Omako basoaren erreplika bat egingo dute inguruan, pinuak hiltzen ari direlako

Gaur egun dagoen lekutik gertu egin nahi dute baso berria. Agustin Ibarrolaren senideen eta adituen batzorde baten onespena jaso dute

Agustin Ibarrolak 1983. eta 1991. urteen artean ondu zituen Omako zuhaitzetako margolanak. JON HERNAEZ / FOKU.
Inigo Astiz
2020ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Agustin Ibarrola artistak Omako basoan egindako margolanen iraunkortasuna bermatu nahi du Bizkaiko Foru Aldundiak. Hiltzen ari dira bertako pinuak, zaharrak direlako edo xingola marroiaren gaitzak erasan dielako. Horregatik, erreplika bat egin nahi dute. Omako basoaren ondoan dagoen beste baso batean egingo dituzte margolanen erreplikak. Proiektuak jaso du Ibarrola familiaren onespena, eta adituen batzorde batek ere ontzat jo du asmoa. Esku artean darabilten ideiaren arabera, egungo basoari dagokionez, zabalik mantenduko dituzte zuhaitz erorketarik izateko arriskurik ez duten guneak, eta, aldiz, itxi egingo dituzte erorketak izan ditzaketenak. Espezie autoktonoekin birpopulatuko dituzte eremu horiek. Ez dute aipatu inolako denbora eperik.

Oraindik ez dute baso berriaren kokapena zehaztu, baina egungoaren ondoan egongo dela baieztatu dute aldundiko arduradunek. Horrez gainera, kontuan hartuko dituzte margolanak hartuko dituzten zuhaitz motak eta haien adinak. Bisitarientzako irisgarria izango den leku bat dute buruan, bestalde, eta jarduerak ingurumenarekin, orokorrean, eta zehazki Urdaibaiko erreserbarekin errespetutsua izan beharko duela ere nabarmendu dute.

Adituen batzordea

«Arte bizia, definizioz, arte iragankorra da. Agustin Ibarrolak bazekien hori, eta honela onartu zuen proiektua hasi zuenean», onartu du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak. Haren hitzetan, horregatik, aldundiak egindako «lan onaren froga da» Ibarrolaren artelanak 20 urte iraun izana. «Guretzat, Oma Bizkaiko sinbolo bat da». Agustin Ibarrolaren senideekin eta proiektuari oniritzia eman dion adituen taldeko kideekin egin du aurkezpena ahaldun nagusiak. Sendiaz gainera, lau kide izan ditu, zehazki, batzordeak: Fernando Bazeta EHUko irakasle eta Ibarrolaren obran aditua, Javier Riaño pintorea, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria eta Lucia Agirre Guggenheim museoko arte arduraduna. Hainbat teknikariren laguntza ere izan dute.

Eroritako zuhaitzak eta erortzeko arriskuan direnak apartatzea da aldundiaren asmoa, eta, zehaztu dutenez, babestu egin nahi lituzkete horiek ere. Oraingoz, ordea, ez dute horretarako metodo egokirik topatu. Rementeriak azaldu duenez, ingurumenarekikoa baita haien konpromisoa. «Basoak baso izaten jarraitu behar du». Zabalik utzi du, gainera, eremu birpopulatuetan, etorkizunean, berriz ere Ibarrolaren margolanak erreproduzitzeko aukera.

1983-1991 bitartean margotu zituen Urdaibaiko naturgunean dagoen Kortezubi herriko Oma basoko zuhaitzak Ibarrolak, eta, geroztik, behin baino gehiagotan zaharberritu behar izan dute artelana. Joan den udaberritik itxita dago basoa, adibidez, zenbait zuhaitzen narriadurak dakarren arriskuagatik. 61 multzo artistiko ditu, guztira, obrak, eta margotutako 500 zuhaitz inguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.