mikel elorza
ARKUPEAN

Erabakirik libreena

2019ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Eleberri bikain batekin akordatu naiz egunotan, Joseph Heller estatubatuarraren Catch-22. II. Mundu Gerran AEBetako armadako aire-eskuadroi bateko ibilerak ditu kontagai, satiraren bidez gerraren aurkako liburu latza, maisu-lana ene uste harroan, osatuz. Satira, eta estilo oso on batez, gerraz diharduela gizarteaz ere badihardu, giza harremanez, antolamenduaz, botereaz... Araudiko artikulu bat da 22a—tranpa bat, zepo bat—, eta nobelaren izenburua izateaz gain erabiltzen da esapide orokor moduan, zerbait egin ahal izateko momentuan hori egitea ezinezko bihurtzen duenean formulazioko elementuak berak. Sekula lanik egin ez duen langabetu bati lan-esperientzia eskatzea, derrigorrean, lana egin ahal izateko; hori dateke artikulu 22 bat. Edo, liburura joz, hegaldi batean parte ez hartzeko —eta beraz bizia arriskuan ez jartzeko— erotuta behar duzu egon, baina hegalditik salbuetsia izateko eskaria bete behar duzu, eta eskaria betetze hutsak berresten omen du ez zaudela nahikoa ero. Edo beste etsenplu bat hurbilagokoa: konstituzioaren mugen baitan edozer eskatzearen aldekoa izan zaitezke, baita autodeterminazioa ere, baina konstituzioak ezin du onartu autodeterminazio eskubidea. Irteerako atea omen den horixe bera da kisketa.

Azken honetan, Espainiaren etxean ordezko gisa eskaintzen dira leihate zoragarriak, eta gela nahi bezala antolatzeko aukera, butaka ederretatik gintonika eskuan kanpoaldeari begira egon ahal izateko. Norberaren gela eskaintzen da, baina etxeko atea ezin ireki. Giltza nahi dutenek, hala erabakiz gero joan ahal izateko, ezinezkoa dute giltzak edukitzea. Librea da joatea, baina giltzarik ez dago eta kisketa botata.

Eman ez dietenez aukera, atea herritarrek emandako giltzaz ireki nahi izateagatik epaitzen hasi dira atzo dozena bat lagun. Epaiketa luze joango da eta ziento bat adituk azalduko digu, beraz ez dut gehiagorik erantsiko, soilik antzeko epaiketa mordoxka egindako abokatu baten hitzak hartuz, gerta litekeenaren pronostikoa: seguruenik epaiketa irabaziko dute, baina epaia galdu.

Tartetxo bat hartu nahiko nuke, hala ere, azken egunotan Madrilen hain ugaria izan den bandera astintzeak —nazionalismoa deabruaren gaitz gisa jotzen dutenek eurek rojigualda-z gain Venezuelako bandera ere astindu dute!—, itzalean utzitako afera baten inguruan. Gerraren aurkako liburu batekin hasi naiz, uneotan auzitegietara eramandako gerra batekin segitu, eta beste batekin amaitzeko: hain zuzen ere gerra gehiago ez egitea nahi dutenena; gerra konbentzionaletan ez bezala, etsaiarena beharrean euren heriotza nahi dutenena. Herio sega handia hartuta etor dadin baino lehen hil nahi dutenena.

Lege proiektu baten harira Espainiako Kongresuan orain dute erronka eutanasiari buruz eztabaidatu eta erabakitzekoa, eta oso kontu inportantea da. Adar eta ertz askotako gaia, alde egotearen erabaki soil batekin ebatzi ezinekoa, fin josi beharreko oihala: eutanasia, suizidio lagundua. Eta era berean: zaintza, zahartzaroa, famili-antolamendua.

Lehen baino luzeago bizi gara, baina une batetik aurrera mina kenduagatik ere, ni ez nintzateke ausartuko esatera hainbatek sufritzen ez duenik. Eta agian sufritu ez dira egiten ari, baina ez dira bizi. Bizirik daude, baina ez dira bizi, eta gainera ez dira kontziente.

Hainbat jendek ez du gizarteak kisketez itxia daukan etxea utzi nahi, mundua utzi nahi du, praktikan aspaldi utzia du. Baina giltza gizarteak dauka... moral geruza baten azpian ezkutatua. Erreal egin dezagun, hor ere, erabakitzeko eskubidea. Har daitekeen erabaki libreena da, erabaki gailena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.