Max Romeo Donostian ariko da, Revolution Jam Rock jaialdian

Hilaren 18an eta 19an egingo dute reggae eta hip-hop festibala, Euskal Herriko zein nazioarteko musikariekin. Disko bat ere aurkeztuko dute

Jaialdiaren antolatzaileak eta parte hartzaileetako batzuk, atzo, Donostian egindako aurkezpenean. DONOSTIA KULTURA.
Erredakzioa
Donostia
2019ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Zortzigarren urtez, reggae eta hip-hop doinuak izango dira protagonista Donostian, Revolution Jam Rock festibalean. Euskal Herriko eta nazioarteko dozena bat artista bilduko ditu jaialdiak hilaren 18an eta 19an, tartean reggaearen mitotzat jotzen den Max Romeo jamaikarra. Xana Romeo alabarekin eta Charmax Band taldearekin ariko da zuzenean, 19an. Lehen aldiz, ohiko egoitza aldatuko du festibalak, Gazteszenatik Intxaurrondoko kultur etxera jauzi egingo baitu. Baina ez da aurtengo berrikuntza bakarra izango. Disko bat ere aurkeztuko dute, eta horretan nazioarteko hainbat artistak parte hartu dute; besteak beste, General Levy musikari ingelesak. Youth Riddim izenburupean, Revolutionary Brothersek ekoitzi du binilozko lana, eta bostehun kopiako bildumazaleentzako edizio berezia prestatu dute, jaialdiaren karietara egina.

Hain zuzen, General Levy oholtzan izango da jaialdiaren lehen egunean, diskoa ez ezik Donostian grabatu duen bideoklip berria aurkezten. Egun berean, Euskal Herriko abeslari eta DJak ere ariko dira, hala nola Bojaman and Grompy, Bass Herri Sound System eta Revolutionary Brothers.

Hurrengo egunean izango da Max Romeo eta haren taldekideak entzuteko aukera. Egun berean, Tracy de Sa Frantzian bizi den artista indiarra, Mastilla musikari italiar gaztea, eta Iruñeko Elsa K. Bless eta Herriko Kings Sound DJa ariko dira. Baita Euskal Herriko abeslari gehiago ere, hala nola Eira, Gustab eta Ras Lujah; kanta berriak aurkeztuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.