Onintza Enbeita.
BIRA

Gaur

2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Gaur ez dugu txaparik jantzi beharko paparrean. Gaur lasaitasun ederra hartuko dute despistatuek. Gaur ez dugu jakingo Metroan, edo autobusean, edo trenean, edo tranbian gure ondoan doana euskaldun ahobizia den edo ez. Gaur ez dugu begiratu hutsarekin antzemango medikuak euskaraz ulertuko gaituen edo ez. Gaur ez diogu segurtasunez eta lasai egingo euskaraz okindegiko langile berriari. Gaur erantzun txarren bat har dezakegu euskaraz egitearren,eta txiki senti gaitezke berriz ere. Gaur konturatuko gara hamaika egunetan oso ahaldunak izan garela, nahiz eta jakinaren gainean eman ditugun eman beharreko urrats guztiak. Gaur eta bihar eta etzi belarri prest aktiboak izan nahi dugunok, euskarazko kultur eskaintzen bila ibili beharko dugu berriz ere. Gaur normala irudituko zaigu, lehen bezala, kazetari euskaldunek euren mezua gaztelaniaz ematea euskaldunoi. Gaur abenduaren 4a baino ez da: euskararen egunaren hurrengo eguna. Gaur ez da ia inon egongo jaialdi berezirik edo euskarari lotutako emanaldirik. Gaur ez da egun berezia, baina berezi egin dezaket, zenezake, dezake, dezakegu, zenezakete, dezakete. Gaur antolatu gabeko euskaraldia hasteko momentu aproposa eta ederra da. Gaur paparrean zer daramagun ahaztu, eta inoiz baino biziago eta prestago izateko eguna da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.