elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Ertzetik

2022ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Aldiro diskoko seigarren kantan trabatuta geratzen naiz;Ruper Ordorikaren Amour eta toujours diskoko seigarren kantan, Vladimirrenaizenekoan. Disko osoa bezala, kubatar estiloko doinuarekin hasten da abestia, baina berehala hartzen dute kantariaren ahotsak eta haren azpiko musikak halako tonu sakonago bat, oso neurtuta egon arren, dramatismoa transmititzen duena: «Ertzetik noa,/ amildegiko ertz-ertzetik,/ zaldiak,/ zaharoaz astintzen ditut zaldiok». Eta bat-batean sentitzen du batek amildegiaren ertzetik joatearen bertigoa. Kosmosean inolako heldulekurik ez bazenu bezala, poetaren hitzekin bat eginda: «Ni galduko naiz,/ urakanak eramango nau/ elur-lumak bezala,/ abailan noa leran».

Alkoholaren eta drogen ertzetik ibili ei zen Vladimir Visotsky (Mosku, 1935-1980) poeta, musikari eta aktorea. Haren kantu batean oinarrituta osatu du Vladimirrena Ruper Ordorikak.

Nor ez da ibili noizbait bidearen ertz-ertzetik? Amodio kontuetan nahiz jardun politikoan, sinesteetan eta ekintzetan, aldarte onean bezala alderantzizkoan. Fisikoki, uste baino arriskutsuagoa gertatu zen mendi mazela ahaztezin hartan, adibidez. Psikikoki, bizitzako bihurgune hainbatetan. Ertzetik ibiltzean, bihotz taupaden azeleratzeak ematen du abisua: dardara, bizkarrean tximistaren pare sartzen den hotzikara, asaldura eta... ziurrenik, izua. Ertz-ertzetik, norbanakoa ez ezik, gizataldeak ere ibili daitezke, bidetik irteteko zorian.

Aurtengo udan, bi tokitan behintzat —Iruñean sanferminen bezperetan eta Bilbon Aste Nagusiaren hasieran— Temblad cabrones zioen pankartaren atzetik joan ziren manifestazioan hainbat emakume, beltzez jantzita, batzuk zuziak eskuetan zituztela, beste batzuk danborra jotzen. Pankartako esaldi nagusiaren alboan, hizki txikiagoetan, beste lelo hau: Beldurrak gurekin jai. Bigarren esaldi honek bere baitan daukan hitz jokoak erakarri egiten du. Lehenak, ordea, uxatu. Izan ere, Temblad inperatiboak badu halako kutsu bibliko zaharmindu bat, erasokorra benetan. Bide batez, pankartako gaztelaniazko esaldiak jan egiten du euskarazkoa, han, ezkutura, kondenatuz.

Bilboko manifaren grabazioan oihu hau entzuten zen: «Sutara, erasotzaileak!». Lehen ere noizbait esanda nago: sorginkeria egozten zieten emakumeen kontra egindako sarraskia dakar gogora, ezinbestean, esakune horrek. Gurutzada usaina. Izan ere, badira hitzak, esaldiak, bereganatu egiten zaituztenak. Eta badira diskurtsoak gogaitu eta kanpo —out— uzten zaituztenak.

Sexu erasoen gaitz ikaragarria gainditzeko, eta sexuarengatiko jazarpen oro eraisteko, aliatuak behar dira, gizonezkoak barne. Iruñeko eta Bilboko manifestazioen mise en scène hori eraginkorra ote da? Zalantzagarria gertatzen zait niri. Gauza bat da emakumeoi txikitatik ezartzen zaigun itxura eta portaera mengela errefusatzea, eta beste bat da gizonezkoei mendetan zehar atxiki zaien jite gerlaria imitatzea.

Ertzetik haratago zebilen, nonbait —Irango moralaren polizia-ren ikuspegitik— Mahsa Amini,22 urteko emakume kurdua, Teherango kaleetan; zer eta hiyab zapia behar bezala jarrita ez omen zeramalako. Poliziek jotako kolpeengatik hil da. Ali Khamenei ahalguztidunaren erregimenak bere alde ankerrena agerian utzi du, behin berriro ere, Aminiren hilketarekin eta haren kontrako protestak zigortzean: hirurogeita hamasei heriotza eragin omen ditu dagoeneko errepresioak.

Mahsa Aminik eta bere hilketaren aurkako istiluetan bizia galdutakoek ez dute izan Vladimirrena kantak eskatzen duen luzapena: «beste apur batez ertz-ertzean» gelditzea; «beste apur batez mundu honetan» jarraitzeko zoria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.