garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Ezlekuan

2023ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Ostegun gizenak ez ninduen Tolosara eraman, gogo-bihotzak han izan nitzakeen arren. Inauterien txupinazoak Hondarribia inguruko jatetxe elegante ez merke batera eraman ninduen, birentzako bazkaria irabazi zuen adiskide batek laguntzailea behar zuelako, eta hura baino egun egokiagorik ez zuelako aurkitu agendan, bere oparia behar bezala aprobetxatze alde.

Aspaldian halako toki garestietan ibili gabea, deskubrimendua egitera doanaren gisan iritsi nintzen jatetxera, garai batean ikusitakoak honezkero aldatuko zirelakoan, eta beraz, estreinakoz joatea bezalatsu egingo zitzaidalakoan esperientzia, artean garaiak, ohiturak nahiz jendartea bera ere aldatu direnez.

Sarrerako atrilean tente zegoen tipoari izena eman eta berak esan zigun moduan hartu genuen tokia, jangela zabalean. Bi lagunentzako mahaitxoan jarri gintuzten, bazter argitsu batean, itsasoak leuntzen duen paisaia berdeari begira. Karta goitik behera irakurri ostean, ogi koskor bana ahoratzeko zorian ginela, zerbitzaria heldu zen, sarrerako atrilean tente aurkitu genuen tipo bera hain zuzen, ez arkatzik ez paper muturrik eskuetan, baina eskaera buruz jasotzeko pronto, eta parean neukan adiskidearekin bizpahiru esaldi axaleko trukatu ostean, galdera zuzena egin zidan niri: «Zer aukeratu du etxekoandreak?». Ez nuen jakin zer adierazi, ezta nola jokatu ere. Begiak arranpalo eta kopeta altxa gabe, kartari ostutako bi plateren izenak errezitatu nizkion lehor.

Egiazki, «Qué desea la señora de la casa» galdetu zidan. «Etxeko nagusia» edo «etxeko ugazabandre» itzuli beharko ote nuke «etxekoandre» ordaina eman beharrean? Beharbada bai, etxekoandre hitza baino neutroagoa izan litekeelakoan. Ez dakit. Ez naiz itzultzailea. Nolanahi dela ere, gaztea(goa) banintz, ez zidakeen halakorik galdegingo, eta, jakina, zerbitzaria emakumezkoa balitz ere, nekez baliatuko zukeen halako esamolde zaharkiturik, beste emakume bati zuzentzeko.

«Señora de la casa» ezizena paratu zidan gizasemeak, kurioski, bazekien euskaraz. Ondo samar egin zezakeela esango nuke, solasa aise eramateko moduan behintzat, eta etxean txikitandik jasotako hizkuntza ere bazuela, baina mintzatzen ez, ezta bezero honen tema ikusita ere. Zergatik ote. Beharbada, jatetxeari dagokion dotoretasunaren izenean, erregistro ustez jasoan aritzeko balio ez ziolakoan. Edo beharbada, buruz ikasitako eta automatikoki behin eta berriz errepikaturiko esaldiez harago saiatzeak nekea, ezina edo paniko eszenikoa eragingo zioketelako. Auskalo. Gainerako zerbitzariek hegoamerikar jatorrikoak asko, horiek ere hitz erdirik ez euskaraz, ezta «eskerrik asko» motz bat ere, okasioak hala eskatuko bazuen ere. Aldiz, aldameneko bi mahaietako bezero frantses hiztunei zerbitzua haien hizkuntzan ematen saiatzea lege ezarria zela ematen zuen, horretan hain ongi ikasiak ez zirela agerikoa izan arren. Donostiako kafetegiak eta Alde Zaharreko pintxo tabernak ekarri zizkidan akordura.

Eta gero, errukiz zipriztinduriko paternalismoa, enpatiazkoa izan nahi, baina azkenerako hain erasokor egiten den jarrera hori: «Ai emakumea erdaraz betiere, ez didazu ba azken olibatxo hori platerean utziko? Con la que está cayendo». Lotsaz uzten omen den oliba horrek gure kontzientzia arintzeko gaitasunik izango balu bezalaxe.

Ari zuen ari, bai, gogotik ari ere. Eta nik beste nonbait behar nuen, ez han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.