Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Indarra

2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Indarkeria matxistaren aurkako eguna izan zen herenegun. Emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako ere deitu izan zaio. Deigarria da gai honen inguruan ezeztapenbikoitzak zenbat aldiz agertzen diren. Kontua da bi izenek dutela muinean mezu bera, baina esateko modua ezberdina da. Fokua ez da leku berean jartzen batean eta bestean.

Fisika klasikoaren arabera, indar bat masadun gorputz batek jasaten duen abiadura aldaketak definitzen du. Newtonen lehen legeak hala dio: indarra berdin masa bider azelerazioa. Kasu honetan, indarra ezagutzeko aski dugu azeleratu den gorputzari begiratzea. Indarkeria matxistari dagokionez, ikuspuntu murritza litzateke indar bat ezagutzeko jasan duen gorputzean eragin den abiadura aldaketari soilik begiratzea.

Newtonen gainerako legeek indarren elkarrekintzan ere jartzen dute arreta. Tira, esperantza apur bat. Indarrak bi motatakoak izan daitezke: kontaktu bidezkoak ala kontaktu gabeak. Kontaktu bidezko indarretan elkarrekintzan dauden bi gorputzek elkar ukitu behar dute. Talka bat litzateke adibiderik bisualena; gainazal batean arrastaka doan gorputzak jasaten duen marruskadura indarra, ez horren ikusgarrietako bat. Kontakturik behar ez dutenen artean, erakarpen indarra litzateke adibiderik ezagunena, indar elektromagnetikoa beste bat.

Bietan, bi gorputzen arteko indarren elkarrekintza bat gertatzen da. Baina edozein kasutan, sistema fisiko hauek aztertzean, gorputz bakoitza bereizi egiten da. Gorputz bakoitzari elkarrekintza horrek nola eragin dion jakin nahi izaten da. Eta beraz, gorputz horien gainean eragin duten indarrak hartu ohi dira kontuan.

Gogoan baduzue, gezi baten bidez adierazten dira indarrak. Geziaren puntak noranzkoa adierazten du, eta luzerak indarraren magnitudea. Gezi bakoitza indar hura jaso duen gorputzaren gainean kokatu beharra dago. Gorputz horrek jaso dituen indar guztien geziak bere gainean idatzita dauzkagunean, gezien batura bektoriala egin behar da, indar horiek guztiek gorputz horri nola eragingo dioten jakiteko.

Beraz, bi sistema bakartu bihurtzen dira bi gorputzak berriz. Ez hori bakarrik, kasurik gehienetan, bi gorputzetako batengan eragiten duten indarretan ez da atentziorik jarri ohi. Izan ere, masa handiena duen gorputzari txikiena duenak eragiten dion indarra apenas nabaritzen duen gorputz handiak. Azeleraziorik ez du jasango apenas, eta beraz, aztergai eta interesgarri indarrak eragin nabarmenena egin dion gorputza soilik bihurtzen da.

Elkarrekintzak onartzeak ez gaitu, beraz, ikuspuntu klasikotik gehiegi urrundu. Berriz ere atentzioa, geziak eta begiradak, indarkeria jaso duenaren gorputzean.

Beharbada fisika kuantikoak indarrak nola azaltzen dituen ulertzeak lagunduko liguke beste ikuspuntu bat bilatzen. Fisika kuantikoaren arabera, indarrak ez dira kontaktu edo indar-eremu bidez azaltzen, indarrak partikula batzuk dira. Fermioi izeneko partikulek materia osatu, eta bosoiek indarrak gidatu edo garraiatzen dituzte. Indar elkarrekintza bat fermioien arteko bosoi truke batek eragingo luke. Hala, bosoi mota ezberdinek gidatzen dituzte indar elektromagnetiko eta nuklearra. Eta grabitazionalak ere hala behar lukeela uste da, nahiz eta oraindik ez den partikula hori aurkitu.

Indarra materializatzen du, beraz, fisika kuantikoak, nolabait. Ez da ikusezina den eremu misteriotsu bat. Indarra existitzen da, eta ulertzeko, nork nori eta zer, hirurak dira garrantzitsuak.

Indarkeria matxista ere ez dugu bere osotasunean ulertuko bere ezaugarri eta aldaera ezberdinei ez ikusi egiten badiegu. Nori ez ezik, jar ditzagun fokupean nork eta zer. Hasi eskala subatomikotik eta gure gorputzeneraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.