Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Zergatik EAJ?

2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Zergatik irabazten du beti EAJk (EAEn bederen)? 2009-2012 urtealdia kenduta (Patxi Lopezen agintaldia), EAJ beti egon da euskal erakunde garrantzitsuenen agintaritzan. Beti garaile. Aztertzeko fenomenoa da zalantzarik gabe. Alderdiak miresmena sortzen du han eta hemen. Logikoa da. Norberaren merezimenduak daude tartean, baita besteen demerituak ere.

Arrakasta horren gakoak argitzeko egin diren azterketa gehienetan azpimarratzen dira jeltzaleen balio klasikoak: zentraltasuna, alderdi guztiekin itunak sinatzeko duten gaitasuna, moderazioa, kudeaketa ona eta eraginkortasuna. Ñabardurak egin litezke, jakina, baina xehetasunetan sartuz gero, artikuluaren amaierara iritsiko gara esan nahi dudana aipatu gabe.

EAJ banda zabaleko alderdia da. Dezente eboluzionatu du. Gero eta gutxiago dira jeltzaletasunaren filosofia duda-mudarik gabe onartzen/ezagutzen dutenak eta gehiago, berriz, gizartearen aniztasuna besarkatzen duten sektore pragmatikoak. Primeran konektatzen du klase ertainaren profil klasikoarekin; hau da, gauza guztien gainetik ongizatea, segurtasuna, erosotasuna eta zuhurtasuna maite dituen jendearekin. Langile izatearen harrotasuna galduta dagoen gizarte likido honetan, behargin askok ematen diote botoa EAJri, (baita PPri ere, bide batez esanda). Gaur egun obreroen artean obreroenek ere uko egiten diote bere klaseko jatorriari. Inork ez du proletario izan nahi.

Alderdi bakoitzaren boto-emaileen batez besteko adina aztertuz gero, ondorengoaz konturatzen gara (eusko barometro, 2015): batez besteko adinik altuena PPren boto-emaileak du (70 urte). Jarraian datoz PSEren boto-emailea (62 urterekin), EAJrena (55,8), Ezker Batua (51) eta EH Bildu (45,6). Norbaitek pentsa lezake Bilduk izan lezakeela etorkizun hobea, baina adi: adin piramideak nabarmen jokatzen du EAJren alde. Gaur egun (Gaindegia 2018), 65 urtetik gorakoak euskal herritar guztien % 21,6 badira, 2030ean, berriz, %28,3 izango dira. Eta adin tarte horretan EAJk alde handiz irabazten du. CISen arabera (2016), 65 urtetik gorako herritarren artean EAJ da alderdirik gustukoena (%46,7rekin). Oso atzean geratzen dira beste guztiak: PSE (%14,1), EH Bildu (%7,3), PP (%6,2) eta Podemos (%5,5). Beraz, aurrera begira estrategia definitzen dutenek adin piramideak eskaintzen digun argazkia oso serio hartu behar dutela uste dut.

Euskal gizartea oso dinamikoa da. Mobilizatzeko duen gaitasuna ikaragarria da. Horrek ere miresmena sortzen du hemendik kanpo. Horra hor, besteak beste, mugimendu feministak kaleetan hartu duen aupada, pentsiodunen manifestazioak, euskararen aldeko mugimendua, presoen aldeko manifestazio jendetsuak... Modu nabarmenagoan edo lausoagoan, adierazpen horien atzean bada sentimendu partekatu zabal bat: aldaketa behar da, bestelako gizarte eredu bat. Hor ez dago EAJ, ez aitzindari bezala, bederen. Bere boto-emaileak bai, noski, izango dira, baina alderdi bezala ez dago mugimendu eraldatzaile horien abangoardian, EAJ ez baita aldaketa sozial sakonak maite dituen egitura politiko bat. Konfort egoeran bizi da, agintearen magalean goxo, hangoen eta hemengoen eredu. Zertarako arriskatu? Ortuzarren alderdiari Espainiatik ematen zaion koipearen atzean, asmo garbia dago: «Izan zaitezte zuek horda separatista horien eusteko horma eta, orain... eska ezazue nahi duzuena».

Aldaketa orok bertigoa sortzen du. Beldurra diogu aldaketari arriskuarekin lotzen dugulako, nahiz eta sarritan guztiz sentsazio irrazionala izan. EAJk, adibidez, egunero astintzen du beldur hori EH Bilduren kontra egiteko. Behin Pablo Iglesiasi hauteskunde kanpaina batean hauxe entzun nion: «Aitita-amama guztiak joan daitezela beren bilobekin botoa ematera eta eman dezatela botoa gaztetxoenen etorkizunean pentsatuz». Izan ere, duintasuna eta printzipio demokratikoak arriskuan daudenean, norberaren arrisku sentsazioa sakrifikatzea arrazoizko sakrifizioa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.