Albistea entzun

ARKUPEAN

Psikofonia adimentsuak

Ana Malagon -

2021eko apirilak 23

Kopetak elkartzen dituzte aurikularren kableak ez duelako gehiagorako ematen. Auskalo zenbat aldiz entzun duten abesti bera. Ez dakit K-Pop talde baten azkeneko hit hori den ala Bad Bunny-ren zerbait. Chill Mafia ala Taylor Swift-ena. Ezagutzen ez dudan beste norbaitena izango da. Mende honetan mantentzea eguneroko lana da eta ni alfer xamarra naiz. Hala ere, saiatzen naiz norbaitek autobusean edo plazan sakelako bozgorailua topera duenean lehenengo graduko hilketa bat ez egiten eta segundo batzuk bada ere, oraina entzuten.

Azken finean, gu ez ginen hain desberdinak atzo. Ados, herenegun.

Ikastolako txangoetan hamar kilometroero norbaitek gidariari kasete bat hurbiltzen zion, eta tarifa igoera bat eskatu beharko lukeela pentsatuz gogo txarrez jartzen zuen honek. Lehenengo notekin hasten ziren protestak. Batzuk altuago, ez da entzuten, kendu mierda hori besteek. Tolerantzia ikasketa bat egongo zen horretan, baina guk ez genuen ezer ikasi. Walkmanen erabilera zabaltzean, autobusean musika entzuteko esperientzia indibidualagoa bilakatu zen, atzera eta aurrera egiteko erabiltzen zen boligrafoarekin bakarrik konpartitzen zena. Baina beti zegoen norbait txangoetako DJ lanak egiteko eta batez ere mundu guztia izorratzeko prest.

Ez dakit nondik gentozen bueltan arratsalde hartan. Udazkena edo negua izango zen, errepidea ilun zegoelako, baina ezin zuen oso berandu izan. 1990. urtea zela badakit. Urte hartan Sinead O'Connor-ekin maitemindu ginen eta Depeche Mode-ren laguntzarekin isiltasunaz gozatu. Hik lan eta nik jai-aren ziria sartu ziguten Tapia eta Leturiak; alderantziz dela jakingo genuen urte batzuk beranduago. Baina I. gidariarengana gerturatu zenean ez zigun halakorik jarri. I.-k, gure onetik ateratzeko gai izan arren asko estimatzen genuen I.-k, Linareseko jauregiko ustezko psikofonien kasetea jarri zigun autobus osoari.

Psikofonia haien grabaketa nondik atera zen gogoratuko duzu agian. Tiempo aldizkariak oparitu zuen bere zenbaki batekin, nahiko sonatua izan zen marketin mugimendu ausart bezain bizarro batean. 1992 aurretiko Espainia hartan arrakasta handia izan zuen, eta, gaur egun Casa de América bezala ezagunagoa den Madrileko Linareseko jauregiak, bere merchandising eta bisita (eta bandalismo) booma.

Autobusaren bozgorailuetatik Raimundita neskatoaren ustezko ahotsa bere amari deika entzuten hasi bezain pronto belarriak estaltzen hasi ziren batzuk, barre urduriz lehertzen besteak. Pentsa dezakezue zer egin zuen bere momentuan Dracularen marrazki bizidunezko bertsio batekin ere amesgaiztoak izateko gai zen honek.

Badakit urte batzuk lehenago arrakasta izan zuen Milli Vanilli bikotea bezala, psikofoniak iruzurra direla eta haien atzean dauden istorioak terribleak, reality-tik gertu dauden gezurrak. Linaresen jauregian bizi zen Murga familiaren inguruan ere istorio ikaragarriak eraiki ziren. Piroteknikoena nahigabeko inzestu baten fruitu zen Raimundita bere gurasoek hil zutela kontatzen duena da.

Psikofonien urrezko aroak ez zuen asko iraun, eta komunikabideetatik eta ikastoletako txangoetako autobusetatik desagertzen joan ziren. Adimen Artifizialak sortutako ahotsek oraindik demodé-agoak egin dituzte hirugarren milurteko honetan. Baina iraganeko ahotsak guk nahi duguna esaten entzun nahi ditugu oraindik. Lola Flores garagardoa saltzeko andaluzismo sakonerantz jotzen, psikofoniak bezain artifizial eta haien atzean dagoen atzokoa presente bilakatzeko irrika hori bezain adimentsu.

Gu ere iragan egingo gara, psikofonia bilakatu. Batzuetan neure buruari galdetzen diot ez ote duten gure Whatsappeko audio lerdo guztiek gure hilosteko misterioak girotzeko datu basea osatuko. Ez ote duen kuadrillarekin gelditzeko gogorik ez genuen egun hartako aitzakia merke hark Ganimedeseko ikastola kontzertatu baten espazio ontziko bozgorailuetan amaituko. Eta norbaitek mierda hori kentzeko esan bitartan, gure iruzurrak inoiz baino zintzoago.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.