Albistea entzun

ARKUPEAN

Ibiltzea

Ana Malagon -

2021eko azaroak 5

Wanderlust, Rebecca Solnit-en ibiltzearen zerari buruzko saiakera (edo saiakerak, segun nola hartzen duzun liburua) irakurri nuen duela gutxi. Ez naiz ibiltzea gehiegi atsegin duen horietakoa baina Solnit gustatzen zait, beti kontatzen ditu gauza interesgarriak eta konplikatua da gauza interesgarriak kontatzea, ibiltzera irteteko gogoa biltzea bezain konplikatua, niretzat behintzat. «Gauza guztien gainetik, ez galdu ibiltzeko desira» zioen liburuan maiz aipatzen den Soren Kierkegaard filosofoaren esaldi famatuenetako batek. Baina, Kierkegaard jauna, zer egin desira hori inoiz sentitu ez baduzu? Ulertzen ditut ibiltzeko ardura osasuntsua hartzen dutenak. Ulertzen ditut eztabaida sutsu baten ostean, ibiltzera ateratzeko beharra ozenki , dramatikoki, adierazten dutenak. Baina ibiltzeko desira? Ez zaitut (honetan ere) harrapatzen, Kierkegaard jauna.

«Goazen buelta bat ematera». Erasmus egitera Donostiara etorri zen Herbehereetako ezagun bat asko harritu zuen esaldi horrek. Lehenengo kolpe kulturala izan zen, bere herrialdean jendea norabaitera joateko asmoz ateratzen baita etxetik. Inora ez zihoan jende andanak deskontzertua eragin zion hasiera batean. Gutxira haiei batu zitzaien. «Goazen buelta bat ematera» horren atzean beti dago helburu bat noski, baina ez nion halakorik esan orduan, XIX. mendean Frantzian agertu ziren flâneur literarioak bezalakoak ginela pentsa zezan edo. Bagara herri honetan apur bat flâneur, baina ez hainbeste. Ez nion esan gorputza eta izpiritua zaintzeko kezka, ikusi eta ikusiak izatearekin nahasten zaigula. Bagoazela norabait. Soren Kierkegaardek Kopenhageko kaleekin egiten zuen bezala, jendea hartzeko egongela bihurtzen dugu kalea. Egongela horretara goaz, Jane Austenen nobeletan ematen ziren paseatze sozialetatik gertuago, Baudelaire moduko alderraietatik baino. Ez nuke esango ibiltzeko desira dagoenik, ezta gogo berezirik ere, sozialki ahaztuak izateak eragiten digun beldur bat baizik.

Ibiltzearen orientazioa eskatzen dute harreman sozialek ere. Non zauden jakitea. Eta noiz. Eta nola. Non, noiz eta nola galdu zenuen inguratzen zintuen horrekiko interesa eta non, noiz eta nola bilakatu zitzaizun dena hain arrotz. Non, noiz eta nola erabaki zenuen gelditzea «aski da, banoa etxera» esanaz. Etxea zer den eta non dagoen oso ondo ez bazenekien ere. Kierkegaardek jendearekin konektatzeko beharrez Kopenhageko kaleak bere egongela bihurtzen zituen, beharbada bere etxeko egongelak intenperie sentipen handiagoa eragingo ziolako. Berak ibiltzeko desira deitzen zuena harremantzeko beharra izango ote zen erabakitzea adituei utziko diet, baina ez ninduke harrituko. Hori ulertu dezaket, Kierkegaard jauna. Horrela, bai.

Rebecca Solnitek bere liburuan hainbat ikuspegi sozio-ekonomikotatik berrikusten du ibiltzearen kontzeptu eta ekintzaren historia. Genero eta klase, aldarrikapen eta ihesbide, lan eta aisialdi, landa eta hiri, norbanako eta talde, hirigintza eta herrigintza. Jane Jacobs-en The Death and Life of Great American Cities (1961) ekarri dit gogora, aintzat hartzen ditugun eguneroko paisaien zergatiak eta ondorioak azaltzeko ariketa intersekzional gisa, ibiltzean gurutzatzen ditugun bideak anitzak baitira. Zer esanik ez emakumeontzat. Emakumeontzat kaleek egongela izateari uzten diote maiz.

Argi gelditu zait bere gauzak dituela ibiltzearen zerak. Eta geldirik egoterenak. Hemendik urte batzuetara denborak eskaintzen duen ikuspegiarekin, Rebecca Solniten oinordeko intelektual batek esertzearen, espazio pribatu eta publikoaren erabilera sedentarioaren genero eta klase, aldarrikapen eta ihesbide, lan eta aisialdi, landa eta hiri, norbanako eta talde, hirigintza eta herrigintzaren inguruko Wanderlust-en antzeko zerbait idaztea espero dut.

Sofan etzanda gustura irakurriko nuke hori ere.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.