Julen Azcona
ARKUPEAN

Gaztetasuna, norentzat

2022ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Gaztetasuna erlatiboa da. Batzuek, gorputzeko zimurduren arabera kontabilizatzen dute. Beste batzuek, espirituaren alaitasuna hartzen dute kontutan. Historian eta kulturan, beti irrika, nostalgia edota inbidiarekin tratatu den kontzeptua izan da. Oscar Wilderen 1891ko Dorian Grayren erretratua eleberrian edo Robert Zemeckisen 1992ko Heriotza bera bilakatu da filmean, gaztea izatea deabruarekin izandako tratuaren emaitza gaiztoa da. F. Scott Fitzgeralden 1922ko Benjamin Button ipuin motzean, berriz, helmuga idealizatua da, bizitzaren bide naturala.

LGTBI+ komunitatean, maiz esaten dugu gure gaztetasuna berantiarra dela behintzat, 1990eko hamarkadan edo lehenago jaio izan garenok; errepresioa, lotsa, barne gorrotoa eta estigma dela eta, gizarteak nerabezaroa lapurtu digula; ezin izan dugula nobio bat izan, mutilak izanda, 13 edo 15 edo 18 urterekin, gure lagunak bezala, eraso fisikoak eta irainak jasotzearen beldur; gure nortasun indibiduala ulertu, onartu, azaltzeko garaia ez zaigula iritsi hogeitapiko edo hogeitamapiko urte izan arte. Teoria honen arabera, berrogei urtetara iristen garenean, galdu dugun, lapurtu ziguten nerabezaroa berreskuratzeko obsesioa iristen zaigu. Ez gaude prest harreman serio batean murgiltzeko. Tontakeriak egin nahi ditugu, sexua izan, dibertitu, dantzatu, nahi dugun bezala jantzi.

Ideia hau polita da —triste xamarra, baina polita—, baina bere atzealde iluna ere badauka, askatasunaren izenean ardura afektibo falta legitimatu daitekeelako. Beharbada, kolektibo bezala onartu behar dugu adin bakoitzak bere izateko arrazoiak dituela, 15 urte izatea ez dela erraza inorentzat —batek itxura edo gorputz ez-normatibo bat zuelako, bestea arrazializatua zelako—, eta, agian, 30 urte izatea berdina dela guztiontzat: gizartearen begietan helduak gara, baina barrutik haur galduak garela sentitzen dugu oraindik. Edonola ere, nerabezaroak sei urte irauten du, gehienez; beraz, gaztetasun berantiarraren aitzakiak iraungitzea dauka. Esan genezake, orduan, gaztetasuna objektiboa dela? Zenbaki jakin bati dagokiola?

Administrazioan, gaztearen pertzepzioa bitxia da. Nafarroako Foru Erkidegoan, zinema eta antzerkira joateko edo garraio publikoak erabiltzeko erraztasunak jartzen dizkigute Gazte Txartelaren bitartez. Europa mailan banatzen den dokumentua da eta 30 urte bete arte funtzionatzen du. Ez da perfektua, baina Madrilgo egoera baino hobea da. Bertan bizi naiz orain, eta hemengo txartela desberdina da: 26 urte arte soilik eskaintzen da. Hortik aurrera, hor konpon. Xelebrekeria da, kontuan hartuz Estatuko hiriburuan dagoen lan prekaritatea eta bizitza kalitatea Iruñekoa baino askoz okerragoa dela. Distantziak izugarriak dira; alokairua, ezinezkoa; aisialdia, garestia; eta gazteon soldatak,ez oso onak, praktiken atzean ezkutatzen diren kontratu ezegonkorrak.

Surrealista da administratiboki erabakitzea gazteok sufritzen dugun ahultasuna 26 edota 30 urterekin bukatzen dela, horren ondoren lan finko bat dugula, ezkondu garela, hipoteka bat eta etorkizun oparo bat ditugula gure aurrean. Ez da horrela. Azken hogei urteotan gure egoera okertu egin da, eta gogoratzen dut jada 2000ko hamarkadan esaten zela gazteok ez ginela gurasoen etxetik joaten 30 urte baino gehiago bete arte. Nire belaunaldiak, Milleniall eta Gen-Z taldeen artean murgiltzen den horrek, laguntza behar du; izan ere, gazte izatea zerbait bada, ahultasunez beteriko garaia da, beste modu batera definitu eta babestu behar den zerbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.