Nola bota plazako pareta

Emakume gorputzetik bertsoaren plazara sartzeak ekarri dituen ajeez eta aldaketez aritu dira Alberdi, Artetxe, Ibarzabal eta Uria, Lorea Agirrek gidatuta. Bideoak albiste barruan.
Uxue Alberdiren <em>Kontrako eztarritik</em> liburuaren harira bildu ziren Alberdi, Miren Artetxe, Jone Uria eta Nerea Ibarzabal, atzo, Lorea Agirrek gidatuta.
Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik liburuaren harira bildu ziren Alberdi, Miren Artetxe, Jone Uria eta Nerea Ibarzabal, atzo, Lorea Agirrek gidatuta. JON URBE / FOKU

Itziar Ugarte Irizar -

2019ko ekainak 6
Beste hitzordu bat atzo, Martin Ugalde Foroan, eta aretoa goraino beteta. Gaia: Emakumeak bertso munduan. Menderakuntzaren eta ahalduntzearen erradiografia bat. «Zergatik emakumeak? Zergatik ez bertsolaritza, besterik gabe?». Lorea Agirre saioaren gidariak egin galdera, eta berak eman erantzuna: «Oraindik zehaztu beharra dagoelako, izendatu. Genero begirada ez da zerbait partikularra; zentrala da elkarbizitzarako». Bertsolaritza hegi horretatik aztertu berri du Uxue Alberdik Kontrako eztarritik liburuan; egun kantuan ari diren hamabost emakume bertsolariren testigantzak bildu, eta haien plazako jarduna azpiratzeko bideak atera ditu argitara. Horiek ardatz, bertsoaren plaza publikora emakume gorputzetik ateratzean bizitakoez, zapalkuntzez eta ahalduntzerako egindako bideaz aritu ziren atzo Alberdi bera, Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal eta Jone Uria.

Hirurek utzi dute euren genero bizipenen lekukotza Alberdiren liburuan. Haien artean askotan landutako kontuak izan arren, genero diferentziaz aritzean, kanpora begira, hori noiz, nola, norekin zertzen den erakusteko balio izan du argitalpenak, Alberdirentzat: «Ariketa politiko bat izan da, eta kontakizunik intimoena ere hortik abiatzen da».

Feminismoaren teoriak oinarri, 22 azpiratze mekanismo zerrendatu ditu Alberdik liburuan. Bana nabarmentzeko eskatuta, «denak» esan zuen bizkor Ibarzabalek; «autoexijentzia suntsitzailea»-ri egin zion azpimarra gero. «Kanpotik datorrenean bortxa, estrategia bat pentsatu dezakezu, baina, barrutik etorrita, autosuntsitzailea da». Merezimendu faltaren puntua hainbestetan agertu izanak kezkatu duela aitortu zuen Uriak. Eta, finean, «biolentzia horiek denak elkarreraginean» daudela gehitu Artetxek. Gizonekiko kidetzaz agertu zuen berak kezka: «Garai batean asko esaten zen: 'Neska zara, baina gutakoa, ez besteak bezalakoa'. Eta orain badago antzeko zerbait: feminista ona eta txarra. 'Beste horiekin ezin daiteke hitz egin, baina zurekin bai'». Airean igartzen dituzten beste diskurtso batzuk ere zerrendatu zituen Alberdik, «anaidiaren praktikari» lotu zizkionak: «Gizon gazteen belaunaldi bat galtzeko arriskua dagoela; pila bat garela, %20 izaten jarraitzen dugunean, desleialak garela, kanpotik ari garela, gizonen bertso eskola sortzera doazela...». Ondorengo galdera dabilkio buruan azkenaldian: «Urteak daramatzagu norabide berean indar egiten, paretari bultzaka; nor dago paretaren bestaldean, jausten ez uzteko?».



«Emakumezkoen gaiak» emakumeei soilik jartzearen garaia igaro dela aipatu zuen Uriak; gizonezko bertsolariei ere hasi direla, adibidez, gauean kaletik bakarrik joatearen beldurra gai modura jartzen. «Gizonak esaten ari dira eurak ere honetaz kantatu dezaketela. Halere, diskurtsoak ikastea gauza bat da, beharrezkoa, baina hortik harago, jarrerak ere garrantzitsuak dira». Diskurtso feministak ikastearen pare, erresistentzia gisa irakur daitezkeen beste estrategia batzuk ere gehitu zituen Artetxek: plazan toki gehiegi hartu izanaren «betekada sentsazioa» eta «otsoa kanpoan» ikustea, kasurako. «Teorian ikusten dute, baina gizonei asko kostatzen zaie sexu bat eta genero bat dutela onartzea; anaidiaren funtzionamenduaz ohartzea, haren babes mekanismoen», erantsi zuen Alberdik.

Bertsoaren sistemak eragiten duen norgehiagoka ere izan zuten hizpide; hark, azkenean, lehia ugaritzen duelako emakumeen artean. «Nork ez du jaso 'neska bat behar dugu' dioen deia?». Elkarren arteko lehia problematizatuta, taldean soilik deseraiki daitekeela azaldu zuen Artetxek: «Ahalduntzea ezin da egin era indibidualean; egiturazko desoreka bada, egiturazko indar bat behar da».

Bertsoaren geroan, giltza

Bertsoaren oraina eta geroa aztertzean genero gatazka erdigunean egongo ote den, bidea markatuko duen auzia izango den iradoki zuen Agirrek. Horrek ekarri ditzakeen aldaketen artean, «balidazio sistema» auzitan jartzeaz aritu ziren bertsolariak, nola txapelketak ezartzen duen kulturak gertuegi dagoen «kiroltasunetik». Alberdi: «Ez dago kultura bat analizatzeko, puntuazioak ordezkatzen du».

Baina Ibarzabalek baiezkoa eman zuen; gizartea feminismoan aurrera badoa, bertsolaritza ezingo dela atzean geratu. Ez dela bi egunetan egingo esan zuen Uriak: «Benetan aldaketak nahi baditugu, argi izan behar dugu ez dela erosoa izango». Ados Artetxe; tentsioak egongo direla, baina erabakiak hartu beharko direla: «Oreka denon kontua da, batzuk gutxiengoan egonik ere».