Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Ghettoan bizi ote gara?

2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Geografikoki eta historikoki, ghettoak forma urbanizatu bat hartu zuen XVI. mendeko Veneziaren adibidearen harira termino hori sortu zelarik. Veneziako gobernuaren aginduz, garai hartan, juduen negozio eta bizi espazio segregatua horrela definitu zen. Nahiz eta komunitate horren dinamika ekonomiko bat adierazi, dispositibo horrek argi uzten zuen geografikoki eta materialki talde dominatua baztertzeko dinamiken plantan ezartzea zela. Dana Kaft-en arabera, bazterketa forma hori ez zen hain bortitza, beste talde batzuekin alderatuz, jende multzo hori onartua zelako hiriaren espazioan, eremu mugatuan baldin bazen ere. Kontzeptu horrek paradoxa eta anbiguotasun anitz sortu ditu ikertzaile ezberdinen artean, ghettoizazioaren alde baikorrak aitzinean eman direlako. Estatu Batuetan eta hiri periferietan, adibidez, XX. mendean ghettoetatik sortutako rap musikak espazio eta historia hori aldarrikatzen zuen. Biztanleek, beraz, toki hori berreskuratzen dute dominazio harreman batetik identitate kultural positibo bat sortuz.

Hala ere, ghettoak talde jakin baten bazterketa eta esplotazio ekonomikoa dakar. Berriz ere leku urbanizatuetan bizi den biztanleriari zuzendua zaiola dirudi. XX. mendearen hastapenean Jack London-ek langile klasearen ghettoa edo ghetto gainpopulatua izendatzen zuen San Frantziskoko (AEB) Market Street-en hegoaldeko auzoa. Horren arabera, ekonomikoki erakargarriak ziren guneetan soilik koka zitekeen dinamika hori, pobrezia oinarri beste irizpide etnikoak edo kulturalak baztertuz. Baina ghettoizazioaren fenomenoa esplotazio kulturalean oinarritzen ahal da. Euskaldunen kasuan, bazterketa mota hori alde kulturalean errazki identifika daiteke. Lehenik eta behin, gobernuek antolatu duten hizkuntzaren bazterketaren arabera. Adibideak ez dira falta gure hiru eremu instituzionaletan, konparazione, euskararen ofizialtasun falta indize bat izan daiteke. Bigarrenik, esplotazio ekonomikoan dominazio harreman hori identifika daiteke euskaldunen aurka. Identifikatzeko zailagoa den dinamika bat da. Alde batetik Estatutik haratago josten diren sare ekonomikoak garatu direlako eta euskaldun batzuek duten botere ekonomikoak paradoxa sortzen duelako. Hemen, esplotazioa ez da beti pasatzen talde minorizatu horretatik.

Denborarekin, kontzeptuak arrunt zentzu berri bat hartu zuen; erran daiteke ikerlariek zentzu guztiz kontrakoa ezarri ziotela. Michel Pinçon eta Monique Pinçon-Charlot soziologoek ghetto kontzeptua erabiltzen dute burgesiaren espazioak definitzeko. Ghettos du ghotta obran erakusten dute klase kontzientziaren bidez segregazio antolatu bat eraikitzen dela burgesia handiko jendeen artean. Hemen, baztertze bortxatu batetik prozesu boluntario batera pasatzen gara. Horrelako ikuspuntua baliatuz, Jean-Louis Davant «Lapurdi itsasaldean» bizi diren frankofonoez mintzo da. Frankofonoen ghetto hori euskarazko berrietatik kanpo bizi dela dio. Sortzen diren espazio horiek, dominatzaile edo pribilegiatuen esku direnez, nahikeria baten ondorioak dira.

Euskaldunen kasuan, baztertze inposatuari lotzen diogu kontzeptua. Estatuaren dominazio hirukoitzak ez dio kulturalki esplotatua den talde minorizatu bati aukera ematen ghetto pribilegiatuak sortzeko. Ondorioz, Euskal Herrian sortzen diren ghetto horiek talde dominanteari lotzen dira. Horregatik, botere harreman horretatik haratago sortu espazioen bila joan daiteke komunitate berri bat irudikatzeko eta asmatzeko. Segregazioari uko eginez eta dominazio estrukturalaren aurka jokatuz. Baina eremu fisiko jakin batean ezin koka gure ghettoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.