Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Distira eta itzalak

2021eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Londreseko Borough Marketen jan nituen lehen aldiz litchiak. Zer ziren ere ez nekien, eta nola jaten diren azaldu behar izan zidan hiria ezagutzera eraman ninduen adiskideak. Txinako Guangdong eta Fujian probintzietan du jatorria kanpotik bitxia eta barrutik gozoa eta atsegina egin zitzaidan fruituaren zuhaitzak. Txina bai, baina litchi, Guandong eta Fujian, entzunez ere ez nituen ezagutzen, eta hantxe, denetatik eskaintzen duelako munduan bakarra den Londreseko azokan, topatu nituen lehen aldiz. Munduko beste puntan eta, hala ere, goxo eta fresko, aurreko gauean uzta bildu izan balute bezala.

Han, hiri kosmopolita hartan, azoka exotiko hartan, hori eta beste hamaika kutixi erraz topa zitezkeela esan zidan adiskide londrestarrak. Miresmenez begiratzen nuen inguru osora, zer beste berri, gozo eta gogoangarri topatuko nuen deskubritzeko irrikan. Gurea artean herri txiki bat besterik ez zen, zeinean garai horretan igandeetan ez baitzen ogirik ere egiten, eta bat-batean ugaritasun horretan, denetarikoaren paradisuaren erdian nengoen. Hiri hori beste mundu bat zela esan nion adiskideari eta berak garapenaren distiraz hitz egin zidan, irribarre harro batez.

Fruitu exotiko gutxi dago azken bolada honetan Londresen, eta are urriagoak izango dira inperioaren erdigune ez diren Erresuma Batuko bestelako hiri eta herrietan. Litchiak ezagutarazi zizkidan lagunak idatzi dit esanez lotsagarria dela hango egoera. Lotsa hitza aipatu du; ez du kezka berba erabili, ez du esan bizitza zailago bihurtu zaiela. Lotsa aipatu du, eta azoka hartan erakutsitako harrotasunaren teloia nola jausi den ikusten ari nintzela bururatu zait.

Hornidurarik ezak ataka gaiztoan jarri du herrialde osoa, garapena eta kontsumoa gauza bat eta bakarra baitira han (eta baita hemen ere, bide batez esanda). Berriki ezagutu dugun inkestaren arabera, 1,2 milioi langile inguruk alde egin dute Erresuma Batutik azken bi urte hauetan, eta horrexegatik omen daude hutsik apalategiak, mundu osotik ekarritakoa etxeraino ekartzen zutenak horiexek zirelako, bat-batean desagertu diren pertsona horiek guztiak.

Espero izatekoa zela diote adituek, behin brexit-aren ondoren iragarritako immigrazio-legeak indarrean sartzean bertan bizitzea itogarri egiten zaielako horniduraren katebegirik ahulenari eusten zioten langileei. Hori gutxi ez, eta, pandemiarekin, lehendik eskasak ziren lan-baldintzak are gehiago eskastu zaizkie ekonomiaren estoldetan —ez itotzeko ahalegin antzuaz— bizitzera kondenatuta zeudenei.

Joan dira bertan nahi ez zituzten itzaletako langileak, eta ikuskizun zoragarriari eusten zion tramoia leku zikin eta itsusia dela agertu da. Harrotasunez hitz egiten zutenak lotsaturik daude orain, distira egiteari utzi egin diotelako. Desagertu dira garapenaren neoizko argiek ikusten uzten ez ziguten itzalpeko langileak, eta liluragarria zirudiena jasanezin bilakatu da, hitzaren adiera zehatzean, gainera. Azokak, dendak, supermerkatu eta gasolindegiak hustuz eta hustuz joan dira. Beharrezkoa dena besterik ez erosteko afixak ipini dituzte saltokietan, eta joan-etorriak derrigorrezkoak diren kasuetarako gasolina-bonuak banatzeko eskatu dute, adibidez, osasun-arloko langileek. Jende gutxiago dabil hara-hona, banaketa-furgoirik apenas. «Lotsagarria da», dio nire lagunak, berezko zerbait galdu duenaren atsekabeaz.

Galdu? Ez dakit hitz hori erabil daitekeen geurea ez den zerbait desagertzen denean, baina halakoxe sentipena nagusitzen da: emantzat jotzen genuen zerbait falta zaigu.

Ispilatzea apurtu egin da, distira egiten duen oro ez baita urre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.