Lasok biziagoak, Ezkurdiak motelagoak

Buruz buruko bi finalistak gustura dira iganderako aukeratu dituzten pilotekin

Unai Laso eta Joseba Ezkurdia buruz buruko finalerako pilota aukeraketan, atzo, Nafarroa Arenan, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2022ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Berotzen hasi da giroa buruz buruko igandeko finalera begira. Atzo material aukeraketa egin zuten Unai Lasok eta Joseba Ezkurdiak, Nafarroa Arenan. Gustura geratu ziren biak aukeratutako pilotekin. Ezkurdia izan zen aukeratzen lehena: «Nik uste Unairenak biziagoak direla; gehiago irteten dira frontisetik. Nireak gutxiago ateratzen dira, baina zoruan azkarragoak dira». Lasok egin zituen lanak ostean. Kontent zen hautaketarekin: «Josebarenak motelagoak dira, denbora emateko pilotari emateko. Bakoitzak bere estrategia dauka».

Ohi baino ikusle gehiago egon ziren aukeraketan pilotariei begira: 200 inguru. Adin guztietako jendea egon arren, erretiratuak ziren nagusi. «Espero dut entretenigarria izatea igandeko finala; egia da banaka denean ez dela binaka bezain gozagarria», esan zion zaleetako batek besteari. Lasok nahiago izan zuen pilotaren botea ikusi eta eskuarekin hartu. Ezkurdiak, berriz, botea ikusi, eta eskuz jo zituen pilotak, probatzeko.

Bi egun besterik ez dute izan pilotalekuan entrenatu ahal izateko. Herenegun entrenatu zen Laso: «Gustura aritu nintzen; frontoia bizia da, ni bezala». Bitan jokatu du finala Ezkurdiak Nafarroa Arenan, eta bietan irabazi du: 2018ko eta 2019ko lau eta erdikoak: «Lau eta erdikoa jokatu genuenean sentitu nuen zailagoa zela; azkarrago ailegatzen zen pilota lurrera». Hala ere, «gustura» entrenatu zen pilotalekuan, eta igandera arte ez du berriz pilotalekua zapalduko: «Frontoi gogorra da, baina ez da jokatzeko zaila; dezente irteten da pilota frontisetik». Aitzakiarik ez dagoela esan zuen.

Biek aipatu zuten frontisetik azkar ateratzen dela pilota, eta horrek kezkatzen du Ezkurdia: «Unai pilotari oldarkorra da; kolpe handikoa. Frontisetik altuera oso ondo hartzen du, eta frontoi honetan min handia egin dezake». Hortaz, Bizkarreta Gerendiaingoa «deseroso» egotea nahi du, eta partidaren aginte makila izan, «ondo» defendatzeko. Lasoren arabera, partida «gogorra» izanen da, eta berak ere Ezkurdia «deseroso» jarri nahi du: «Ea ondo kudeatzen ditudan urduritasuna eta tentsioa», nabarmendu zuen.

Buruz buruko finalak horren beste jende mugitzea «oso polita» dela esan zuen Ezkurdiak. Ez dute askotan pilotalekua irekitzen, eta, Lasoren ustez, jendea gehienbat frontoia ikusteko gogoz zegoen: «Giro izugarria egonen da igandean».

Lasoren arabera, ez dago faboritorik; beraz, biak dira pareko. Ezkurdiak, ordea, uste du Laso dela faboritoa: «Urte ikaragarria darama. Ahal bezain partida gehien jokatu ditu, eta erregulartasunez jokatu du. Ez du norgehiagoka txarrik egin. Gainera, nerbio berezia dauka».

Bientzat lehena

Urtebete pasatu da Laso profesionaletara itzuli zenetik: «Poz izugarria izango zen garai txarra bukatzea; lehendabizi niregatik, eta gero enpresarengatik». Lehen aldia da buruz burukoan Lasorentzat, eta esan zuen irabazten badu «sekulakoa» izanen dela. Galtzen badu ere eguna «oso polita» izango dela uste du: «Irabazteko edo galtzeko prest egon behar dugu». Haren ustez, hasieran tanto «azkarrak egonen» dira, eta gero «gogortuko» da partida. Gakoa une erabakigarrien kudeaketan dagoela esan zuen.

Igandean irabaziz gero, hiru diziplinetan txapela irabazten duen bederatzigarren pilotaria izango da Ezkurdia. «Txapela lortzea egindako lanaren fruitua edo emaitza da», esan zuen arbizukoak. Bestelako txapel batez ere mintzo zen:«Jendearen maitasuna jasotzea da politena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.