elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Iragarkien tartea

2021eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Lehengo batean Gabriel Rufiani entzun nion telebistan: «Publizitatearen, iragarkien garaia, joan da». Ez dakit zertaz ari zen zehazki ERCko diputatua, baina berak daukan adierazkortasun ahalmen zorrotzarekin, mezua zuzen-zuzenean iristen zen entzulearengana. Segur aski iragarki bihurtutako iragarpen eta promesengatik ari zitzaion norbaiti kontuak eskatzen. Nire buruak, dena dela, bigarren zentzura jo zuen: merezi duen pelikula bat ikusten ari zarenean telebistan eta publizitatearen tartea irekitzen dutenean, azti ibili!, hori baita une aproposa sofatik altxa eta kafesne bat prestatzeko edo komunetik pasatzeko. Kontua da publizitateari ihes egiten saiatzen dela ikusle gogaitua, sofari ezarrita geratzen den horietakoa ez bada behintzat.

Publizitatetik libratzea, ordea, ahalegin alferrikakoa da gaur egungo martxan: «Bizitzan edozein hutsune agertu orduko, iragarkiak prest daude hutsune hori merkantziekin betetzeko». Iñigo Martinez Peña pentsalariak (Gasteiz, 1975) egiten du baieztapen hori, galtzekoa ez den liburuan: Mandamentu hipermodernoak. Egungo inertziak zalantzan jartzen (Elkar, 2021).

Publizitatearekin bizitzera kondenatuta gaude, beraz. Eskerrak tartean badiren iragarki jasangarriak. Esaterako, hitz-jokoa eginez, Only You klasikoa Online You bihurtzen duen kabareteko artista horrena; eta gainera, azpidatzietan —post-data gisa— tituluak, Zarzuela eta emeritua nahasten dituztenean... ba zer esango dizuet, ezpainak lasatu eta konplizitatezko irri murritza pizten du. By & Bai-ek beti egin izan du publizitate inteligentea. Igirritxi eta Idirizekin, eta erreplika ematen dien jatetxeko zerbitzariarekin ere antzera: jolasean sartuta senti zaitezke. Hala ere, Euskaltelen azkenaldiko iragarkietan lortuena —nire gusturako— autoko kopilotuak helbide bategatik galdetu eta giga gora eta giga behera erantzuten dion morrosko bizardun horrena izan da. Alabaina, Patxiiii!!!! ahaztezinaren maila —2002koa zen iragarki hura— ez dute oraindik gainditu.

Fikzioarekin eta fantasiarekin jokatzen du publizitateak, arte eszenikoekin. Aktore profesional batzuk ageri dira aipatutako iragarkietan. Bada, ordea, azkenaldiko iragarki bat —Kin eta Kon-ena— txirrindulari bat eta errugbi jokalari bat dituena protagonista. Euskadi Irratiko Faktoria magazinean elkarrizketatu zituzten duela aste pare bat: Mikel Bizkarra Euskalteleko txirrindulari mañariarra da Kin, eta Beñat Iradi Hernani taldeko errugbilaria Kon. Faktoria-koak bizkor ibili ziren fikzioko pertsonaien atzean dauden bi pertsona horiek aurkeztean; fikzioa biluztu eta errealitateari heltzean. Arrisku bat dute Bizkarrak eta Iradik: betirako itsatsita geratzea iragarkiko izenak. Publizitatea tarteko, pertsona pertsonaia bihurtu baitaiteke. Horren adibide behinena, inguru honetan, Karlos Argiñano da, bere sukaldari jantzian urteak daramatzana iragarkietan, ikono bilakatuta. Kin eta Kon-en ibilia hura ere, duela pare bat urte.

Azkenaldian, izurriteak hauspotuta, beste iragarki mota bat ugaldu da: publizitate instituzionala. Hor sartzen dira zenbait arlotan laguntza eskaintzen duten zerbitzuei buruzko iragarkiak, jendartean jarrera zibiko batzuk bultzatzekoak, edo osasungintzako langileei eskerrak ematekoak, adibidez. Faktura oneko iragarkiak dira, «politikoki zuzenak»... Sobera onberak ere bai, gehienetan.

Kontua da kasu horietan publizitatea propaganda bihurtzen dela. Izan ere, publizitateak kontsumoa sustatzea baldin badu helburu, propagandak hartzailea —publikoa— ideologia jakin batera lerratzea bilatzen du. (Bide batez, kontsumoa sustatzea ere ez dago ideologiatik libre, ala?).

Komunikazioaren —eta sormenaren— emaitza diren heinean, iragarkiak interesatzen zaizkit. Manipulazioaren usaina darienean... goragalea eragiten didate. Orduan, ONCEren iragarkietako ohartarazpenari heltzen diot: «Jokatu arduraz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.