elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Besteratze prozesuan

2023ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Futbolak —Espainiako Errege Koparekin—eta Erresuma Batuko erregearen koroatzeak hedabide sare konbentzionala bahiturik eduki duten astearen ondoren, errealitate arruntera itzultzeko behar gorrian sentitzen da bat. Esaterako, zergatik ez, letra txikiko futbolera.

Apirileko azken igandean, Madrilgo Valdebernardo futbol zelaian, 12 urtez azpikoen Espainiako Autonomia Erkidegoetako selekzioen Txapelketa; horren barruan elkarren aurka jokatu zuten mutilen Nafarroako selekzioak eta EAEkoak. Ari da esataria partidaren kontakizuna egiten... baina alderantziz: nafarrak EAEkoak balira bezala, eta EAEkoak nafarrak; partidako gol bakarra EAEkoek egina zen, esatariaren arabera. Berrogei minutuko saioa bukatu eta emaitza panelean azaldu denean... 1-0 nafarren alde. A ze sustoa hartuko zuen esatariak! Nahasketak, ordea, badu bereesplikazioa: EAEkoek elastikogorria zeramaten soinean, eta nafarrek, berriz, urdina. Gainontzean —irakurketa positiboa dator orain—, jokalarien izen-abizenak antzekoak izanik, bereizi ezinak gertatu zitzaizkion nonbait esatariari batzuk eta besteak, Nafarroakoak eta Euskadikoak.

Dabilenari gertatzen zaio, eta futbolaren omnipresentziak dezenterako ematen du. Gaur Egun-eko kiroletan, hor ari da Ernesto Valverde ohiko prentsaurrekoa ematen, eta hara! aurrean daukan pantailan zer agertuko eta hauxe: Alua, hizki handitan. Hurbildu naiz telebistara eta azpiko letra txikietan aurkitu dut esplikazioa: hotels and resorts. Andaluziara, Balearretara eta Kanarietara doazen turistak harrapatzeko sare horietako bat da nonbait Alua. Eta nire artean, Athletic-entzat publizitatea aukeratzen duenak ba ote daki euskaraz? Jakingo balu, iragarki hori beste modu batera taxutuko luketela iruditzen zait, nahasketarik ez eragiteko.

Kontua da kolonizazio prozesu betean gaudela, eta ez bakarrik hizkuntzaren aldetik. Adibide bat: Donostiako Abenida; geratzen dira oraindik bertako izenak —eta izana— gordetzen dituzten establezimendu bakan batzuk: Erviti musika denda, Ayestaran zapata-denda, Auzmendi jantzi-denda... Hortik aurrera, Swarovsky, Aristocrazy, Scalpers, Sketch Concept, Tea&Shop, Oysho, Starbucks... eta dena osatzeko, Kontxa aldera, El Quijote! Tartean, bankuak daude —Abenida beti izan da banketxeen erakustokia—. Gainontzean, higiezinen agentziek salgai edo alokagai dauzkaten lokal hutsak ikusten dira, kanpoko firma gehiagoren zain, itxura guztien arabera. Eta Abenida bakarrik ez, beste inguru batzuk ere harrapatzen ditu kolonizazio komertzial-turistikoak; Urbieta kalearen bukaeran jo eta ke ari dira Hilton hotela izango denaren eskeletoa birgaitu eta berreraikitzen.

Hainbat mota eta norabidekoa da jasaten ari garen besteratze prozesua. Aurreko iluntze batean, Donostiako Alde Zaharreko taberna batetik pasaeran, hara non ikusten dudan ilara luuuuzea kalean. Zer gertatzen zen galdetu eta esplikatu zidaten: taberna horretako pintxo bat oso famatua egin omen da; ingelesezko izena ipini diote, jakina: basque cheesecake. Iñigo Martinez Peñak Mandamentu hipermodernoak liburuan aztertzen dituen fenomenoetako baten barruan koka daiteke afera: «(...) merkantziak baino gehiago emozioak kontsumitzen ditugu, esperientziak daude salgai».

Gurean sukaldari famatuekzabaldu zuten esperientziak eskaintzearen moda, bistan da, turistei begira diharduten tabernetara iritsi da. Eta horrela, poteoko taberna zenak saltoki handietako merkealdietan egosten den harrapari giroaren tankera hartzen du; bezeroak, elkarri kontu batzuk esaten aritu ordez, asper-asper eginda ageri dira ilaran, eta urduri, inork ez aurrea hartzeko lehiak estresatuta. Tokitan geratzen da poteoko tabernen alderdi sozializatzailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.