Indarrez jantzitako doinu eztiak

Mugan taldeak zazpi kanturekin osatu du 'Bizirik ez bagaude', bere ibilbideko lehen diskoa

Mugan musika taldea, disko berria argitaratu baino lehenago. PABLO CLEMENTE.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Musikak elkartu zituen orain hiru urte Pablo Zurutuza abeslari eta gitarra jotzailea eta Ander Murua bateria jotzailea. Muruak gogoratu du egun hura: «Jai giroan geundela proposatu zidan Pablok elkarrekin abestiren bat entseatzea. Ez genuen elkar asko ezagutzen artean, baina, hurrengo egunean bertan hasi ginen entseguekin». Mugan musika taldeko kide dira orain biak, eta lehendabiziko diskoa kaleratu dute berriki: Bizirik ez bagaude.

Entseatzen hasi, eta zazpi dira egun taldekideak: Ander Murua (bateria), Pablo Zurutuza (gitarra eta ahotsa), Garazi Aranburu (ahotsa) Enara Rodriguez (pianoa), Markos Murua (tronboia), Eneritz Genua (biolina) eta Joseba Pastor (baxu elektrikoa). Kolaborazio batzuk ere izan dituzte, gainera. Asier Beramendi, Idoia Asurmendi eta Jonxa Oiartzabal izan dituzte kantu batzuetan lagun.

Zazpi dira, era berean, diskoak dituen kantuak ere: Bihotzak su; BEDN; Kalean; Zenbat zubi, hainbat zauri; Zuen hitzen teoria; Emari; eta Pangea. Musika instrumentu asko entzun daitezke abesti bakoitzean. Horregatik, hain zuzen, Muruak azaldu du zaila zaiela sortu dituzten kantuak estilo bakar batekin definitzea. «Askotariko tresnak ditugu, eta Mugan taldearen estilo propio bihurtu dira». «Doinu leunak sortzen ditugu, baina guk ematen diegu indarra», gehitu du Zurutuzak.

Ekainaren 3an egin zuten aurkezpen ekitaldia, Donostiako Kutxa Kulturren. Gozatua hartu zuten egun hartan entzuleen harrerarekin, bete-beteta baitzegoen oholtzapea. Gainera, askok abestien hitzak kantatzen zituzten, eta horrek «gorantz bultzatu» zituela azaldu du abeslariak. «Izugarri gertu sentitu genuen publikoa: kristorena izan zen».

Zurutuzarenak berarenak dira kantuen hitzak: «Nire sentimenduen mugaraino iristen naizenean idazten ditut, haserrealdi eta tristuraldietan batez ere». Eta, hain zuzen, hortik datorkio taldeari izena. Kantuen hitzak idaztea terapiatzat daukala adierazi du abeslariak: «Kosta egiten zait sentitzen ditudanak azaleratzea. Amorru horiek guztiak ateratzeko tresna aproposa da musika».

Behin hitzak sortuta, gitarraren laguntzaz konposatzen ditu kantuak. «Gure instrumentuen soinuak ere sartzen dizkie, emaitza irudikatzeko», azaldu du Muruak. Lokalean biltzen dira gero, bakoitzari dagokion zatia zehaztu, eta soinua «garbitzeko».

Berako (Nafarroa) Mik estudioan grabatu dute diskoa, Aitor Garzia Maikel teknikariaren laguntzaz. Esker onez mintzo da Murua: «Gure alde apustu egin duen artista handi bat da, eta asko zor diogu, gure ondoan egon diren beste askori bezala». Zurutuzak nabarmendu du soinu teknikariak irakatsi dizkien balioei esker jarraitzen dutela oholtzan. «Hark erakutsi digu oinak lurrean edukitzen eta erori gabe eusten».

Ahots aldaketa

Indar dosi bat eman die diskoa kaleratzeak. Argi dute, baina, ez dutela bizkorregi joan nahi; oholtza gainean gozatu nahi dute disko berriko abestiez. «Denbora eta gogoa eskaini dizkiogu proiektu honi, eta, orain, emaitzaz gozatu nahi dugu», azaldu du Muruak. Aldaketak ere izango dituzte. Jakinarazi dutenez, Aranburuk utzi egingo du taldea, eta Rodriguez hasiko da zuzenekoetan kantuan.

Oraindik lauso samar ikusten duten arren, ez dute baztertzen aurrerago beste disko bat ateratzea. Are, Zurutuzak esan du abesti berriak sortzeko gogoa piztu zaiola Bizirik ez bagaude argitaratzearekin batera. «Hala ere, eguneroko lanean zentratu nahi dugu oraingoz, eta etorriko da gerora etorri beharrekoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.