Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Planoak

2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Azken egunetan hezkuntza legearen harira izan diren zenbait eztabaidak orain hilabete inguru Getxo Photo erakusketan ikusitako argazki bat ekarri dit gogora. Argazkia, edo posterra, 2019. urtekoa da, eta Online Culture Wars du izena. Inoiz lehenago ikusita neukan plano bat azaltzen da bertan, bere ardatz horizontal eta bertikalekin. Horizontalean, eskuina kokatzen du eskuman eta ezkerra ezkerrean. Eskuina eta ezkerra ikuspuntu ekonomiko batetik ulertuta. Ardatz bertikalean, aldiz, autoritario izatea kokatzen du goian eta libertario edo askatasun-zalea behean.

Plano osoa memez, pertsonaia ezagunez eta enpresa eta marka izenez beteta dago. Batzuk ezagunagoak, besteak nik sekula ikusi gabeak. Kontua da ariketa bitxia iruditu zitzaidala erabakitzea ezagun ditugun gauzak planoko zein puntutan kokatuko genituzkeen bakoitzak. Edo are, non kokatuko genukeen geure burua.

Ez da ariketa erraza, eta beharbada zentzuzkoa ere ez. Baina norbaiti aldagai horiekin plano bat eraikitzea bururatu zitzaion, eta plano batek puntu multzo huts batek baino joko gehiago ematen du. Hasteko, gizartea lau koadrantetan bereizten du. Eskuineko-autoritario, ezkerreko-autoritario, ezkertiar-libertario eta eskuindar-libertario.

Baina koadranteetatik haratago ere egin litezke irakurketak. Izan ere, jatorritik pasatzen diren zuzenek ere definitzen dute jende multzo bat. Zuzen diagonaletan bata bezain bestea den jendea dago. Adibidez, lehen koadranteko diagonalean leudeke eskuineko bezain autoritario direnak. Diagonaletik gora autoritarioagoak direnak eskuinekoak baino, behera alderantziz. Eta jakina, diagonal berean zenbat eta jatorritik urrunago kokatu, orduan eta eskuinekoago eta autoritarioagoa izango litzateke posizio horretan dagoena.

Diagonalak lirateke malda berdin 1 daukaten zuzenak. Baina horiez aparte edozein maldatako zuzenak igarotzen dira jatorritik. Segun eta norberarengandik jatorrirako zuzenak zein malda hartzen duen, horrek adieraziko du zein proportziotan garen ardatzetako aldagaietako bakoitza. Adibidez, hirugarren koadrantean biko malda daukan zuzenean dagoena bi aldiz libertarioagoa da ezkerrekoa baino. Malda erdia duen zuzenean badago, bi aldiz ezkerrekoagoa libertarioa baino.

Hezkuntza sistemarekin ere gertatu da halako zerbait. Ardatz horizontalean eskuman pribatu eta ezkerrean publiko jar genitzake, eta, bertikalean, euskalduna goian eta erdalduna behean. Plano horretan kokatu da eztabaidaren parte handi bat. Eta gisa horretako galderak egin dizkiogu geure buruari: zein koadrantetan dago ezagutzen ditugun zentroetako bakoitza? Zein maldatako zuzenetan? Non kokatzen dugu hezkuntza sistema oro har? Non behar luke?

Gehienean, baina, planoko irakurketak hori izango dira: planoak. Ardatz gehiago gehi geniezazkioke argazkiari. Bat gehituko bagenio, demagun inguruaren batez besteko maila ekonomikoa, adibidez; orduan hiru dimentsiotan hasi beharko ginateke egiten ariketa. Orain zuzenek ez ezik planoek bereiziko lukete espazioa. Lau kuadrante izan ordez zortzi izango genituzke. Gauzak bisualizatzea gehiago kostako litzaiguke.

Zer esanik ez bestelako ardatzak gehitu nahiko bagenizkio: populazio dentsitatea, euskararen erabilera... Daukagun ardatz kopurua N bada, 2 ber N koadrantetan geratuko zaigu gizartea banatuta. Esponentzialki hasten da, beraz, ariketa konplikatzen. Beharbada horregatik bukatzen dugu eztabaidak planora eramaten.

Nik oso garbi daukat gure hezkuntza sistemak bigarren koadranteko diagonalean behar lukeela. Jatorritik urrun. Hori bai, planoko puntu horretara iristeko bidea marraztea zuzenak irudikatzea baino konplikatuagoa izango da, tamalez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.