mikel elorza
ARKUPEAN

Itxuraldaketa

2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Elitro deitzen zaie kakalardoen (eta beste intsektu batzuen) aurreko hegoei. Atrofiatuak, ez dute hegan egiteko balio, baina atzeko hegoak babesten dituzte, eta ezkutu modukoak dira. Oraindik orain Nerea Osinaldek BERRIAko zientzia alorreko artikulu batean «kakalardo suntsiezina» aurkeztu zigun: zomorro hori bere pisua 39.000 aldiz jasateko gauza da; autoa gainetikpasatu eta ez da puskatzen. Eta albistea da kakalardoaren indarraren sekretua aurkitu dutela, elitroen osaera eta lotze-forman, eta eraikuntza, ingeniaritza eta aeronautikarako erabilgarri izan daitekeela esan zigun, esaten dute.

Lan munduan oro har, pentsatu nuen nik, abioi edo egituretan pentsatu beharrean, langileengan jarriz burua. Hauxe bai, otu zitzaidan, Urkullu, Tapia eta Confesbaskeko lagunentzat pagotxa: pisua nahi adina jarri eta tinko irauten duen bizkarra! Eskertuko zuketen Sololuze eta Beltranek Zaldibarren bizkar gainera amildutako zakar tonak hartzeko. Baina bueno, seguruenik zabor horri denari kakalardo suntsiezinen txapeldunak ere ez lioke eutsiko.

Phloeodes diabolicus du izena bitxoak.

Sinpatia hartu diot, ezinbestean apellidoa ikusi bezain pronto. Eta berriro joan zait burua langileengana, ugazabek bizkarrean jarritako pisuari eusteko gauza, haiek bortitz zapalduta ere irauteko gaitasuna akorduan hartu nahirik. Izan ere, zomorroak kotxea bizkarrean har lezakeela puskatu gabe, eta konparazioan pertsona batek 280 autobus hartzea bezala litzatekeela, ezinezkoa dirudi, baina ea, gure historian hainbat pertsonak, bereziki emakumezkoek, ez al dituzte pisu handiagoak nozitu izan? Gure ama, izeba, amona eta haien aurrekoek zer ez dute eraman bada bizkarrean bizitza osoan? Baita Donostia gruyere gazta bat bihurtzen ari den metroko bagoi guztiak elkarren gainean jarrita ere!

Gizonezko askok ere bai, jakina. Zapaldu guztiek ezagutu baitute zapatarik bizkarrean. Baina emakumezkoek zapaltzailearen zapata orokorra eta kanpoan kakalardo eta etxean harrapari denaren bota partikularra ere bai.

Elitroena izan daiteke erresistentziaren metafora, bere aurki polit eta ifrentzu itsusiarekin, baina beste irudi bat ere aise dario: hegan egitea mugatu digute. Hego nagusiak kendu eta hegaxka funtzional koxkorrak utzi dizkigute, mugatuak. Hori bai, menderakuntzaren formak ere eboluzionatzen doazenez, bizkarra orain laztandu ere egiten digute, koloreak jarri eta brilloa eman diezaiogun uzten digute, apaindu dezagula, eta hegan ezin dugu egin baina bai bizkar eder eta modernoak gureak. Gainean ezer daukatenik ikustea galarazteko adina distirantak.

Jakina, zapaltzen zaituen botaren aurka egiten ere nekatu egiten da bat, heroi unaezinak oso gutxi dira, gehienok behar dugu tarteka bizirautea ez ezik pixka bat bederik ere bizitzea —orain hala gabiltza, bizi gabe, ustez bizirauteko—. Kakalardoa hankaz gora ikustean ezinean dagoela pentsatzen dugu beti, egin duela harenak, baina agian egonean dago, hala nahi duelako, behingoagatik bizkarrak jasan beharreko pisu bakarra bere gorputzarena izan dadila.

Errepresioaren kate ebolutiboan, gainera, beste koxka bat jo dugu berriki: hegoak kendu eta egoak oparitu dizkigute. Niaren exaltazio garaietan bizi gara —selfieak, sare sozialetan zilborgintzaren jardun amaiezinak…—, askatasuna batena bakarrik izan daitekeela ziri mundiala sinetsarazteraino. Guztiz egotuta, goi eta beherik gabeko sarean bizi garela konbentzitu nahi gaituzte.

Eta erne: sarea askoren artean jositako oihala izan badaiteke ere, gehienetan bakarren batek beste bat edo beste batzuk harrapatzeko botatakoa izan ohi da.

Gaur esnatu naizenean ez dut nire burua kakalardo bihurtuta aurkitu, uffa!, baina hotzikara batek astindu dizkit elitr… barka, bizkarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.