KRITIKA. Antzerkia

Britainiar horiek

2022ko martxoaren 30a
00:00
Entzun

'Decadencia'

Zuzendaritza: Pedro Casablanc. Antzezleak: Maru Valdivieso, Pedro Casablanc. Zuzendari laguntzailea: Laura Ortega Pinillos. Moldaketa: Benjamin Prado. Eszenografia: Sebastian Brosa. Jantziak: Antonio Belart. Argiak: Juanjo Llorens.Soinu-espazioa: Irene Maquieira. Koreografia: Aixa Guerra. Lekua: Bilboko Arriaga. Eguna: martxoak 26.

Steven Berkoff antzerkigilearen izen handiak erakarrita etorri gara Bilbora. Teatre Lluirekoek 2019an antzeztu zuten Com els grecs antzezlanak lortu zuen ospeak ere bultzatu du gure nahia. Kontua da Europako idazle famatuen lanak taularatuta ikustea zaila dela gurean, eta, horregatik, Arriagako aukera baliatu nahi izan dugu antzerkigintza britainiarrean mugarria den sortzaile baten obra ezagutzeko.

Decadencia-n bi bikote eta bizizale bat irudikatzen dituzte Casablanc eta Valdivieso aktoreek, haien jakinduria profesional guztiarekin. Isildu gabe aritzen dira haien pentsamenduak aletzen. Intimitatean elkarri esaten diotena haien ideologiaren isla bihurtu du Berkoffek, eta, horrela, goi mailako klasekoen pentsaera erakusten digu haren gordintasun osoan. Eta, horra hor, gizalegeak gustu txarrekotzat joko lituzkeen elkarrizketak, non gordinkeria sexualaren, klasismoaren, arrazismoaren, langile klasekoekiko mespretxuaren berri ematen diguten etengabe eta inongo erreparorik gabe. Finean, Decadencia pasadizo bilduma bat dugu, non aberatsak ez direnei buruzko usteak entzun dizkiegun dirudun batzuei.

Tamainako irainak aditzea gogorra bada ere, ez dago ikusleen belarrientzako atsedenik, erdeinuzko diskurtso hori abilidade linguistiko ederraz jasota baitago; eta, jakina, ez dugu dibertimendu hiperboliko honetatik ezer galdu nahi izan. Umore garratz, beltz-beltz, politikoki ez-zuzenaz osatuta datorkigu Berkoffen iseka, nazien garaietan Berlingo kabaretetan egiten zutenaren antzekoa. Estetika horretatik bertatik edaten du zuzenean Decadencia-k, bai antzezteko era histrionikoan, bai eszenografikoki. Oholtzan kolore beltza eta gorria baino ez dira ikusten; argi tira bat pizten zaigu lurrean, oholtzaren aurreko aldean, eta, atrezzo moduan, belusezko sofa erraldoi eta higikor bat dute. Horiekin batera, bi bionbo antzeko, non zakil eta alu erraldoi bana irudikatuta dauden, pertsonaien sexurako grina aseezina eta moral bikoitza agerian jartzeko.

Ezin da Berkoff ulertu Thatcherren neoliberalismo suntsitzailea eta garaiko punkaren amorrazioa kontuan hartu gabe. Erresuma Batuko 1980ko hamarkadako haserrea jasotzen du; ekonomia hankaz gora utzi, eta pribatizazioen defendatzaileak direnei burla egin nahi die. Orain eta hemen idatzita egon zitekeen. Baina, boteretsuen izaera nazioartekoa izanda ere, oholtzaratzea oso britainiarra suertatu zait hainbat pasartetan, eta horrek, nire ustez, tarteka-marteka, ausardia kendu dio proposamenari. Testuaren egokitzapen lana primerakoa izan den arren, Berkoff gureganatuago bat espero genuen. Gogoan dut, esaterako, azerien ehizaz ikusitakoa: jantziak britaniarrak ziren oso eta eszena guztiz atzerritarra egin zitzaigun. Nik nahiago izango nukeen beste Berkoff bat, nazioartekoagoa; bestela ematen du, nire irudiko, topikoaren gainean egiten dugula barre, eta hori ez zen kontua. Ala bai?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.