garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Gardentasunaren izenean

2023ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Egunotako giroak uda amaierako gertaera bat ekarri dit gogora. Mendian nenbilen, agorrilari azken bitaminak zukutu nahian, aipatuko ez dudan udalerri bateko euskara teknikariak hots egin zidanean. «Ilustrazioak ere egiten omen dituzu», esan zidan bere burua aurkeztu ostean, eta baieztatu nion orduko: «Proposamen bat egin nahi genizuke».

Kultura deitzen den nahas-mahas horretan gure kasa gabiltzanoi ez zaizkigu lanak zerutik erortzen, eta are gutxiago, afizioaz harago ezer gutxi aitortzen zaizun arlo batean profesionalki aritzeko. Beraz, poztu egin nintzen zehatzagoa litzateke esatea ezin kabitu nintzela nire praketan, eta halaxe adierazi nion, ongi merezia nuen oporraldialaburtzera zetorrela ematen bazuen ere.

Euskara teknikariak azaldu zidanez, aspaldiko kanpaina bat berritu nahian zebiltzan eta irudi mordoa behar zuten, ehun bat-edo guztira, «norberaren estiloan». Formatuak eta moldeak, berriz, hainbat. Batetik, marrazki sinpleak. Esate baterako, abere eta animalia basatien erretratuak, banaka-banaka. Bestetik, hainbat irudi tematiko, batzuk aski kontzeptualak, ez beti errazak. Behar zituen, gainera, azala, poster ikusgarri bat nahiz zenbait postal osatzeko elementuak eta abar.

Azalpenetan aurrera egin ahala, uzkurtzen eta zapuzten hasi nintzen. Lehenik eta behin, ez zelako justuki lan eskaintza euskara teknikariak niretzat zeukana, lehia batean parte hartzeko proposamena baizik. Aurrekontu bat egin nezan nahi zuen nik eta beste hainbat ilustratzailek eta izan zedila ahalik eta doiena (gauza aski zaila, zehaztapen maila horretan).

Mostrarik ere behar ote zuten galdegin nion. Ezetz. Aski zutela aurrekontua. «Baina nola neurtuko duzue kalitate-prezioa, irudirik eskatuko ez baduzue?»,atera zitzaidan barren-barrendik: «Alegia, merkeenari emango diozue lana». Horri ere ezezkoa, bizpahiru segundoko isilunearen ostean. Interneten begiratuko omen zuten ilustratzaile bakoitzaren era zein den. «Internetek ez daki zer egiteko gauza naizen eta zehazki kasu honetan nola egingo ote nukeen», otu zitzaidan, baina «zein dira zuen irizpideak?», galdegin nion. Ez zuen erantzuten jakin. Ez zirudien eroso.

Beste kezkarik ere izan nuen. Esate baterako, gardentasunaren izenean ezarri den metodo horrek ez ote zituen grafismo landuagoan aritzen direnak bazter uzten. Eta hori, aitortuko ez bada ere, horrela izanik, ez ote zatekeen errazago izango alderantzira egitea: ordaindu nahiko luketen diru-kopurua agerian jarri eta aurrekontu horretara egokituko liratekeen irudigileen eta marrazki moldeen artean hautatu (betiere, irizpideak garbi emanda). Eta garrantzitsuena: besteek baino merkeago eskaintzeagatik lehia irabaziko lukeen horri zein berme emango ote lioketen. Lana amaitutakoan, errespetatuko lioketen egindakoa ala hasieratik zehaztu ez diren baldintzen eta «gustuen» araberako aldaketak eginaraziko lizkioketen, ordu estrak egitera behartuz, ordainik eman gabe. Diseinu munduan ibili garenok sarri entzun izan diogu bezeroari «egin ezazu egoki deritzozuna, eta ziur ongi egina izango dela», baina emaitza ikusitakoan: «Laranja ez dugu sobera maite, berregin ezazu berdez», edo «katua polita da, baina politago ume baten magalean marraztuko bazenu, teilatuan izan beharrean»... guk artistok horren erraz egiten ditugun txikikeriak omen diren horiek.

Ezetz esan nion. Alferrik egingo niola aurrekontua. Eta euskararen kultur mundu petral honetan neure kasa nabilenetik bizi dudan ziurgabetasun, prekaritate eta ezinari sentipen berri bat gailendu zitzaion: galtzera kondenatuarena.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.