Iraitz Agirre Aranguren.
ARKUPEAN

Ezinezko berdinketa

2020ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Gizon eta emakumeen berdintasunerako aholkulariak garenez gero, ohituta beharko genuke, baina indarkeria matxistaren gaia gizon talde batekin lantzea dagokigunetan urduri egoten garela aitortu diogu elkarri lankideok. Batzuetan, gaiaren inguruan berba egin eta elkarri enpatiaz entzuteko prest dauden taldeak topatzen ditugu, zorionez. Horietako batean, zaurgarri sentitu garen eta gure burua arriskuan ikusi dugun momentu bana identifikatzeko eskatu genien hausnarketa saioko kideei. Bakoitzaren minen eta zaurien nondik norakoak askotarikoak izan ziren lehen kasuan, ez ordea beldurrari dagokionez. Gizonek, denek, jazarpen polizialak eragindako beldurrarekin konektatu zuten, atxiloketa unean edo torturapean sentitutako ikararekin. Batek aitortu zuen asko pentsatu behar izan zuela beldurra sentitu zuen egoera batekin konektatzeko. Emakumeon txandan, indarkeria polizialari bestelako jazarpen mota batzuk ere gehitu zitzaizkion, egoera eta indarkeria modu ezberdin asko gainera. Eta bai, taldeko emakume guztiok erraz identifikatu ahal izan genuen bizitza arriskuan sentitu dugun momenturen bat. Azken galdera batekin borobildu genuen ariketa: zein generotakoa zen beldurra sentiarazi zizun pertsona edo talde hori?

Beldurrak generoa baitauka. Hori ondorioztatzen da MariaRodó de Zarate ikerlariak 2016an argitaratutako Kalea nirea da? Boterea, beldurra eta emakume gazteen ahalduntze estrategiak espazio publikoetan ikerketan. Honen arabera, emakume zein gizon gazteek, biek sentitzen dute beldurra espazio publikoan, baina bi kasuetan gizonei diete beldurra. Emakumeek, eraso sexualei eta bortxaketari, eta gizonek, lapurreta edo eraso fisiko bati. Adinarekin eta gorputza garatu ahala emakumeen beldurrak haziz doazen bitartean, maskulinitatearen roletan sartu ahala gutxitzen doaz gizon gazteen kasuan. Sistema patriarkalak gizon eta emakumeen rolak banatzen dituen momentutik, modu ezberdinduan sozializatzen gaitu jaio garen sexuaren arabera. Baita beldurra sentitzeko orduan ere. Rodó de Zarateren arabera, genero zapalkuntzaren berezko modutzat identifikatu daiteke beldurra.

Hausnarketa saio batzuen bezperan urduri egoteko arrazoiak izaten ditugu, ordea. Izan ere, genero zapalkuntza eta indarkeriaren gaia mahai gainera ekarritakoan gorpuzten sentitzen ditugun erresistentziak ez dira txikiak izaten. Mantra bihurtutako argudio sortei aurre egitea egokitzen zaigu batzuetan: estatistiken arabera eraildako gizonen kopuruak handiagoak direla, lan arriskutsuagoak egiten dituztela, gerretara doazela eta zergatik ez den hori genero indarkeria… Halakoak entzun izan ditugu. Pazientzia eta pedagogia dosi handiak behar dira batzuetan berdintasunaz barik, ezberdinkeriez jarduteko. Genero indarkeria gizonek ere jasaten dutela uste zuela azaldu zidan behin azalpen ariketa klasikoan batek: gizonek emakumeak jipoitzen eta hiltzen dituztela, baina asko direla baita erailak eta jipoituak diren gizonak, maiz gizonen artean ere hiltzen direla eta noizean behin emakumeek ere akabatzen dituztela gizonak. Ja, eta horrela esanda badirudi berdinketa dagoela gainera hasieratik, joko zelaia berdinduta dagoela. Baina ez dugu kalean ukitua izatea edo bere itxuragatik iritzia eskatzea nahi duen gizonik ikusten, espazio publikoan ibiltzeko beldurra gorpuztea exijitzen, prostituzio kuota berak eskatzen, eta abar.

Berdinketa aukera logika patriarkalaren joko zelaian soilik dago. Horregatik da feminismoa, Bell Hooksek dioen bezala, denon kontua. Sexismoa, esplotazio sexista eta zapalkuntza deuseztatzeko mugimendu moduan definitzen du feminismoa, fantasia larregirik gabe. Argi dago hori lortzeko joko zelai patriarkaleko arauak aldatzea beste erremediorik ez dagoela. Ez da makala asmo horretarako lerrokatua dugun taldea. Izarok aurreko astean agertokitik botatakoei helduta, zuen usteen eta zuen legeen kontra, gora borroka feminista.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.