekin amesten omen zuen. Eta amestu ez ezik, txorien anatomia sakon ikertu zuen bere ametsa egingarri egiteko ilusioz.

Gerora, garaiko hainbat matematikari eta zientzialari ezagutu zituen. Tartean Charles Babbage izenekoarekin izan zuen hartu -eman handia. Babbage-en helburuetako bat kalkulu matematikoak mekanizatuta egingo zituen makina bat asmatu eta eraikitzea zen, eta makina horrek txunditu zuen Ada. Horren inguruan eztabaidatuz gutun ugari trukatu zituzten batak eta besteak. Babbage-k garbi zeukan makina nola eraiki behar zen, baina erraldoia zen, eta baliabide faltak ez zion makina eraikitzerik ahalbidetzen.

Kuriosoa da egun Adaren merituen inguruko eztabaida nola eta zergatik iritsi zaigun ere. Dirudienez, Charles ez zen bere lanak publikatu zalea. Kritikari beldur eta errespetu izugarria omen zion, eta nahiago zuen ezer argitaratu ez. Hitzaldiak eta klaseak emateari ere utzi zion, antza. Baina Italiatik deitu zuten behin, eta bere makina eraikitzeko esperantzak bultzatuta edo, han hitzaldi bat ematea onartu zuen. Hitzaldi hura entzun zuen italiar batek, Luigi Menabreak, apunteak jaso eta frantsesez argitaratu zuen lan hura.

Adak, Babbage-ekin adostuta, lan hura ingelesera itzultzea erabaki zuen. Baina itzultzeaz gain, ekarpen propioak erantsi zizkion, artikuluaren luzera hirukoizteraino. Izenarekin baino, inizialekin sinatu zuen artikulua. Makina hipotetiko haren funtzionamendurako oinarri teoriko sendoak azaldu arren, ez zuen arreta handirik jaso artikuluak; eta makina ez zen sekula eraiki. 1843an izan zen hori, Alan Turingek egun lehen ordenadore gisa onartzen dena eraiki baino mende bat lehenago.

Sekula eraiki ez zen makina hark, baina, egungo ordenadoreen antzekoa den funtzionamendua zeukan. Horregatik esaten da Ada izan zela lehen programa informatikoa idatzi zuen pertsona. Haren makinarentzako aginduen zerrendak bazeuzkan baldin eta eta orduan gisako aginduak. Bazeuzkan loop gisa ezagutzen diren prozesu informatikoak bere baitan.

Hori gutxi ez eta artikuluaren amaieran gehitutako gogoetetan, kalkulu matematikoak egiteaz gain makina hori zertarako gai izan zitekeen aurreikustera ausartu zen. Nekez irudikatuko zuen 200 urte barruko gizakiok halako makina bana daramagula sakelan, baina urrutiegi ere ez omen zen ibili...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.