Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Galderak

2022ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Batzuetan, galdera nola egiten den interesgarriagoa da balizko erantzuna baino. Galdera bakoitzean intentzionalitate bat datza, fondoko itsasoko korronteek hondartzan olatua eragiten duten modu berberaz azalera ateratzen dena. Asmo hori modu argi edo ezkutuaz ikusarazten da, galdera egiten duenaren abilidadearen arabera, eskuarki.

«Zer nahi duzue, medikuak izatea edo mediku euskaldunak izatea?», galdetu du urliak, eta bistakoa da zein den galdera horrek berekin dakarren intentzionalitatea. Galdera ez da bat-bateko aterraldia izan, ez da testuingururik gabea; aitzitik, osasun- sistemaren norantzaz eztabaida sakona dagoen unean jaulki du gezia, eta lortu du, tarte batez bederen, begiak dianaren erditik kentzea. Garaian garaiko aldaerekin, euskararen komodina argumentu erosoa geratzen zaie batzuei, bereziki erantzun deserosoei iskin egiteko amarru gisa erabiltzeko, mediku nahikorik zergatik ez dugun galdera askoz sakonagoari ez heltzeko, adibidez.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak egindako adierazpenek harrabotsa sortu dute, kultura-aldaketa dela medio, hurrengo urteetan osasun-sistema aldatu egingo dela iradoki baitzuen, eta horretara ohitzen hasi behar omen dugula esan zuelako. Bere hitzek espero ez zuen oihartzuna izan dutela esanez kexu zen hurrengo egunetan, eta esandakoaren gaineko ñabardurak eta zehaztapenak egin bazituen ere, bolo-bolo jarraitu du eztabaidak.

Osasun-sistema gure ongizatearen zutaberik garrantzitsuenetako bat da, hezkuntza eta gizarte-zerbitzuekin batera. Gizarte-antolaketaren zimenduetan dautza, justizia eta ekitatea bezalako kontzeptu gorenak, ederrak baina ukiezinak zaizkigunak, gorpuztu egiten dituztelako. Anbulatorioetan, eskola-sarreran edo udaletako gizarte-zerbitzuen bulegoetan ukitu egiten da herrigintza, garenaren neurria ematen dute eta. Publikoa dela esaten dugu ez bakarrik denok erabiltzeko eskubidea dugulako, guztion erantzukizuna ere badelako baizik.

Herri-hitzarmen inplizitu bat datza sistema horien gibelean: elkarri aitortzen diogu ez gaudela bakarrik egurats gorrian, gizarte-sare bat dugula elkarren zaintza eta ardurak bermatzeko, norberaren gaitasun eta ahaletatik haratago, herri-gaitasunak garatuko ditugula inor atzean ez uzteko. Inozoa irudi lezake, baina nik sinistu egiten dut hala izan daitekeela.

Egia da gure ohiturak aldatu egin direla eta teknologiak posible egin duela gutxira arte pentsaezina zena. Egia da gure egitura demografikoa itzulipurdiz jarri dela eta beharrizanak areagotu dituela esparru batzuetan, eta eraldatu dituela beste batzuetan. Zuzen dago Osasun sailburua: sistema eta zerbitzu publiko guztiak aldatuko dira luze gabe, gizarte-hitzarmenari eusten dioten baldintzak aldatu egin direlako, besteak beste. Oker dago, ordea, ohitzea beste erremediorik ez dugula esaten duenean. Proiekzioak ez dira egia absolutuak: deus egiten ez badugu zer gertatuko den baino ez digute esaten.

Aldaketaren komodina erabiltzea erosoa izan daiteke, baina ez da zintzoa, ezta nahikoa ere, hori esan eta berehala zerbitzu publikoak nola aldatzea nahi dugun galdetzen ez badugu. Zerbitzu publikoak gizartearen premietara egokitu behar dira, ez alderantziz.

Ez dakigu nolakoa izango den etorkizuna, baina modu bakarra dago jakiteko: galdera egokiak egin, erantzunak adostu eta printzipio eta eskubideak ukigarri egiten dituen sarea indartzea. Erantzun errazik ez duten galderak egitea arte bat da, gurean gutxi praktikatzen dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.