elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Adore kontuak

2022ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Gaur gaueko sua, solstiziokoa, zapuztu zaie erraietaraino Nafarroa lehorrean. Hango mapa erabat berritu zaigu memorian, suaren indar suntsitzaileak aurrera egin ahala: Leire toki mitikoa izan zen lehena; hortik aurrera bailaraz bailara, herriz herri, mendiz mendi, saltoka ibili gara alderik alde: Erreniega, Alloz ingurua, Orbaibarra... San Martin Unx, Uxue, Eslaba, Galipentzu, Olleta (Montxo Armendariz zinegilearen jaioterria)... Obanosen etxe batzuk ere erre direla; zenbait herri hustu egin behar. Horixka zeuden gari eta garagar lursailak, beltz. Leku hezeagoetan bizi garenok begiak bustita jarraitu dugu afera, hondamendia jasaten ari zen adin guztietako jendearen adorea miretsiz. Iruñerriko herri txiki batean bizi den lagunak azkar bota zidan sententzia: klima aldaketa. Eta bai, adituek horri egozten diote deskalabrua.

Josefina Lamberto Ioldik(Larraga, 1929-Iruñea, 2022)—Maravillasen ahizpak— gutxigatik ihes egin dio Nafarroako suteen sarraskiari. Orain ikur grafiko bihurtuta dabil Ane Arzelusek egunkari honetarako diseinatu duen trixertan. Ikono bilakatu baita moja ere izan zen emakume ausart eta borrokalaria. Inoiz kasualitateak lotura bitxiak egiten ditu. Ekainaren 9ko BERRIAn, Josefina Lambertoren soslaia jasotzen zuen orrialdearen aurrekoak hauxe zuen izenburutzat: «Andreen zahartzaroak 'eredu berriak' behar ditu, adituen arabera». Gotzon Hermosillak idatzitako kronika zen, Emakundek Bilbon antolatutako Emakumeak eta zaharrak: botere eraldatzailea eraikitzen jardunaldiez.

Eta hor, behin berriro ere topo Anna Freixas Farre pentsalariarekin: «Zahar berriok ez dugu eredurik. Zahartzaroa endekatze prozesu bat balitz bezala saldu digute, baina guk dotore, osasuntsu eta egitasmoz beterik zahartu nahi dugu, eta horretarako eredu berriak behar ditugu». Eginahal horretan, Freixasek feminismoa aldarrikatzen du lanabes gisa, adinkeriak arazotzat planteatzen duen zahartzaroa, lorpen modura hartu eta bizitzeko. 1968 inguruan feminismoa deskubritu zuen gazteen belaunaldiak badauka zeregina: zahartzaroa bizitzeko paradigma berria asmatzea.

Ildo horretatik jotzen du Arantxa Urretabizkaiak, Itziar Ugarte Irizarrek Azken etxea nobelaz (Pamiela, 2022) egindako elkarrizketan (BERRIA, 2022-06-16) ondokoa dioenean: «Zahartzeko modu tradizionala desagertu dela ia, eta zahartzeko modu berri bat asmatzen ari garela; zantzuak badaude han-hemen, baina eredu oso bat ez, eta aukeratu dezakegu: ez dago modu bakar bat zahartzeko».

Bere belaunaldiarekiko autokritika ere sumatzen zaio Urretabizkaiari: «Ni gaztea nintzenean, helduaroa zen bizitzaren gailurra. Gazteak ginen prestatzen ari ginenak helduarora ailegatzeko, eta meritu asko egin behar genuenak pertsona osoak kontsideratuak izateko. Baina 68aren inguruan, nire belaunaldiak asmatu zuen ezetz, gailurra gaztaroa dela, eta horren ondoren dena dela amildegirako bidea. Eta hor bizi gara».

Ba hain zuzen ere, Urretabizkaiaren nobelako protagonistak amildegiari iskin egiten dio, enpeinu guztiarekin bilatuz bere azken etxea izango duena. Itoginik gabeko etxea, gustuko landare eta loreak lantzeko aukera emango diona, Larhunen bista eskainiko diona... pertsona beregain gisa jarraitzea ahalbidetuko dion bizilekua. Bide batez, emakume adindua ixten joango da gaztaroko eta helduaroko etapak, harremanak eta ibiliak, nostalgian erori gabe, eta ezta damuan ere; epe mugatua duela jakitun, aurrean daukan denbora horri dagokion zukua ateratzeko adorearekin. Azken etxea fikzioa da; suspensetik ere badu, eta irakurlearekin jokatu egiten du tarteka. Aldi berean, «zahartzeko modu berri bat» asmatzeko ahaleginari ekarpen zinez baliagarria egiten dio, kontuan hartzeko pista batzuk eskainiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.