Ana Malagon.
ARKUPEAN

Eskapistak eta espiritistak

2020ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Historiako eskapista famatuenak hiru izen izan zituen. Lehenengoa, bere jatorriko izen hungariarra: Erik Weisz. Bigarrena, Estatu Batuetara lau urterekin iristean eman ziotena: Ehrich Weiss. Baina guk ezagutzen duguna hirugarrena da, aukeratu zuen izen artistikoa: Harry Houdini.

Kate, indar-alkandora eta ia edozein lotura sistematik ihes egiteko gaitasunak egin zuen mundu mailan famatu. Kate lodi batekin itxitako zaku batean sartu edo segurtasun kutxa batean uretara bota, berdin zuen: Houdinik beti egingo zuen ihes. Ikusten ez diren kateak, ukitu ezin diren loturak dira estuen heltzen gaituztenak, ordea. Eta haietatik ihes egiten lan handiagoa izan zuen Houdinik.

Houdinik harreman bereziki estua izan zuen bere amarekin. Horraino, dena "bereziki oso normala". Oso judua ere bai (eta oso euskalduna, baina ez naiz topikoen azterketa sasi-kultural horretan sartuko, gaurkoan behintzat). Harreman bereziki estua izatea gauza "bereziki oso normala" izan daiteke, baina "bereziki oso paranormala" suertatzen da ama hil ostean berarekin medium baten bidez hitz egiten jarraitu nahi izatea.

Garai hartan, XX. mende hasieraz ari naiz, puri-purian zegoen espiritismoa. Houdini medium batengana itxaropen handiz joango zela pentsatzen dut eta ilusioaren malda grafikotik aterako zitzaiola medium batek bere amarekin kontaktuan sartu zela esan zionean. Mediumak ingelesez hitz egin zionean konturatu zen Houdini gezurretan ari zitzaiola. Bere amak ez zuelako ingelesez egiten, hungariar-yiddish nahasketa bat baizik. Eta, nik dakidala, mediumek ez dute itzulpen-bikoizketa zerbitzurik eskaintzen.

Ez dago trikimailuaren egia deskubritzean lilura galtzea bezalakorik gurutzada bat hasteko.

Hor hasi zen Houdiniren espiritismo eta paranormaltasunaren iruzurtien aurkako borroka. Haien artean, JoaquĆ­n Argamasilla salatu zuen, begietan X izpiak EZ izateko oso abizen aproposa zuen Santacarako XI. markesa. Bere etsaiak ekarri zizkion borroka honek Houdiniri, batzuk Sir Arthur Conan Doyle bezain famatuak. Aurrekari, aurreiritzi eta testuinguruak gidatuta, alderantziz izan beharko lukeela pentsa lezake norbaitek. Houdinik, magiaren mundutik etorrita, paranormaltasunaren existentzia defendatuko zuela eta Conan Doylek, ikerketa eta ebidentzien bilaketan zebilen Sherlock Holmes-en istorioen autoreak, frogatu ezin denaren kontra joko zuela. Baina esan bezala, badira askatu ezin ditugun loturak: bere ama maitearekin ezin kontaktatzeak sekulako mina egin zion Houdiniri. Conan Doyleren emaztea espiritista zen. Houdiniren heriotza Sherlock Holmesek argitu ez zuen kasu bat izan zitekeen, espiritismoaren aldeko taldeen konplot bat izan zela uste baita oraindik.

Gerra paranormalen gudu-zelai naturala den hilostean ere jarraitu zuen Houdinik mediumen aurka borrokan. Bere emaztea biek bakarrik ezagutzen zuten kode baten zaindari izan zen hamar urtez. Medium batek kodea asmatu izan balu, Houdini oker zegoela frogatu ahal izango zuen. Hots, hildakoek mundu honetako pertsonei loturik jarrai zezaketela. Esan beharrik ez dago ez zela inor Houdinirekin harremanetan jartzeko gai izan (edo harremanetan jarri nahi izan zuenari ez ziola deia hartu bederen) eta ez zuela inork kodea asmatu.

Houdini bakarra izan zen, baina ez ote garen gu ere nolabaiteko Houdiniak. Eguberri pandemiko honetan, gobernuen erabakiak medio edo aitzakia, malgutasunik gabeko bizitza libre bat duten desilusioaren ilusionistok urteroko espiritismo frustratu eta eskapismo eraginkorraren bertsio areagotua izango dugula iruditzen zait. Asko izango dira, hatzekin zenbatuak eta gonbidatuak, familiak eta tradizioak ezarritako konpromisoaren kateetatik ihes egitearen numeroa (aurten bai) egingo dutenak. Asko mahaiko hutsune bati erantzunik jaso gabe hitz egingo diotenak. Heriotzaz libre eta bizitzaz preso, heriotzaz preso eta bizitzaz libre egiten gaituen harremanen trikimailu handi honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.