Sorginaren irudia atzo eta gaur

Uharte Zentroko erakusketa batean aztertu dute sorginen mitoak historian izan duen bilakaera

Beranger Laymond, Bernard Hausseguy eta Maia Villot artisten proiektua da Emen Hetan Witchy Bitchy Ding Dong It's Sabbat Time erakusketa. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
Uharte
2019ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
XV. eta XVIII. mendeen artean, Elizak eta estatuek bultzatuta, milaka emakume hil zituzten Europan eta Ameriketan, sorginak izatea egotzita. Emakumeak kontrolatzeko eta zapaltzeko sortu zuten sorginaren ideia, eta arriskutsutzat jotzen zituzten andreak urkatu edo erre egiten zituzten. Urte asko igaro dira ordutik, baina sorginaren irudiak zama sinboliko handia du oraindik ere. Bernard Hausseguy, Beranger Laymond eta Maia Villot artistek erakusketa batean aztertu dute, hain zuzen, sorginaren mitoak historian izan duen bilakaera. Emen Hetan Witchy Bitchy Ding Dong It's Sabbat Time izena jarri diote proiektuari, eta Uharte Arte Garaikidearen Zentroan (Nafarroa) jarri dute ikusgai, maiatzaren 5era arte.

Proiektuak orain dela bi urte du jatorria. Hausseguyk eta Berangerrek Ipar Euskal Herriko sorgin ehiza aztertu zuten Akelarre 1906 proiektuan. Ikerketari jarraipena emateko, Villotekin elkartu eta egonaldi bat egin zuten, Baionako Coop elkarteak, Azalak espazioak eta Uharte Zentroak bultzatuta, eta azkeneko horretan ikus daiteke orain emaitza. Artista bakoitzak bere ikuspuntutik jorratu du gaia, baina lotura argia dago hiruren lanen artean.

Laymondek abiapuntutzat hartu du Pierre de Lancre inkisidore frantziarrak XVII. mendean Ipar Euskal Herrian eragin zuen kaosa. De Lancrek sorgin ehiza agindu zuen 1609an, Lapurdin, eta herritar asko torturatu zituen, deabruaren deskripzio fisikoa lortu nahian. «Horrekin obsesionatuta zegoen», Laymondek azaldu duenez. «De Lancrek bultzatutako inkisizioa denboran luzatu zen; eragin handia izan zuen gizartean, eta sorginaren eta deabruaren iruditeria bat sortu zuen». De Lancreren obsesio izandako sinboloak irudikatu ditu artistak, inkisidorearen hilerri moduko bat osatuz.

Hausseguyk, berriz, gizakiaren eta haren beldurren arteko harremana aztertu du, eta sorginaren irudiaren irakurketa berritu bat proposatu. Publizitateak zabaltzen dituen imajinei begiratuz,gaur sorginaren ideiarekin lotura izan dezaketen emakumeen irudiak islatu ditu artelanetan. «Egun, hegazkineko laguntzaileek eta eguraldia ematen duten neskek, adibidez, orduko sorginen izaera arriskutsua izan dezakete, toki batetik bestera garraiatzeko gaitasuna dutelako eta eguraldia asma dezaketelako», adierazi du artistak. Muralak eta marrazkiak egin ditu, eta santutegi bat irudikatu du horiekin. Ikus-entzunezko pieza batekin osatu du lana.

Villotek sorginaren eta femme fatale-aren irudiaren arteko erlazioa proposatu du, biek lotura baitute emakume boteretsu baina arriskutsuaren ideiarekin, haren irudiko. Oihal handiak jarri ditu, argazkiekin, eta horietan eskuak ikus daitezke, higa-ren keinua egiten. «Babeserako sinbolo bat da hori, amuleto bat, eta sorginkeriaren inguruko unibertsoan presente egon da», azaldu du Villotek. Sorginaren irudia emakume ahaldundu eta subertsiboarekin lotu du.

Sorginaren mitoak historian izan duen bilakaera berraztertzeaz gain, proiektuak berraztertzen ditu, halaber, historian arauetatik aldentzen diren pertsonen kontra erabili izan diren errepresio sistemeak ere. «Erdi Aroan, sistema hegemonikoaren aurka zihoan guztiaren aurka egiten zuten, eta gaur egun ere gauza bera egiten jarraitzen dute; aldatu den gauza bakarra menperatze metodoak dira», adierazi du Hausseguyk.

Isilarazitako historia

Sorgin ehizaren gaia landu duten egileen idatziek eragin handia izan dute hiru artisten lanean; Silvia Federiciren Caliban eta sorgina liburuak, bereziki. Adierazi dutenez, sorgintzat jotzen zituzten emakumeen kontrako errepresioaren gaia «isilarazia» izan da urteetan, baina azkenaldian argitara ateratzen ari da, batik bat feminismoaren bultzadaz. Haiek ere beren harri koskorra jarri nahi dute historiaren zati ilun hori argitara ateratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.