garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Erretreta dela eta

2023ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Frantziako estatuanerretreta-erreformaren aurkako greba antolatu zuten egunean —hilak 20, osteguna—, nirea ez den hiriburu munstroan gelditu behar izan nuen, Hendaiara itzuliko ninduen trenak ere planto egin zuelako. Metro-linea gehientsuenen gorabeherek jarri zuten gatz-piperra. Horietariko batzuk erabat itxi zituzten, ez zerbitzu minimorik ez deusik, eta kurioski, noiznahi noranahi joan ezin horrek larunbat kutsua eman zion egunari, aldarrikapen-tonua baino gehiago.

Montparnasseko geltokitik hasi eta Sena ibairainoko kaleek ez zuten lanuztearen arrastorik, beldurrik batere ez giro ezin hotzagoari, eta kafetegiak bezala, supermerkatu, merkataritza-zentro eta bestelako saltokiak orobat, baina beherapen handia agintzen zuten arropa-denda multinazionalak bereziki, mukuru beteta ageri ziren. Epeletik epelera mugitzeko eta ordu aspertuei iskin egiteko plan txarra ez, ezer erosteko asmoak mehe-meheak izan arren.

Alderrai ibiltzeko motiboak xahutu nituenean, gune ikoniko batera joatea bururatu zitzaidan —manifestaldirik ikusiko ote nuen behingoz?—, baina nire barne iparrorratzak ez du inoiz norabide fidagarririk seinalatu (ezta sakelako telefonoko orientazio-aplikazioak behar bezala erabiltzen ikasi ere), eta are gutxiago une hartan, dendarik denda ibiltzeak eragiten duen mozkor-zorabioa eta gero. Metodo zaharra hobetsi nuen.

Errepidea igaro berri zuen jende tropelaren artetik, turistak begiratu batean baztertu —funtsean, gurpildun maletak arrastaka dakartzatenak, mapa eskuan noranzko guztietara begira gelditzen direnak, multzoan doazen berritsu eta zalapartariak, frantsesa ez beste hizkuntzatan mintzo direnak...— eta bi emakume jo nituen begiz. Patxadan zihoazen, bulegotik atera berri, itxuraz, eta ogitarteko bana eskuetan, bazkaltzeko tartea paseorako hartu izan balute bezala. Albait arinen hurbildu eta galdera pausatu nien, nola irits ote nintekeen buruan nerabilen tokira. Batek, aurpegira begiratu ere ez. Besteak, berriz, bi hitz, ezpainak alde batera okertuz eta urratsak emateari utzi gabe: «Orain jaten ari naiz, ez dut aho betean hitz egin nahi (sic), besteren bati eskatu azalpena». Horra, paristarren politezia. Edo politezia zer ote den ez dakien paristarraren jarrera.

Zebrabidearen aldameneko estolda-zuloan barrandan ari zen beharginak barre egin zuen, hantxe harri eta zur gelditu nintzela ikusita. Begira-begira nuela jabetu nintzenean, «Hau Paris da, zer nahi duzu» esan zidan kementsu eta irribarrea disimulatu gabe, paristar zakarraren estereotipoa ezin egiagoa dela iradokiz eta bera beste ezpal bateko zura dela adieraziz.

Hark emandako argibideei jarraiki, lehendabiziko kantoian ezkerretara hartu eta berehala, Sainte Placide karrikan behera nindoan, kurioski, euskal jatorria duen Paries txokolate-denda eta Osaba izeneko euskal jatetxea batzen dituen espaloian barrena. Halako paisaiaz inguraturik eta eguerdia izanik, batere harritzekoa ez tripa-zorriak piztea, eta konturatzerako, toki ikonikoa behin-behingoz ahantzi eta taberna baten erakusleihoan nengoen geldirik. Arbelean ume idazkeraz paratutako menuak baino gehiago, azpialdean inprenta letraz idatzitako afixa handiak eman zidan arreta: «Wifia doan neskentzat». Sexismo hori horren harro erakustea legala ote den galdegin nion neure buruari, eta Josu Jon Imazi entzundako esaldi hura etorri zitzaidan bueltan: «Ideologia gutxiago eta teknologia gehiago». Alajainena.

Ideia bat burutik kendu ezinik iritsi nintzen etxera, biharamunean. Ez nintzatekeela han biziko, ezta munduko erretretarik onena emango balidate ere, ordainetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.