Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Uda herrian

2021eko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Urteko azkenak izaten dira denbora hauetan. Azken klasea, azken bilkura, azken emaitza edota azken alokairua. Lehen anitz metatzen dira momentu horretan: lehen apartamentu bilketak, lehen hondartza, lehen oporrak, lehen zigarretak eta lehen bestak. Udako trantsizioak jendeak azkarki markatzen ditu, eta desberdintzen. Batzuentzat lan denbora eta beste batzuentzat, aldiz, oporraldia. Batzuk turisten zerbitzari eta beste batzuk turista egiten. Herrian bizi direnentzat, berriz, dilema. Herriaz gozatu, abusatu gabe, barne turismoak ere enplegu prekario anitz baldintzatzen dituelako. Gure espazioak sortuz, beraz, orekatzen gara: herrian eta herriarentzat.

Arnasa egiteko gune horiek urtero sortzen dira gure inguruan. Alde batetik, ikusgarriak, eta ohikoenak herriko bestak ditugu; Euskal Herrian zehar hainbat formatu eta tradizio herrikoi badira. Besta batzorde eta gaztetxe, peña edo txosnagune. Bilbotik Altzürükura, guztiak dira handi antolatzaileentzat. Bestalde, lekuka hitzordu tematikoak proposatzen dira. Itsasun mendizaleentzat Hirukasko, Angelun surflarientzat Gliss'eguna, edo Ean poesia egunak. Turismoaz aparteko tarteak eta alternatibak ateratzen gaitu kontsumo hutsaren sistematik. Uda betez, baina herrikoitasunez betez.

Hitzordu puntual eta sakabanatuez gain, baditugu ere Euskal Herri osoan eskaintzen direnak; edota arrazoi desberdinengatik sorturiko topaguneak. Herriko besta gotorrak —dituzten erakargarritasun berezi eta eskaintza zabalekin—, bi kategorien artean kokatzen ahalko genituzke. Iruñeko bestak, Baionako bestak, Donostiako bestak eta Bilboko bestak ez ote dira gure barne turismo herrikoiaren islarik hoberena? Dudak sortzen ditu publiko baten alkoholaren kontsumoaren nagusitasunak, ez da ordea antolatzaileek aurreikusten duten gauza bakarra. Bilboko txosnek kontzertu, apairu, hitzaldi, joko edo antzerkirik gabe erakargarritasun bera ukanen zuten? Dudak darrai. Donostiako Piratek abordaia egiten ez bazuten, eta portuan pesta alternatiba bat ez bazuten sortzen, gazteak egongo ziren Donostiako bestetan? Bai, segur aski, baina ez gazte guziak.

Subjektibotasunez hautaturiko bi kategoriaren adierazle dira UEU eta EHZ. Udako Euskal Unibertsitatea eta Euskal Herria Zuzenean elkartea. Lehenak, akademia eta herrigintza estuki lotzen duen elkartea izanki, Euskal Herriko toki ezberdinetara iristeko ahaleginak egiten ditu. Urte osoko ekimenak badira ere, udako ikastaroek dute urtea markatzen (hasten edo bukatzen), udako trantsizioari arnasa berri bat emanez. Bigarrena ere, EHZk antolatzen duen festibala, udan kokatzen da; udaren hasieran, baina antolatzaileentzat urtearen bukaera finkatzen duen ekimena da. Gure Euskal Herriko topagunea, gure esperientzia gunea, gure iraultzeko tokia baita ere gure eremu normalizatua.

Han-hemenka ibiliz, udako garaiak trantsiziorako tarteak katalizatzen ditu. Turismoari men egin gabe, udan geure buruak deskolonizatzeko bidea jarrai dezagun. Uda on!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.