Bestaldeko espaloiak gure etxe parean hartzen du arnasa, zabaldu egiten da, metro batzuen ostean berriro ere paretaren itzalpeko lerro estu bihurtzeko, eta hor, zabalgune horretan, hain zuzen sasiak hartua duen zubitxoaren ertzean eta errekasto mehe zikin bati bizkar emanez, sei zabor-kontainer daude, hiru hori eta beste horrenbeste beltz, elkarren alboan ilaran, leihoetatik begiratzean bista alaia izan dezagun.
Gezurra badirudi ere, toki turistikoa da horixe hitz egokiagorik ez zait otu, noiznahi bai baitu bakarren bat inguruan, hemengo liburutegiko euskal txokoak ez bezala. Lehen bisitaldia, zaborra biltzera heltzen diren kamioiek egiten diote, goiz-goizetik.
Kontainer horiak husten dituzten langileak bizpahiru egunetik behin etortzen dira, eta zalaparta batean egiten dute euren eginbeharrekoa, dinbi-danba, arrapataka eta zakar beti, hondakinek ez baitute aparteko begirunerik merezi, birziklagarriak izanagatik ere (ezta auzokideok ere, antza).
Kontainer beltzetara datozen langileak kamioi zaharrago batean iristen dira, burrunbaka, tximistaka eta trumoika haiek ere, zabor birziklagarriak begirunerik ez badu merezi, are gutxiago merezi duelako zuzen-zuzen erraustegira doanak edo zulo ustelen batean metatuko denak (eta, jakina, gisa bereko aitortza egiten zaigu auzokide despistatuoi ere). Kontainer beltzetara etortzen diren langileok ikaragarri saiatuak izan behar dute antza, beti mesede egiteko prest edo, sarritan harrapatzen baititut behar baino zama handiagoa hartzen. Izurriteagatik ezarritako itxialdian, esate baterako, hori koloreko kontainerretan bereizitako zabor birziklagarriak ere beren kamioi zaharraren aho beltzean sartzen zituzten, errefusarekin batera, dena nahasian. Eta uda beteko sasoian ere behin baino gehiagotan gertatu da antzekorik, zaborrontziek gainezka egiten zuten aitzakian.
Gero, inguruotako biztanle arruntek eta pasoan doan jendeak hartzen dute erreleboa. Ttanttaka-ttanttaka heltzen dira, egun osoko jario etengabean, batzu-batzuk oinez (etxetik pauso bat bide besterik ez duten seinale), baina gehienak autoz, estatubatuar macdonaldzaleak zabor-janari bila joaten direnean bezala, lau gurpilen gainean eta atzealdetik kea dariela, berta-bertaraino: espaloira igo, autoa gelditu, atzeko maletategia zabaldu, zabor poltsak atera, dagokien kontainerrean utzi, lasaitu ederra hartu eta ospa. Ezin jakin zehazki nondik heltzen diren. Itxuraz, zabor-biltzaileak nekez iristen diren auzoren batetik, halakorik balego behintzat. Edo, aspaldi honetako modari jarraituz, ingurua hesitu eta bere kontainerrak kaiolatu dituen etxe-multzo horietakoren batetik, beharbada. Hain dituzte txukun eta garbi, eta hain ondo apainduta kanpotarrentzako debeku-seinalez eta giltzarrapo magnetikoz, azkenerako pena handia ematen die erabiltzeak.
Joan den astean, gure etxe pareko sei kontainerrok mukuru beteta zeuden batean, bikote gazte bat iritsi zen, goizaldeko lehen bisitari langileak bezala, burrunbaka eta zalapartaka, dagoeneko eguerdia ondo joa zen arren. Elkarri botatako orro eta irainek arreta emanda («zu baino ezdeusagorik ez dago», «zoaz zakurraren ipurdira», «gustura akabatuko zintuzket» eta abar), leihora atera nintzen. Iruditu zitzaidan, kostata baina azkenerako zirrikituren bat aurkitu zietela plastikozko hiru poltsa beteei eta aulki hautsi bati, baina beren hondakinik handiena, orroka barreiatzen zuten maitasun-zaborra, ezin izan zutela kolokatu. Hain da ikaragarria, herri honetan zaborrarekin dugun arazoa. Tokitan gelditu da bakoitzak tona gutxiago sortzeko kanpaina hura.

ARKUPEAN
Maitasunaz, hondakinez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu