Iñigo Martinez Peña.
ARKUPEAN

Gizonen espazioa

2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Asko hitz egiten da,azkenaldian, maskulinitate berri baten beharraz. Ez ote ditugu oraindik eredu zaharrak alde batera utzi? Batxilergoko nire ikasleek, behintzat, ez dute genero estereotipoetan aldaketa handirik ikusten… Eta, batez ere, mutilen kasuan! Horren inguruan eztabaidatzen dugu Filosofiaren Historia ikasgaian, Simone deBeauvoirren Bigarren sexua liburuaren ondorioak irakurri ondoren. Eta zer diote nerabe askok? Mutila izatea kontu nahiko homogeneoa dela: edo bazara edo ez zara. Ez dago tarteko biderik, ehuneko ehunean behar duzu izan. Are gehiago, feminitatearen edozein seinalek susmagarri bihurtzen zaitu taldearen aurrean. Eta adin horretan taldearen parte izateak bereziki garrantzitsua ematen du. Ez al zara guztiz gizon? Horrek neskato bilakatzen zaitu, zuzenean. Mutil taldeek feminitatea gorrotagarri egiten dute, jakin gabe feminitatea delako hori zer arraio ote den. Ez al dira, ordea, identifikazioak betiere galdera irekiak?

Maskulinitatearen eta feminitatearen inguruko estereotipo desberdinak proposatu izan dira garai historiko zein kultura bakoitzean. Zein da estereotipo horien eragina norberarengan? Mutila edo neska izatea, estereotipoak estereotipo, galdera gisa hartu ohi dute ikasleek: ez dago erabateko erantzunik, ez dugu sekula guztiz bat egingo modu batean edo bestean definitutako identifikazioetan. Kasuan-kasuan erantzun behar diogu identifikazioaren auziari...

«Emakumea ez da existitzen», esaten zuen Jacques Lacan psikoanalistak, modu aforistiko eta probokagarri batean: banan-banan hartu behar dira. Eta, gizonezkoak? Horiek, bere ustez, errazago diluitzen dira masa gisa. Gizon identifikazioak aniztasuna ukatzeko joera dauka: armada edo eliza hartzen zituen Freudek masa mota maskulino horien eredugarri, identifikazio homogeneoen bultzatzaile nagusi.

Nire ikasle askoren ustez, mutila izatearen kategoria gero eta pobreagoa da: adiskidetasunaren balioak lehiakortasun basatiak ordezkatu ditu eta, geratzen zaien bakarra, mutila direla erakusteko, biolentzia hutsa da: indarra adieraztea, elkarri bultza egitea, oihukatzea. Nor da hemen indartsuena?

Alabaina, espaziora joateko behintzat, emakumeek askozindar handiagoa daukatela ondorioztatu zuen 1959an egindako ikerketak. Hori izan zen W. Randolph Lovelaceren (Harvardeko unibertsitatean doktore eta medikuntza aeroespazialaren sortzailea) ikerketen ondorioa.NASAk kontratatu zuen, lehen misio espazialera arriskurik gutxieneko pertsonak bidaltzeko.Zalantza zeukaten: nor bidaliko dugu astronauta gisa espaziora? Gizon bat? Emakume bat? Eta, ikerketetan, izugarria izan zen emakumeen nagusitasun fisiko eta psikologikoa: gizonezko hautagaiek baino askoz hobeto jasan zituzten zentzumen-galera, bihotz-erresistentzia eta muturreko esperimentuetako probak. Anekdota gisa aipatzen da Alan Shepardek, astronauta historikoak, egindako froga ia guztietan sorospen-botoia sakatu behar izan zuela. Emaitzak, hala ere, ezkutatuak eta boikotatuak izan ziren urteetan zehar. AEBetako Senatuak adierazi zuen ezin zuela emakumerik onartu eginkizun horretan; ikerketei uko egin zien, eta ikerketa berriak eskatu. Azkenean, zein izan zen gizonezkoak espaziora bidaltzeko argudio nagusia? Emakumeen hilekoa. Harrigarria? Urte asko igaro ondoren, 1983an, Sally Ride izan zen astebeteko misio espaziala egin zuen lehen emakumea. Eta, bere egunerokoan, ironiaz kontatzen du ehun tanpoi sartzea beharrezkoa iruditzen ote zitzaion galdetu ziotela. Ehun tanpoi astebeterako! «Barregarria benetan gizonezkoen jakituria», idatzi zuen Ridek.

Egun, agian, beste zentzu batean, baina, berriro ere, espaziorabidali behar da gizonon homogeneotasuna, planetaren biziraupenaren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.