Garbitzaile azpikontratatu baten aurkako sexu jazarpena salatu du LABek

Emakume langileak auzitara eraman du Derioko enpresa bateko burua. Sindikatuak dio salatzea ez dela erraza, langileak «beldur» direlako

LABek babesa adierazi zion atzo salatzaileari, Bilboko epaitegien aurrean egindako elkarretaratzean. LAB.
Maite Asensio Lozano.
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
LAB sindikatuak auzitara eramango du emakume batek lantokian pairatutako sexu jazarpen kasu bat. Oraingoan Derion (Bizkaia) izan da: azpikontratatutako garbitzaile batek salaketa jarri du lanean ziharduen enpresako buruetako baten aurka. Sindikatuak elkarretaratzea egin zuen atzo, Bilboko epaitegien aurrean, Sexu jazarpen laboralaren aurrean, aurrean izango gaituzue lelopean. LABek gogora ekarri zuen lan eremuan ere «egunero» jasaten dutela bortizkeria emakumeek, baina oso kasu gutxi ateratzen direla argitara: «Salaketa aurkeztera ausartzea ez da erraza; horregatik, langileak izan duen duintasuna eta kemena azpimarratu nahi dugu».

Sindikatuak ohar bidez azaldu duenez, 2016ko amaieran hasi zen emakumearen aurkako jazarpena: gizona kafea prestatzeko eskatzen hasi zitzaion, eta, ondoren, WhatsApp bidezko mezuak bidaltzen hasi zitzaion, «lan ordutegitik kanpo eta konnotazio sexual argiekin». Gerora, telefono deiak ere jaso zituen, «behin eta berriz, batzuetan bost aldiz jarraian, gaueko ordu txikietan». Lantokian ere «behatu eta kontrolatu» egiten zuen nagusiak; bulegora joateko keinuak egiten zizkion, eta «espazio bakartu eta txikietan topo egitea» bilatzen zuen. Sindikatuak deitoratu du andreari kalean jarraitzera ere iritsi zela akusatutako gizona.

«Hilabete askoan bortitza eta umiliagarria zitzaion egoera bat sufritu behar izan du», ohartarazi du LABek. Azkenerako, gaixotu egin zen langilea: antsietateak jota dagoela jakinarazi du sindikatuak.

Hala ere, emakumeak salaketa aurkeztea erabaki du. LABek berretsi du ez dela pauso erraza izan, denbora luzean «beldurrez» ibili delako garbitzailea: «Lan zentro horretan egiten zituen lanaldiko ordu gehienak. Ondorio negatiboen beldur zen, bai garbiketa enpresaren aldetik, bai bezeroaren aldetik, azken horretan jazarlea lehen lerroko kargua zelako».

Salatu gabeko errealitatea

Sexu jazarpena ezkutuan izateak ere ez du laguntzen halakoetan. «Esaten eta salatzen ez den errealitate bat da». LABek gogor gaitzetsi du indarkeria matxista eta prekaritatea uztartzen direla eremu horretan: «Salaketajartzen duen emakumearen integritatea bermatzeko baliabide instituzionalen faltari eta egungo justizia patriarkalak eragiten duen konfiantza faltari beste elementu bat gehitzen zaio: lana galtzeko beldurra eta mehatxua». Hartara, bide juridikotik ez ezik, sindikatuen esparrutik ere jardutera deitu du: «Ahizpatasun mekanismoak eta elkar zaintzakoak jarriko ditugu martxan. Irmotasunez erantzungo diogu emakumeen aurkako indarkeria seinale txikienari ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.