garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Amaginarrebaren misioa

2023ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Lagun baten amaginarrebak ia 90 urte ditu, eta beste zahar askoren antzean, bakarrik bizi da alargundu zenetik. Emakume bizkorra da, beti besteen esanetara aritutako etxekoandrea, eserita egoten ez dakien horietarikoa, eta hain zuzen horregatik bai eta urte luzetan soinketa egin zuelako ere, ziurrenik, arin-arin dago. Odola mehe eta bihotza erritmo onean mantentzeko hartu behar izaten duen botika gorabehera, osasuntsu dagoela esan liteke.

Egunez erraz antzean moldatzen da bere kasa. Baditu bere errutinak, badu aldarte ona, eta badu eroso bizi ahal izateko soldata txukuna, beste emakume alargun askok ez bezala. Badu, gainera, etxeko lan astunak gainetik kenduko dizkion laguntzailerik ere kontratupean, astean bizpahirutan. Ez du, beraz, deus handirik behar. Izatekotan, bere ahizpa gazteagoaren konpainia. Izatekotan, semeen kontaktua eta biloben noizbehinkako bisitek eman lezaketen bizi-poza. Aski ongi darama bakardadea.

Gauez, aldiz, kezkak hartzen dio gaina. Duela gutxi arte beldur zen, ohean etzan, loak hartu eta orduantxe gaitzituko ote zen, eta horrenbestez, azken hatsa bakarrik eman beharko ote zuen, etxekoak, gertatutakoaren berri momentuan ezin jakinik, albora beranduegi iritsiko zitzaizkiolakoan.

Besteentzat zama bihurtzea azken-azkena denez, semeen bizimodua galarazi gabe bilatu nahi izan zuen konponbidea. Baita aurkitu ere. Etxeko lan astunenak gainetik kentzen dizkion emakume sortzez kubatarrari gela bat eskaini zion, eta hark pozik hartu, bere erkideekin partekatzen zuen apartamentuan espaziorik ez zeukalako batetik, eta bertan lo egiteagatik gehiago ordaindu ere egingo zitzaiolako, bestetik.

Nire lagunaren amaginarrebak lausengua besterik ez du izan emakume horren alde. Bere etxean eman dituen bi hilabeteetan atsegina eta prestua izan omen da beti. Baina aurreko batean bere onetik atera zuen. Lagunak ez zuen aspaldian horren harrituta ikusi. Antza denez, emakume laguntzaile kubatarra piztuta heldu omen zen kaletik, eta ohi baino ozenago, sekulakoak eta bost esan omen zizkion euskaldun abertzaleen aurka: espainola debekatu besterik ez dutela nahi, eta euskaraz ez dakien oro utikan bidali nahian dabiltzala, eta bera bezalakoek gorriak ikusiko dituztela, kanporatuak izanen direla, eta ez dagoela eskubiderik, eta «hau» ere Espainia dela, eta Espainian espainola egin behar dela eta «esan beharra ere!». Batek daki zenbat trakeskeria.

Emakume kubatarrari artean burutik pasa gabekoa gertatu zitzaion jarraian: lagunaren amaginarreba, mojetan ikasitako emakume gozo eta konplitua, beti irribarre zabalaz hartzen zuena eta inoiz kontra egiten ez ziona, oldartu egin zitzaion. Hortzak erakutsiz, maximak balira bezala esandako trakeskeria guztiak jarri zizkion ezbaian, eta bere modura garbi adierazi, hemen, zapalduak, gutxietsiak eta baztertuak ez direla gaztelaniaz aritzen direnak, euskaraz bizi nahi dutenak baizik.

Ezin jakin talka horretatik zer irakaspen atera ote zuen emakume kubatarrak, agerikoenaz harago. Lagunaren amaginarrebak, aldiz, tinko darrai, isilduko ez denaren rol deskubritu berriak on egin dio. Misio bat ezarri omen dio bere buruari. «Telefonora iritsi eta beldurrez irentsi dituzun mezuak kontrako eztarrian utzi baino, hobe zenuke euskaraz hitz batzuk ikasi», esan omen zion apopilo hartu duen andreari, «neronek irakatsiko nizuke pittin bat».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.